Zuzenean

Peru Atxa

Soinu berezia duten lau proiektu aurkeztu dizkigu Iker Bárbarak

MusikHaria saioko asteroko tartera lau berrikuntza ekarri dizkigu aste honetan Iker Bárbarak. Denetariko doinuak luzatu dizkigu aste honetan Zarata MondoSonoroko zuzendariak.

Audio_placeholder

Soinu berezia duten lau proiektu aurkeztu dizkigu Iker Bárbarak

Loading player...
Duluth taldeak aste honetan bertan kaleratuko du disko berria.
Duluth taldeak aste honetan bertan kaleratuko du disko berria. (Laura AGUIRRE)

Aurreko asteetan talde nafarren proiektu berriak ekarri ondoren, oraingoan, beste alde batetik jo du kazetari bizkaitarrak. Horrez gainera, Nafarroan ospatzen den Ribera Sound jaialdiaren aurtengo edizioa «sorpresa bat» izan dela azpimarratu du. Harrera ona izaten duen eta oso adierazgarria den jaialdi honek, aurtengo jaialdian parte hartuko duten artista batzuen izenak argitaratu ditu, guztiak emakumeak: «Duela urte batzuk emakumeekin soilik jaialdi bat antolatzea oso zaila izango zen, oraingoan gehienak nafarrak dira eta kalitate altuko eskaintzarekin, gainera».

Tartera ekarri digun lehenengo proposamena 2017an jaiotako Duluth talde gasteiztarra izan da: «Talde honekin lehenengo kontaktua emailez izan nuen, izenaren erreferentzia izan nuen bakarrik eta beren musika entzuterakoan, harritu egin nintzen. Pop eta rock alternatibo estiloak nahasten dituen taldea da eta beren abestiak lasaiak eta atseginak direla esango nuke. Bestalde, gitarra eta bateria instrumentuen erritmoak, jazz estilora jotzeko joera ere badute tarteka. 2018an kaleratu zuen taldeak beren lehenengo diskoa, ‘El Lustro y la Polilla’ izenekoa eta aste honetan, bigarren diskoa kaleratuko dute, jadanik argitaratuta dagoen ‘Alicia’ lehen aurrerapen abestiarekin kontatu digute hori. Kanta hau bideoklip batek lagundu du eta ikus-entzunezko lan honek, pelikula baten trataera duela aipagarria dela iruditzen zait».

Peru Galbete bakarlariaren lan berria izan da bigarren proposamena: «‘Beiratu’ izena duen laugarren diskoaren bigarren aurrerapen abestia kaleratu du Peruk, ‘Ura’ izenarekin. Bere informazioa jasotzen ibili naizenean, aurkezpenean jarritako esaldiak asko harritu nau: «Txikitan kantatzen nuen, gero ez, 2012an egindako bide luze baten ondoren geldirik egoteko beharra sentitu nuen». Esaldi honekin antzeman dezakegu artistak musikarekin duen harremana nondik datorren. Batzuentzat bidaia bat edota bide bat egiten dutenean, argazkiak edo testuak geratzen dira, beste batzuentzat, berriz, disko bat izaten da eta honen adibide garbi bat da Galbeteren ‘Voces de la Selva’ lana. Artista honek instrumentu guztiak grabatzen ditu, eta, pertsona batek sormen prozesuan instrumentu guztien doinuak egitean, unibertso pertsonal bat sortzen du, oso interesgarria izaten da».

Uger taldearekin jarraitu du Iker Bárbarak proposamenen zerrendan aurrera: «Bilbo aldetik sortutako talde honek hirugarren diskoa kaleratuko du, osatzen duten abestien artean, ‘Ezina’ kanta argitaratuz. Energiaz beteta, abiadura handiko punk rock soinuak jorratzen dituen taldea da eta Berri Txarrak zein Vulk taldeekin konparatu dute, soinu indartsua eta kontzertu emanaldietan ondo pasatu eta izerditzea eragiten duena. Riff ohikoak erabiltzen dituzten arren, soinu ezohikoa duen taldea da eta gitarraren erritmo kutsakor horrek aretoetan indarra duen arren, herriko plazetan ere garrantzi handia hartuko du».

Sacco taldea izan da Iker Bárbararen azken proposamena: «Irunen sortutako hirukote honek kaleratutako ‘Basa’ diskoaren ‘Arrakala, sasi, sustrai’ abestia ekarri nahi izan dut. Grabaketa eta nahasketak Karlos Osinagaren eskutik izan dira eta masterizazioa berriz Jonan Ordorikak, Azkaraten egina. Nabari da zein izan den teknikaria eta zein zigilurekin kaleratu duten, Lisabören eragina nabarmena baitu hauen musikak. Etiketatzen oso zaila den musika izan arren, unibertso berezia sortzen dituzten erritmo astun eta sakonak nabari dira eta soinua berriz, gogorra dela esan dezakegu. Lan berri honen azalaren diseinu eta maketazio lanetan Ramon Zabalegi aritu da, Ander Zabalegi taldekidearen anaia».

Hauxe da Bárbarak asteon osatu duen zerrenda:

– Duluth - Alicia

– Peru Galbete - Ura

– Uger - Ezina

– Sacco - Arrakala, sasi, sustrai

 

Jaurlaritza Logoa