Zuzenean

Elkarrizketa
Tomas Lizarazu
Bulego taldeko abeslaria

«Publikoaren aurrean gertatzen denetik harago badaude une ederrak»

2020an agertu zen eszenera Bulego talde azkoitiarra. Pop komertziala egiten dutela diote eta horren inguruko estetika eta produktuak sortzen dabiltza etenik gabe. Argi ikusi dugu ‘Gure bizitzako lehen bira’ disko-liburuan eta dokumentalean, eta hala kontatu digu Tomas Lizarazuk ere. 

Audio_placeholder

«Publikoaren aurrean gertatzen denetik harago badaude une ederrak»

Loading player...
Estetika oso zaindua du Bulego taldeak bai oholtzan eta baita oholtzatik kanpo ere.
Estetika oso zaindua du Bulego taldeak bai oholtzan eta baita oholtzatik kanpo ere. (Barbara FERNANDEZ)

Egun on, zer moduz zaude?

Bada oso ondo, gogotsu plazetara joan, oholtzetara igo eta publikoarekin konektatzeko. Hiru hilabetez edo geldirik egon ginen, eta nork esango zigun duela bi urte faltan botako genuela hau guztia! Bi urte frenetiko izan dira eta gogotsu ginen geldialdi honen ostean oholtzara itzultzeko.

Dokumentala ikusi berritan, lehen galdera hau da: zein toki agertzen dira?

Ez genuen zuzeneko disko soil bat eskaini nahi, produktu borobil bat eskaini nahi genuen. Ez da ohikoa Bulegorekin gertatu dena, talde gazte bat eta bi urteko ibilbidearekin, horietako bat pandemian, eta bat batean Bilboko Abandoibarran, EHZn, BBK Liven edota Sonoraman jotzen ari ginen. Hori guztia barrutik nola bizi izan dugun erakutsi nahi izan dugu eta horretarako sortu genituen liburuxka eta dokumentala.

Aipatu izan dugu pandemiak beste formatu batzuk eta probatzea ekarri zuela. Joseba Razquinek dokumentalean aipatzen du areto eta gaztetxeak bota dituzuela faltan, baina horiek ere zapaldu dituzue.

Espainiar estatuan, Galizian eta Herrialde Katalanetan ibili ginen halako bira bat egiten eta ‘Nortasuna eta jarrera’ kontzertu sorta prestatu genuen gero. Pandemian zinemetan, antzokietan, eserita eta maskarekin ibili ginen asko eta hortik plaza handietara egin genuen salto, nahiko martzianoa zen hori. Gaztetxe eta aretoen pausua saltatu genuen eta gu izatez hortik gatoz, beste proiektuekin areto txiki eta gune autogestionatuetan asko jo dugulako.

Hortaz, Bulegorekin nahi genuen horren parte sentitu, horiek gabe euskal musika ez litzatekeelako ezer izango, eta hori eskertzeaz batera publikoaren berotasun hori ere sentitu nahi genuen. Izan ere, gaztetxeetan gauza oso berezi bat ematen da: teknikaria, afaria egin duena edota gaztetxeko kideekin afaltzen duzu eta berotasun hori jasotzen duzu. Oholtza handiek gauza ederrak badituzte, baina esaterako goxotasun hori galdu egiten da, ez dakizun toki bateko cateringa eta halakoak izaten direlako.

A zer nolako betekadak eman dituzuen batean eta bestean, gainera.

Ezjakintasuna genuen horren inguruan, salto egiteak halako segurtasun falta bat sortzen zigun. Pop musika eta, gaizki eta azkar esanda, komertziala edo entzuteko erreza egiten dugu, batez ere irratietan hori entzuten delako gure kantuetatik, eta ez genekien gaztetxeko testuinguru batean funtzionatuko ote zuen. Eta, egia esan, flipatzekoa izan da, jendeak beso zabalik hartu gintuen eta bete egiten zen guztia. Orioko gaztetxekoarekin badut oroitzapen berezia, lehenengoa izan zelako eta gertu geneukalako, eta lehenengotik aretoa sarrerarik gabe geratzea, izan zen halako errekonozimendu bat.

«Gaztetxeak gabe euskal musika ez litzateke ezer izango eta, hori eskertzeaz batera, bertan izaten den berotasun hori ere sentitu nahi genuen»

Egun gaztetxeak zabalduta daude proposamen gehienetara eta zuek, akaso, eraman duzue publiko bat bestela hurbilduko ez zena. Gerturatze lan hori garrantzitsua da ekosistema mantentzeko.

