Zuzenean

Rocka, rapa eta ska doinuak ekarri ditu Iker Bárbarak ‘Zarata’ tartera

Lau proposamen guztiz desberdin eta lauak Bizkaia aldetik luzatu dizkigu aste honetarako Iker Bárbara kazetari bilbotarrak.

Audio_placeholder

Rocka, rapa eta ska doinuak ekarri ditu Iker Bárbarak ‘Zarata’ tartera

Loading player...
Dula 25 urte Bakion sortutako Akatz taldeak lan berria kaleratuko du urriaren 31n.
Dula 25 urte Bakion sortutako Akatz taldeak lan berria kaleratuko du urriaren 31n.

Musikaren errota martxa polita hartzen ari da azken egunotan. Areto txikiak zabalik, gaztetxeak programatzen, gehieneko edukierak berreskuratuz, zutik gozatzeko aukera… Iker Bárbarak ere antzerako gogoeta egin du: «Kontzertuak martxan dira, Kafe Antzokia bezalako toki esanguratsuak berriz ere irekita daude eta gu pozik. Anestesiak, esaterako, data lotuta omen du Kafe Antzokian eta, haiekin jarraituz, abenduaren 11n, Gasteizko Iradier Arenan izango dira Soziedad Alkoholika, Angelus Apatrida eta Proudz'ekin batera Anestesiakoak.

Aste honetan ekarri digun lehen erreferentziak Iker Bárbara bera ere sorpresan harrapatu du. «Askotan uste duzu talde baten bilaka hasten zarenean azken lana aspaldi atera duela eta dagoeneko desagertu direla. Baina, kasu honetan, Marmol taldekoek azken diskoa duela gutxi atera zutela ikusi nuen eta ibilbide nahikoa luzea dutela, punkientzako popa edota modernoentzako punka egiten dutela esaten dute ‘Declaración Total de Guerra’ deiturikoan. Diskoaren ardatza merkataritza harremanei kontra egin eta laguntasunaren alde egitea dela adierazi dute», aipatu digu kazetari bilbotarrak.

Uger taldea 2016an sortu zen Bilbon eta hirugarren diskoaren aurrerapen kantua, ‘Xedea eta fedea’ ekarri du Ikerrek ‘Zarata’ tartera: «Indartsua da eta doinu interesgarriak ditu ekarri duten aurrerapen kantuak. Talde asko isilik egotera behartu dira eta bat-batean, bi urte eta gero, aurrerapen kantu honek sorpresan harrapatu gaitu. Riff indartsu bat hartu oinarri moduan eta hori bueltaka erabili dute kantu honetan. Historian abesti izugarriak daude halako estiloan, eta hauek horri heldu diote. Eskertzekoa da halako proposamen desberdin bat, musikaren magia hor baitago, aniztasunean».

Sinua eta Itsuak osatutako bikoak ateratako lana aipatu du hirugarren tokian Bárbarak: «Itsua rap munduan dabilen durangarra da eta ezaguna zaigu. Bada, badirudi Sinuarekin elkartu zela duela urte batzuk eta orain elkarlanean diskoa egin dutela, aste honetan bertan etorriko da bigarren aurrerapen kantua. Sinua nor den galdetuko du askok. ‘Follow the party’ DJ jaian speaker lanetan aritzen den bilbotarra da bera. Angolan du jatorria Sinuak eta, hartara, Itsuarekin egingo duen diskoari ‘Alma negra’ eman diote izena. Nagusiki rap doinuak izango dituen arren, soula eta funkya bezalako estiloak ere landu dituzte. Lehendabiziko abestian, ‘Rap’ deiturikoan, bere curriculum moduko bat luzatu digu Sinuak».

Ibilbide luzeko taldea da azken tokian ekarri diguna, Akatz taldea. «Mitikoak direla esan dezakegu, 25 urte daramatzan taldea delako, beren estiloari eutsiz eta talde handia izatearen zailtasunarekin. Urriaren 31n kaleratuko dute beren disko berria ‘Yuyu’ deiturikoa, ska eta reggae doinuetan. Uda, reggaea eta hondartza uztartzeko, Bakioko taldea direla esango dugu», bukatu du Bárbarak.

Hauexek dira aste honetarako aukeratu dituen lau abestiak:

– Marmol - Quieren tu sangre

– Uger - Xedea eta fedea

– Sinua eta Itsua - Rap

– Akatz - La misión