Zuzenean

Rock doinu indartsuak aste honetako ‘Zarata’ tartean

Lau talde rockero ekarri dizkigu aste honetan Iker Bárbara kazetari bilbotarrak. Haietako bi Zarata Mondosonoron estreinatu zituzten abestiak dira, gainera.

Audio_placeholder

Rock doinu indartsuak aste honetako ‘Zarata’ tartean

Loading player...
Gaztain estudioan grabatu dute Lamiak taldekoek beren hurrengo diskoa izango dena. (LAMIAK)
Gaztain estudioan grabatu dute Lamiak taldekoek beren hurrengo diskoa izango dena. (LAMIAK)

Aurreko asteburuan MAZ Basauri jaialdian izan zen Iker Bárbara DJ lanetan, baina ez du hutsik egin asteroko MusikHaria saioko zitara. «Egun gogorra izan zen, baina gozatu nuen. Badakizu, goiz joan, soinu froga egin, kontzertu bat, magoa… eta euria ere izan genuen. Hori bai, gero aiton-amonekin utzi umeak eta kontzertuez gozatzeko parada izan nuen. Nahiz eta alabak gaixo nituela esan zidaten eta kezkaz egon nintzen gau hartan, berriz deirik ez nuen jaso eta gozatu nuen!».

Lamiak taldearen ‘Bigarren Mundu Bat’ abestia izan da aste honetan ekarri dizkigunetatik lehena: «Taldeak bigarren diskoa otsailean kaleratuko du eta aurretik beste bi abesti ere kaleratu dituzte. Haietako batean, gainera, Jose Ramon Soroiz izan zuten bideoklipean aktore lanetan. Kantu indartsu eta melodikoak dira eta hori da Lamiak taldearen sinadura. Talde interesgarria da eta ziur diskoa ere halakoa izango dena».

Tzar taldea Hondarribia eta Lazkao artean sortutako taldea da. «‘Haginak’ disko laburra kaleratu dute, Mikel Kazalisekin Fidelenean grabatutako diskoa. Hondarribiako Psylocibenea eta Lazkaoko musika lokalen artean dago prestatuta diskoa. Diskoaren azalak Sin City pelikula ekarri dio burura Zaratan kritika egin duen Rubeni, baina niri Sonic Youth taldearen ‘Goo’ diskoaren azala ekarri dit gogora. Bi gauzak nahastuz gero sortzen da Tzarren diskoaren azala».

Ezagutzen ez genuen talde baten berri ere ekarri digu Bárbarak, Rumbling Lips taldea: «Aurreko ostiralean estreinatu genuen taldearen lehen abestia Zarata Mondosonorn. Aimar eta Andoni dira, bikoa, eta Andonik Señor no, Havoc edota Athom Rumba taldeetan jo du. Aimar, berriz, kaleko musikari gisara ere ibilia da. Elkartu eta frogak egiten ibili ziren, eta batak besteari proiektua ea aterako zuten proposatu ostean, aurrera egin dute eta itxura oso polita du. Soinu oso primitiboa dute, power duo bezala funtzionatzen dute eta bluesa, 60-70. hamarkadatako rocka, psikodelia eta gordintasuna eskaintzen dute. Niña Coyote eta Chico Tornado izan daitezke antzerako erreferentzia bat, baina hauek beste bide batetik doaz. Zuzenean ikusteko ederra izango da talde hau eta Intxaurrondon izango da horretarako aukera, azaroaren 20an, JIELekin batera arituko baitira bertan. Horrez gainera, egokiak lirateke Azkena Rock jaialdian programatzeko, Trashville deituriko eremuan. AEBetako taberna batean sartzen zarela dirudi eta bertan bikoteen eta bakarlarien kontzertuak jartzen dituzte».

Bukatzeko, rocketik asko duen azken talde bat ekarri digu ‘Zarata’ tartera kazetari bilbotarrak: «Victimas Club taldea berria den arren, bertako musikariak ez dira berriak. Pela edota Joseba B. Lenoir daudelako talde horretan. Pelak, besteak beste, Marky Ramonekin birak egiten ditu abeslari moduan. Hala, gure eszenan bada garrantzitsua Iñaki Urbizu ‘Pela’. Musika elektrikoa eta hatza zauriaren hondoraino sartzea modukoa diren letrak dituzte. Aurrerapen kantua da hau eta atzetik diskoa etorriko dela dirudi».

Hauek dira, beraz, aste honetarako hautatu dituenak:

– Lamiak - Bigarren Mundu bat

– Tzar - Zerbait esateko gai

– Rumbling Lips - Is this love?

– Victimas Club - Farsantes contra farsantes

Jaurlaritza Logoa