Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Euskal Herrian tendentzia berriek 2021ean utzi duten arrastoa urteko azken ‘Zarata’ tartean

Aurreko astean rock eszenari begira ibili bazen, urtea bukatzeko tendentzia berrien inguruan aritu da Iker Bárbara ‘Zarata’ tartean. Denetariko estiloak, baina komunean dute egun puri-purian dauden musika doinuak direla.

Audio_placeholder

Euskal Herrian tendentzia berriek 2021ean utzi duten arrastoa urteko azken ‘Zarata’ tartean

Loading player...
Iruñeko Chill Mafia kolektiboa 2021eko izen propioa izan da euskal musikaren panoraman. (Jaime ASUA)
Iruñeko Chill Mafia kolektiboa 2021eko izen propioa izan da euskal musikaren panoraman. (Jaime ASUA)

Tendentzia berrien artean, lehen erreferentzia Verde Pratorena izan da. «Iaz atera zen single hau baina diskoa 2021ean atera du. Disko izugarria da eta proposamen interesgarria da, folka eta euskal tradizioa doinu elektronikoekin uztartzen du eta oso berezia eta liluragarria da. Serpiente taldean egin zuena ikusita, orain hau etorri da eta oholtza gainean bera bakarrik agertzen da, talentua edukiz gero gauza oso gutxirekin zerbait oso ona egin daitekeela erakutsiz». Otsailean aurkeztuko du Bilboko BBK Aretoan Jon Aguirrezabalagarekin batera ekoitzitako ‘Kondaira eder hura’ diskoa Verde Pratok.

Bergaran kokatzen bada ere, Zumarraga-Urretxu aldera ere eramaten gaituen hegazkin bateko bidaia izan da bigarren proposamena: «Hegazkin taldearekin 90. hamarkadara goaz, trip-hop doinuak jorratzen dituzte eta lehen lana da aurten kaleratu duten ‘Haize beltzak’. Ez gaude ohituta Euskal Herriko eszenan halako diskoak entzutera, akaso gazteleraz edo ingelesez etorri izan balitz ez ginatekeen hainbeste harrituko, hortaz, euskaraz egitea bera bada berezitasunetako bat». Mukuru zigiluarekin atera dute diskoa eta egun zuzeneko interesgarria eskaintzen dabiltza, ikus-entzuneko lanak uztartuz beren musikari.

Suave taldea da Iker Bárbarak ekarri duen hirugarren erreferentzia: «Villasound programaren bigarren edizioan hartu dute parte, talentu berrientzat sortutako ekimena. Sekulako kalitatea duen taldea da eta musikalki estilo oso desberdinak nahasten dituzte. Batzuetan house kutsua dute eta hurrengoan trap joerak hartzen ditu haien musikak, baina pop ukitua ere badute, baita hitzetan ere».

Merina Gris taldeak ezin zuen hutsik egin kazetari bilbotarraren zerrendan: «Arazoak izan zituzten Instagramekin eta ezin izan dute kanturik promozionatu ez ezer, hortaz, akaso hori ere izan daiteke 2021ean gauza gehiago ez kaleratzearen arrazoia. Baina badakigu abesti gehiago badituztela eta gu zain gaude ea zer kaleratzen duten ikusteko». Sentimendu unibertsaletatik abiatutako hitzak dituzten abestiak dira eta denoi barruraino iristen zaizkigunak. «Aurrerapauso bat espero dugu orain diskoarekin, singleekin sekulakoa egin dutelako», dio Bárbarak.

‘Zure Kebapa’ atera zuten Tatxers taldearekin batera urtarrilean eta «badirudi hiru urte pasa direla hasi zirenetik», Iker Bárbarak esan duenez. «Gazte arruntaren koplak aterata sekulako arrakasta lortzen hasi ziren, jende askorengana zabaldu zen eta Twitterreko polemikak ere lagundu zuen. Gero etorri zen ‘Ezorregatik x berpizkundea’ mixtapean, ‘31014’ bezalako kantuak sartu zituzten eta taldean Ben Yart sartzea pastelari gerezia jartzea bezala izan da, sekulako pertsonaia interesgarria delako, ongi aztertzekoa. Baina kontua da beren hit handiena mixtapearen ostean etorri dela, ‘Barkhatu’. Askok uste zuen Euskal Herritik kanpora ez zuela biderik egingo Chill Mafiak eta ikusi besterik ez dago Madrilen edota Valladoliden zer nolako kontzertuak eskaini dituzten. Berriz ere, Berri Txarrakekin gertatzen zen bezala, jendea euskaraz abesten hasi da hizkuntza ezagutu gabe. Gainera, geroz eta kalitate gehiagorekin ari dira sortzen beren musika eta elkarlan interesgarriak ere ari dira jorratzen».

Hau da, beraz, 2021eko Iker Bárbararen azken zerrenda:

– Verde Prato - Mutilaren kanta

– Hegazkin - Izar euritsua

– Suave - Lejos, solos, libres, locos

– Merina Gris - Saiatzen naiz

– Chill Mafia - Barkhatu

Jaurlaritza Logoa