Dudarik gabe, eta Baionako gaztetxeko kide batek gauza bera esan zigun. Emanaldiaren ostean etorri zen gugana eta esan zigun beretzat oso polita izan zela gaztetxean bertan ohikoa ez zen jendea ikustea. Guk ez genuen ezer berezirik egin, bertara joan, jo eta kitto. Baina oso polita izan zen hori ikustea, gaztetxeko lana eta giroa jende gehiagorentzat zabaltzea onuragarria delako denontzat.

Gakoa non dago, lanaz gainera, sinistean edota momentu egokia parean tokatzean?

Jendearengana iristearen edo arrakastaren inguruan, faktore asko daude eta kontrolaezina da. Atzera edo etorkizunera begira, interpreta daiteke zer gertatu den, baina kontrolpean ez dauden gauzak daude tartean. Guk zer nahi genuen eta nora joan nahi genuen bagenekien eta lan asko egin dugu bide horretan. Joseba ekarriko dut berriz ere hona, berarekin eztabaidatu izan dudalako halako gauzez, nahiz eta egun gerturatu dugun ikuspegia. Josebak esaten zuen lana dela arrakastaren zati bat, baina nik esate nion zortea ere hor dagoela.

Pandemiak, esaterako, talde batzuei kalte handia egin die, En Tol Sarmiento kasu, bira hastear zela eta diskoa kaleratuta, dena bertan behera utzi behar izan zutelako. Akaso nahastuta nago e? Baina horrela ikusten dut nik. Eta guri, berriz, ez dakit on egin zigun edota tortillari buelta ematen jakin genuen egoera zail hori gure alde jartzeko. Gauzak etorri egiten dira eta horregatik zaila egiten zait erantzun bat ematea. Gure filosofia da dena emango dugula eta guztiaren bila goazela, hau delako gogoko duguna, hortaz, zorteak eta bizitzak uzten digun bitartean, hau egiten segiko dugu.

(Bárbara FERNÁNDEZ)

Esaten nuen momentua bera mesede izan duzuelako, musikalki, popak eta elektronikak plazak hartu dituelako eta mezu lurtar eta positiboek ere zabalkundea izan dutelako.

Gaur egun Euskal Herrian urrezko aro bat bizitzen ari garela uste dut. Musikan aurreiritzi asko egon dira Euskal Herrian eta gogorrak izan gara proposamen berriekin; gogorrak baino, itxi samarrak gauza berriak entzun eta bide berriak irekitzeko. Azken urte hauetakoa nolabaiteko eztanda bat izan da eta hori posible da aurretik gauden tokira iristeko borrokan ibili izan diren taldeak badaudelako. Bulego aipatzean popa egiten aitzindari bezala jarri izan gaituzte, baina errealitatetik oso urrun dago hori, aurretik Itoiz, Ken Zazpi edo Bide Ertzean bezalako talderik ez balitz egon ez ginateke hemen egongo, haiei esker gaude gu hemen. Batzuk akaso garaiarekin ez dute zorte askorik izan, baina lan hori egin dutenei esker gaude orain halako ekosistema musikal eder baten aurrean.

Kantuetan konpromiso politiko edo sozialik akaso ez du askok ikusiko, baina Hatortxu Rocken emandako diskurtsoa buruan dut.

Mezua ematea halako tokietan garrantzitsua dela uste dut. Bulegok jende askoren aurrean jotzeko aukera ematen du eta publikoaren maitasuna eskuratzen duzu. Baina jende askoren aurrean jarri eta abestearen ardura ere badago, eta nik sentitzen dut hori. Publikoaren aurrean hitz egiterakoan oholtza bada aldarrikapenerako eta pentsatzen duguna beldurrik gabe esateko aterpe. Hatortxu bezalako guneek, musikatik harago eta ondo pasatzetik harago, aldarrikapenerako tartea ematen dute eta, ez da derrigorra, baina guri gustatzen zaigu erabiltzea.

Taldekide aldaketak ikusi genituen bertan. Xabi Arrietak dokumentalean dio bizi estiloa bihurtu dela Bulego eta batzuk ezin izan dute hor segi, Jontxu Axpek eta Itzi Beitiak.

