Zuzenean

Talde berriak eta Delirium Tremensen itzulera hizpide ‘Zarata’ tartean

Berrikuntzekin hasi eta azken egunotako albiste garrantzitsuenetako batekin bukatu dugu aste honetako ‘Zarata’ tartea Iker Bárbararekin. Hautaketa nahikoa eklektikoa geratu zaio kazetari bilbotarrari.

Audio_placeholder

Talde berriak eta Delirium Tremensen itzulera hizpide ‘Zarata’ tartean

Loading player...
Atzo eman zuten beren asmoen berri Delirium Tremens taldekoek Bilboko Kafe Antzokian (Endika PORTILLO|FOKU)
Atzo eman zuten beren asmoen berri Delirium Tremens taldekoek Bilboko Kafe Antzokian (Endika PORTILLO|FOKU)

Erdi isilean edo agertu zen Omago taldea eta proposamen interesgarria dela dio Bárbarak, hori baita aurkeztu digun lehen proposamena: «BBK Soinu berriak lehiaketa irabazi zuten eta epaimahaian nintzen. Uste dut ordukoa lehendabiziko kontzertua izan zela eta sorpresa itzela izan zen, The Great Barrier taldetik ezagutzen nituelako. Lehen diskoa kaleratu dute eta abesti honen bideoklipa diskoarekin batera aurkeztu dute. Diskoa aurreko EPa eta kantu berriak batu ostean sortu da, emaitza interesgarria benetan eta Nacho Vegasen kolaborazioa eta Jon Aguirrezabalagaren ekoizpena ditu».

Lauso proiektua hautatu du bigarren tokian Zarata Mondosonoroko arduradunak: «Ez dakigu gehiegi proiektu honen inguruan, 4 abestitako EP edo Mixtape bat kaleratu dutela justu-justu. Rap estiloa bai, baina nahikoa poperoa dena. Proiektua jaiotzen ari dela dirudi eta ideia asko dituztela ematen du, ea nondik joaten diren. Hautatu dugun abestian Lur da kolaboratzailea eta Lausoinuk egin die bideoklipa. Ez da elektronika oinarri soila, gitarrak daudela ere nabaritzen da eta oso interesgarria da, egun, estiloak erabat nahasten direla, dagoeneko ez da arraroa elektronika proiektu bat instrumentuekin ikustea edota rap doinuak popero bihurtzea».

S.A.D. taldearen akronimoak ingelesez zein euskaraz irakurtzeko balio du eta Ikerrek kontatu digu horren zergatia: «Duela bi urte ezagutu nuen eta Systems Are Dangerous ziren orduan, orain itzuli dira eta euskarazko kantuekin datoz. Abenduaren 7an kaleratuko dute ‘Aieru’ diskoa eta Sistemak Arriskutsuak Dira bezala bataiatu dute taldea. Abenduaren 8an, Durangon izango dira eta, 10ean, Bilborock aretoan. Atico Stereo zigiluarekin kaleratuko dute lana eta zigilu horrekin daude, besteak beste, Lukiek taldekoak ere. Rock alternatiboaren bueltan sortutako zigilua da Mungiakoa. Leioako hirukoteak kantu berria aurkeztu du, ‘Nire lepora’, gainontzekoak bezalaxe Urtzi Izarekin grabatu dutena».

Delirium Tremens taldea bueltan dela eta Zarata tartera ekarri nahi izan du Iker Bárbarak: «Ez dakigu zehazki zer etorriko den, baina itzulera baten aurrean gaude eta omenaldi txiki bat egin nahi izan diot. Akaso La Pollak egin duen moduan itzulera labur bat izango da edota geratzeko datoz, baina ziur dakiguna da, ibilbide laburra izan bazuen ere, sekulako taldea izan zirela. Split batekin hasi zuten beren bidea, Zarrapo taldearekin batera eta 1989an etorri zen ‘Ikusi eta Ikasi’ diskoa, betirako ereserki bihurtu den kantuarekin irekitzen dena. Abesti honek 90. hamarkada hasierara eramaten gaitu, gazteria nola zegoen gogoratzen digu eta RRV mugimendua puri-purian entzun daiteke bertan».

Hauek aste honetako abestiak:

– Omago - Egiak

– Lauso ft. Lur - Nun dago egia?

– S.A.D. - Nire Lepora

– Delirium Tremens - Ikusi

Jaurlaritza Logoa