Zuzenean
Koska saria esku artean duela etorri zaigu Iker Bárbara kazetari bilbotarra ‘Zarata’ tartera. Hainbat sakrifizio egin ostean, horrelako aipamenak asko eskertzen direla azaldu digu: «Lan handia izaten da MondoSonoro bezalako aldizkari bat 25 urtetan mantentzea eta hori mantentzeko gakoetako bat aldizkarian agertzen den publizitatea da. Publizitate horretan ile-apaindegiak eta halakoak ere agertzen diren arren, eta, bere horretan musikarekin loturarik ez duten arren, haietako langile edota ugazabak musikazaleak direlako laguntzen gaituzte».
Laura Sam eta Juan Escribano bikotea izan da kazetari bizkaitarrak ekarritako lehen proposamena: «‘Spoken word’ performancea jorratzen dute Laura Sam eta Juan Escribanok. Rap doinuak jartzen dituzte oinarrian baina ez dute abesten, hitz egiten egongo balitz bezala adierazten ditu abestien letrak Laura Samek. ‘España’ deituriko kanta hau, laugarren singlea da, abesti ironiko bat, umore puntu nabarmena duena eta oso kritikoa dena».
La Furia rap abeslaria izan da Bárbarak ekarri duen bigarrena: «‘Ama’ izena duen kantu berria kaleratu du artista honek eta segidan diskoa etorri da, ‘Post mortem’. Rap estiloan oinarritzen den arren, hitzen atzetik hainbat musika estilo antzeman daitezke eta bertan Iñaki Bengoa ekoizlearen lana nabaria da. Abestien hitzak eta haiek gordetzen dituzten mezuak dira La Furiaren berezitasunetako bat, oraingoan, gainera, euskara eta gaztelania nahasten ditu». Euskararen gaia artista askoren kezka izaten da eta La Furiak soilik euskarazko abestiez osatutako disko bat ez egitearen zergatia ere azaldu zuen diskoaren aurkezpen ekitaldian. Euskara zerbait naturala izatea nahi du bere egunerokoan eta ez merkatuarengatik bere burua behartu euskaraz sortzera. Amatasunaren gaia ere gehitu du kontu honetan Bárbarak: «La Furiak, ama izanik, abestietan benetako esperientziak azaltzen dituenean asko nabaritzen da, azken finean, musika barrutik irteten denean ikusten da benetako musikaria dela».
Maraca Diablo Mendaroko taldearen inguruan ere hitz egin dugu azken ‘Zarata’ tartean: «10. urteurrena betetzen du talde honek sortu eta beren lehen lana kaleratu zuenetik. Ibilbide arraroa izan duen taldea da, 2012an lehen diskoa kaleratu eta beren arrastoa galdu genuelako. 2019an haien berri izan genuen, aspaldiko partez, beren bigarren diskoa kaleratu zuenean, eta, aurten, hirugarren diskoa kaleratuko dute. Momentuz, aurrerapen abesti bat argitaratu dute, ‘Urtaroak’ izena duen singlea, eta diskoa entzuteko gogoa pizten duen kanta da».
Azkenik, Pamplosound Iruñeko ekimenean parte hartu zuen Monte del Oso talde nafarra ekarri digu Iker Bárbarak: «Otsailaren 11n kaleratuko duten laugarren diskoko abestia da ‘Otro día en la Tierra’. Talde hau, Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizurekin batu ziren abesti bat sortzeko Pamplosound ekimenaren baitan, ‘Suzko bola’. Beren estiloa 90.hamarkadako indie-rocka dela esan dezakegu eta ahots melodikoa nabaria da abestietan».
Hauexek dira, beraz, aste honetarako ekarri dizkigun lau proposamenak:
– Laura Sam y Juan Escribano - España
– La Furia - Ama
– Maraca Diablo - Urtaroak
– Monte del Oso - Otro día en la Tierra