Oso pozik gaude taldekide berriekin. ‘Ge’ Zestoako musikari aparta da, hamasei bat urte genituela ezagutu nuen kontzertu makarra batzuetan eta ederra da gurekin izatea. Iban ere gurekin izango da teklak jotzen uda honetan eta hori nabarmentzekoa da, sari polita guretzat. Baina atzean dago Igor, soinu teknikaria hasieratik eta aipatu nahi nuke.

Horri gehitu behar zaio Joel Cresporen fitxaketa, argi teknikaria bera. Izal, Morgan, Arde Bogota edota Fuel Fandangoren argi diseinu eta teknika egin izan du, aspalditik dugu harremana berarekin eta elkarlanean ari gara. Berak egin du argi diseinu berria eta espaziontzi batean izango gara uda honetako beran. Apustu handiena hau izan da uda honetarako. Baina Pablo ere izango da backliner bezala eta hamabi edo izango gara kontzertu bakoitzean, gu pribilegiatu sentiarazten gaituen lan talde potente bat.

«Aurreiritzi asko egon dira Euskal Herrian, itxi samarrak izan gara bide berriak irekitzeko. Azken urte hauetakoa nolabaiteko eztanda izan da»

Kontzertu aurreko unea ikusi dugu dokumentalean, entrenatzaile edo «coach» papera hartzen duzu. Mezua interesgarria da, disfrutatu baina lanera gatoz; ez erotu eta disfrutatu, baina zentra gaitezen.

Nire buruari esaten dizkiodan gauzak dira kanpora esaten ditudanak ere, aurretik aipatu dugun ardura horrekin lotuta. Udaletxe batek kontratatzen zaituenean, gaztetxe batek deitzen zaitunean edota jendeak sarrera ordaintzen duenean, dana eman behar dugu jendeak goza dezan eta disfruta dezan, nahiz eta guk ere disfrutatzen dugun.

Batzuetan hori da diodana, baina beste batzuetan bestelako mezu bat ere izan daiteke. Polita izaten da kontzertu aurretik elkartzeko momentu hori eta hori erakustea ere nahi genuen, publikoaren aurrean gertatzen denetik harago ere badaudelako une eder horiek guztiak.

Ederrak bai, baina une gogorrak ere izango ziren, batez ere behar bezala probatu ez eta halakoak gertatzen direlako, eta ardura hori areagotu egiten delako horietan.

Bereziki festibaletan dena nahiko eroa izaten da, baina ez daukagu kexatzeko tarte gehiegi ere. Egia da ez dela ondo pasatzen behar bezala probatu gabe jendaurrera zoazenean, baina oholtza batera goaz guk gehien nahi duguna egitera, musika egitera, hortaz pribilegiatu batzuk gara eta hor zentratzen gara, ez gaude kexatzeko. Soinu proba txar bat egin denean, egun txar bat duzunean edota publikoa hotz dagoenean, hori buruan izan behar dugu. Gogoan dut Andoaingo gaztetxean bost lagunentzat jota gaudela, eta orain publikoa zain, jendea abesten, kantak ikasita eta abar ikustea, sekulakoa da.

Zuzeneko zati batean publikoaren interakzioa Freddy Mercuryren estiloan ere egin duzu. Estetikari erreparatuz, zenbat aldiz konparatu zaituzte?

Askorik ez baina bai, esan izan didate, edota Joelek Super Mario deitu izan dit biboteagatik. Itxurari garrantzia handia eman diogu hasieratik eta bibotearekin ama gustura ez dagoen arren, eutsi egingo diot oraindik.

Diskoaren azala eta kontrazala begiratuta, Wembleyko momentua etortzen da burura.

Askotan esaten nabil, baina pribilegiatuak gara eta irudi horiek guk bizi izan duguna erakusten dute. Ez genuen sinisten hein batean gu ikustera etorri zirenik hainbeste pertsona, gurekin abestera, eta ahots horiek gurekin daudela ikustea sekulakoa da, oso ederra da, eta zorte handia, edonork ezin baitu hori bizi duenik esan.

«Oholtza batera goaz guk gehien nahi duguna egitera, musika egitera, hortaz pribilegiatu batzuk gara eta hor zentratzen gara, ez gaude kexatzeko»

Sorkuntzara emana zaude oraintxe, zein momentutan zaude.

