En direct
Elena Setien musikari donostiarraren ‘Such a drag’ abestia da aste honetan Iker Bárbarak ‘Zarata’ tartera ekarri duen lehendabizikoa. «Esperimentazioan sartu da buru-belarri Setien eta musika ilunagoa sortu du. Publiko orokorrarentzat ez da musika erraza, baina interesgarria da benetan. Urtarrilean etorriko da ‘Unfamiliar minds’ diskoa eta ziur aurreratuko dituela kantu gehiago ere», kontatu digu kazetari bilbotarrak.
Chico Roto proiektua sorpresaz agertu dela esan digu Iker Bárbarak: «Raparen bueltan dabil baina zuzenekoetan banda eramaten duen artista da. Moises no Duerme eta Jon Celestino daude kantuaren ekoizpenaren atzean; benetan interesgarria da hiruen artean sortu dena. Normalean, pop eta rockaren inguruan aritzen gara hizketan Nafarroako proiekturen bat ekartzen dugunean tarte honetara, baina halako gauzak ere egiten dira eta kontatu behar ditugu».
Jokin Salaverria musikaria aurkitzen da, berriz, Sotomonte proiektuaren atzean. Atzerrian zein Euskal Herrian hainbat proiektutan hartu du parte eta kontzertuak antolatzen ere aritu da Bárbarak aipatu digunez: «George Harrisonek sortutako ‘Concerts for Bangladesh’ deituriko ekimenaren parte izan zen, Euskal Herrian eta Madrilen kontzertuak antolatuz horren baitan. Orain bere proiektuarekin dator ‘From prayer to the battlefield’ diskoarekin». Psikodelia eta 70. hamarkadako rockaren izpiritua gordetzen dituen proiektua ezbairik gabe.
Azken erreferentziak Japonia ekartzen digu nahi gabe ere burura, Visoki Napon baita taldearen izena. «Bikoa dira eta Jon Fernandez dago tartean, Standstill eta Nazca taldeetan aritutako kidea. Oraingoan esperimentaziorako tartea hartu dute, baina rockaren bueltan sortutako kantu interesgarriak dira hauek egin dituztenak», kontatu digu Bárbarak.
Hauxe da, beraz, aste honetarako osatu duen zerrenda:
– Elena Setien - Such a drag
– Chico Roto - Despreocupao
– Sotomonte - For what is done in darkness
– Visoki Napon - ¡Vuelven las horas!