Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Underground proiektu interesgarriak ekarri dizkigu Iker Bárbarak MusikHaria saiora

Abesti batzuk atera eta segituan ezagutzen ditugu eta beste batzuk, berriz, denbora baten ostean iristen dira gure belarrietara. Haietako kanturen bat ekarri digu aste honetan ‘Zarata’ tartera Iker Bárbara kazetari bilbotarrak.

Audio_placeholder

Underground proiektu interesgarriak ekarri dizkigu Iker Bárbarak MusikHaria saiora

Loading player...
Vulk taldeak ZINEBI jaialdian aurkeztu zuen 2022 hasieran kaleratuko duen lana. (Xabi OJINAGA)
Vulk taldeak ZINEBI jaialdian aurkeztu zuen 2022 hasieran kaleratuko duen lana. (Xabi OJINAGA)

Aste honetarako aukeratu duen taldeak aldaketa nabarmena eman zuela zabaldu zen batean eta bestean. Izan ere, iaz, urte bukaeran eskaini zituzten kontzertuetan, hasi eta bukatu euskaraz entzun omen ziren Vulk taldekoak, ordura arte ez bezala.«Vulk taldea gure eszenan azkenaldian atera den talde interesgarri eta arrakastatsuenetakoa dela uste dut. Orain arte atera dituen bi lanekin egin dutena ikusi besterik ez dago, musikan, irudian, zuzenekoetan… Ingelesez hasi ziren, estatu mailan tokia egiteko-edo, baina bira eman dute eta ZINEBIn aurkeztu zuten datorren diskoa, ‘Vulk ez da’, performance batean, erabat euskaraz osatu dutena. Estilo desberdinak uztartzen dituzte eta kantu honekin Euskal Herriko hainbat erreferentzia etortzen zaizkit burura, hala nola, Hertzainak, baina ukitu britainiar nabarmena ere badu Vulkek», esan digu Iker Bárbarak. «90. hamarkadan gogoratzen dut, txikia nintzela, egunero pasatzen nintzela Deustuko zubitik eta hango gatazka iltzatuta dut memorian. Perfektua litzateke abesti hau hura gogoratzeko», gaineratu du bilbotarrak.

Demotest atalean ezagutzera eman zuen Zarata Mondosonorok Progrom taldea eta hura ekarri digu bigarren tokian Bárbarak: «Demotesten nondik datozen, zenbat denbora daramaten, estiloak… oinarrizko galderak egiten dizkiegu taldeei eta Progromek Uistin Recordsekin egin duen lana erakutsi digu. Jende oso gaztea dira, lau partaide eta interesgarria da jendeak halako proiektu super-undergroundak ezagutzea».

Hirugarrenik, Helltzales taldearen ‘We are the mainstream’ diskoa aukeratu du kazetari bilbotarrak, umore puntu bat gehitu nahian: «Katxondeo pixka bat ezta? Ongi dago hori ere. Underground eszenako talde askotan dabiltza bertako kideak, Cordura, Control de plagas edota Elfo Negro bezalako taldeetan. Orain punk-rock estiloan dabiltza baina hardcore jarrerarekin eta The Capaces, L7 edota Kuraia bezalako taldeen eragina dute, besteak beste. Zigilu askoren artean atera dute diskoa, baina hori izango da aipatutako zigilu bakoitzak hainbat binilo erosteko konpromisoa hartuko zuelako. Hori datorren astean kontatuko dugu. Portugaleteko Groove lokaletan emango dute diskoaren aurkezpen kontzertua azaroaren 27an».

Azken erreferentzia Nafarroatik ekarri digu eta bere saltsan nabaritu dugu Bárbara: «Iruñean oso ezaguna da Javier Suescun, promotore eta DJ bezala gauza asko egin dituelako. Musex Label zigiluarekin diskoak kaleratzen, festak egiten… musika elektronikoko eszenan beti gauzak egiten dabil. Datorren urtean kaleratuko duen ‘2020 radio’ diskoko aurrerapen kantua da ’NYC Disco Inferno’».

Hauxe da, beraz, aste honetako hautaketa:

– Vulk - Lanaren kanta

– Progrom - Kontraesan

– Helltzales - Alta traición

– Suescun - NYC Disco Inferno

Jaurlaritza Logoa