Aurtengo udako bira zerbait berria eta desberdina izatea nahi genuen. Koxka bat igo nahi genuen guztia, puntu batetik gora ez da erreza izaten eta oso fin ibili behar da hori nabaritzeko. Lan handia egin dugu eta Durangon eta Oiartzunen, bi aretotan egin dugu proba ikusteko zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Berria izango da ikusten duenarentzat, kantu berririk gabe bira berri bat eskaini ahal izateko, argi diseinuaz gainera, lehenengoz eszenografia ere izango dugulako eta hori jendeak ikusiko du, espaziontzi hori.

Kantu berriren bat ere akaso entzungo da, baina ez dut askorik aurreratu nahi. Ane Lizarralde gure sare sozialen arduradunak esaten duen bezala, oso Tauro naizelako, buruarekin jokatzen dut asko. Hortik aparte, kantu berriak sortuz ibiltzen naiz, lanean, inspirazio momentuak horrela etortzen direlako. Konposatzen konstantzia da nire bidea eta burubelarri nabil horretan.

Aitatasunak izan du eraginik guzti honetan?

Nire bizitzako proiekturik potenteena da eta guztian eragin du. Iazko urtea bezalakorik ez dut uste berriz biziko dudanik, aldaketa urtea izan zen. Bulegoren bira, Finlandiarako bisita eta aita izatea ere bai, aldaketa oso handia da. Ederra izaten ari den esperientzia eta bizipen oso ederrak ekartzen dizkidana. Nola ez du bada eragingo ume baten jaiotzak? Eragiten du bizitzan, konposaketan eta baita harremanetan ere.

Kanpoan izan zarete, euskara hutsean abesten duzue, eta horren aldeko aldarria ere askotan egiten duzue. Zuzenekoan euskarari egindako azpimarra nabarmena izan zen.

Ardurei buruz hitz egin dugu eta euskaldun bezala badugu ardura gure hizkuntzarekiko, sortzaile bezala baina baita norbanako bezala ere. Altxor bat dugu eskuartean. Kanpora joan izan garenean, elkarrizketetan askotan galdetu digute oraindik ere ea euskaraz zergatik abesten dugun. Hiperglobalizatuta dagoen gizartean gaur Japoniako talde baten disko bat atera orduko Azkoitiko zure logelatik entzun dezakezu, badirudi denak hizkuntza berera joan behar duela arrakasta izateko. Ez gara kontziente gure karta dela, eremu txiki bateko hizkuntza bat dugula, ez dakigula ziur nondik datorren, errepresio asko jasan eta arbasoen esfortzuari esker mantendu dena eta hori da gure elementu diferentziagarri bat. Eta ez naiz sorkuntzaz soilik ari.

Gaurko Tomasi asko kostako zitzaion beste hizkuntza batean abestea, eta naturala euskara da, baina hautu politikoa ere bada, euskara kulturaren bidez mantentzea garrantzitsua delako eta euskaraz gauza handiak egin daitezkeelako: handian pentsatzen dugu eta duinak diren gauzak egiten ditugula uste dugu. Ez dakit gu izango garen bide hori zabalduko dugunak, baina uste dut handi egiten gaituela euskarak, munduari begira jartzeko harro egoteko moduko altxor bat dugula eta jendea horren kontziente egitea ere garrantzitsua da. Bilboko Aste Nagusian, festibaletan ordutegi onak izateak edota toki handiak euskal taldeek betetzea oso garrantzitsua dela uste dut, euskarak gu ere handi egiten gaituelako.

Birari amaiera Bilboko Kafe Antzokian emango diozue, urrian bukaera.

Hasieratik izan da berezia. Gurea bezalako talde bat, hirugarren urtean gaudela, Kafe Antzokian behin izanda gaude, euskal kulturaren tenplu bat da guretzat eta hilabete batzuk eta gero sarrera denak saldu ziren. Oraingoan sarrerak saltzen jarri eta urriaren 20ko datako sarrerak azkar saldu ziren, ez genuen halakorik espero, eta bigarren data bat hartu genuen urriaren 19rako; horretarako badaude oraindik sarrera batzuk. Nik uste berezia izango dela, eta ederra, bira hor bukatzea.

Datozen egunetan, abuztuaren 16an Donostiako Saguesen izango gara, 19an Zarautzen eta 20an Sitgesen.

Izan dadila uda polita eta gozatu.

Mila esker zuri elkarrizketa eder hauek egitearren eta irakuleari ere bai, hor egoteagatik. Besarkada bat.

Jaurlaritza Logoa