Zuzenean

Rock tradizionala eta abangoardiako elektronika proiektuak azken ‘Zarata’ tartean

Liher taldearen azken diskoaren aurrerapen kantuaz gainera, Malaiierba proiektu nafarra aurkeztu digu Iker Bárbarak aste honetako bere txokoan.

Audio_placeholder

Rock tradizionala eta abangoardiako elektronika proiektuak azken ‘Zarata’ tartean

Loading player...
Azkena Rock Festivalen eman zuten ‘Hemen Herensugeak Daude’ birako azken kontzertua Liher taldekoek. (Raúl BOGAJO/AFP)
Azkena Rock Festivalen eman zuten ‘Hemen Herensugeak Daude’ birako azken kontzertua Liher taldekoek. (Raúl BOGAJO/AFP)

Kontzertuak zutik, aretoak gehieneko edukietan, jaialdiak ere abiatu dira… Baina nazioarteko bira batzuk bertan behera geratu direla gogorarazi digu Iker Bárbarak. Sepultura edota Michael Schenker bezalako artistak ez dira beren mundu bira egiten hasiko.

Baina gurera etorrita, argitalpen berrien emariak ez du etenik. Juárez Iruñeko taldeak 2022an kaleratuko du ‘Luna menguante’ diskoa Caballito Records, Lunar discos eta Nébula zigiluekin eta Zarata Mondosonoron estreinatu zuten azken kantua. «Bob Dylan eta Billy The Kiden izpirituarekin bat egiten zutela aipatu zuten Juárez taldekoek eta haren soinua bilatzen saiatu dira kantu honekin, Estatu Batuetako mendebaldeko desertura bidaiatuz», esan digu kazetari bilbotarrak.

Liher taldeak disko berria kaleratuko du, ‘Eta hutsa zen helmuga’ azaroaren 4an eta sorpresan harrapatu du Iker Bárbara: «Liherren laugarren lana izango da sei urtetan eta oso abesti interesgarria da Nor zaren ere kantua. Aurreko diskoarekin erakutsi zuen taldeak sekulako maila zuela eta nahikoa ohikoa den rock moldean egindako abesti onak osatzea dela haien bidea, nahasketa askorik egin gabe».

Father Alien bikote berezia da, elektronika kutsua duena. BIME jaialdian haiek ezagutzeko aukerarik izango da BIME City ekimenaren baitan. «Nu Jazz edota jazz elektronikoa egiten dute. Batek bateria jotzen du eta besteak programazio elektronikoekin egiten du lan. Hirugarren EPa kaleratu dute eta, tartean, Nirvana taldearen ‘Smells Like Teen Spirit’ kantuaren ‘rework’ bat egin dute. Beren instagram profilean ikusi daiteke nola egiten duten lan eta benetan ikusgarria da egiten duten hori», nabarmendu du Bárbarak.

Azken proposamena sarean darabilten grafiatik hasita berezia dela argi ikusten da: «Beste sorpresa bat izan da proiektu hau. Kanpoan ikusi dugu musika tradizionala hartu eta abangoardiarekin nahasiz zer nolako emaitzak lortu diren, Maria Arnal eta Marcel Bagés kasu. Bada, Iruñetik dator Malaiierba eta gauza bera egin dute. Claudia Castaño eta Josu Zapata dira bikotea osatzen dutenak eta 2022an aterako dute estreinako diskoa Oso Polita zigiluarekin, non Nafarroako musika tradizionala eta doinu urbanoak nahastuko dituzten».

Hauexek aste honetan Iker Bárbarak luzatu dizkigun lau abestiak:

– Juárez - Tan lejos de casa

– Liher - Nor zaren ere

– Father Alien - Smells Like Teen Spirit

– Malaiierba - Alien