Zuzenean
Sorpresan gauzak kaleratzearen hori geroz eta gehiago pasatzen da gurean ere. «Mezu bat jasotzen duzu edota ikusten duzu sare sozialetan kantu berri bat ateratzen dutela eta datorren astean diskoa datorrela. Orain arte normalena izaten da hilabete aurretik-edo jasotzea informazioa, batez ere programatu ahal izateko gure egunerokoa», kontatu digu Iker Bárbara kazetari bilbotarrak. Baina Pasadenak proiektua, kantua eta diskoa ia batera erakutsi dizkigu. «Proiektu partekatua da, Libe Garcia de Cortazar eta Jon Basaguren dira hau aurrera atera dutenak eta biek egiten dutena oso interesgarria da; Jonen musika nabari daiteke oinarrian baina Liberen eskua antzematen da abestietan. Izaki Gardenak 2.0 bezala ere ulertu daiteke pixka bat», esan digu Zarata tartearen gidariak.
Telmo Trenor izan da aste honetako bigarren erreferentzia: «Samplergintza eta sintetizagailuak erabili ditu batez ere bere bakarkako hirugarren diskoan. Soinu oso bereziak dira, soinu elektronikoak eta euskal musikagintzako doinu tradizionalak nahasten dituelako, baita perkusio brasildarra ere… Bere nortasun guztiak sartu eta irabiagailu batetik pasa ostean sortu da ‘Z8rtziko, zortzi pistatako prozesua duen lana. ‘Haus of Beats’ irratsaiotik sortutako zigilua da publikatu duena, haien seigarren erreferentzia. Marka horren atzean Balza bera dago, besteak beste, Euskal Herriko DJen artean erreferente garbia dena».
Esmerinda taldearen atzean Javier Maculet eta Borja López de Guereñu daude, ibilbide luzeko musikariak Bárbarak esan digunez: «1984an Cómo huele! taldearekin atera zuten disko bat eta, 2016an, ‘Recordstore Day’ egunean, Subterfuge zigiluak haien disko bakarra berrargitaratu zuen bilduma berezi batetarako. Atzetik, kontzertu bat ere eman zuten Bilbon eta haien itzulera modukoa izan zen urtemuga hura ospatzea. Nik uste berriz ere musika egiteko grina piztu zitzaiela, gauzak egiten hasi zirela eta Esmerinda proiektuarekin binilo bikoitza kaleratu dute orain, ‘Hola la Libertad’, pop elektronikoan oinarrituta dagoena».
Azken erreferentzia Legazpiko talde rockero bat izan da, John Dealer & The Coconuts. Urola Garaiko taldeak iaz ‘Red light stories’ izeneko lana kaleratu ostean, EP bat publikatu du aurten: «Euskaraz egin duena, ingelesez egindakoa baino gehiago gustatu zait John Dealer taldearen kasuan. Batzuetan gertatzen da artista batzuekin, hizkuntza desberdinetan entzuten ditugula eta bat nahiago izaten dugula, auskalo zergatik. Doinu interesgarriak landu dituzte, eta ingelesez egiten dutena gustuko dudan arren, euskarazko abestiak beste plus bat hartu du ‘Snake Charmer’ EPan», bukatu du Iker Bárbarak.
Hauek aste honetarako aukeratu dizkigun kantuak:
– Pasadena - Hutsune
– Telmo Trenor - Ia guriak egin du
– Esmerinda - Tu hermana es una cósmica
– John Dealer & The Coconuts - Zauriak