En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Errealitateari uko egitea, negatibo izatea bezala hartua da eta hori ez da horrela»

Kantutegi tradizionaletik 16 kantu berreskuratu ditu Kalakan taldeak ‘Artizar’ diskorako, estudioko seigarren lanerako. Elektronika doinuek lagunduta baina ohiko elementuak alboratu gabe, abesti sakonez betetako diskoa egin dute. Jamixel Bereau izan da MusikHaria saioan diskoa aurkezten.

Audio_placeholder

«Errealitateari uko egitea, negatibo izatea bezala hartua da eta hori ez da horrela»

Loading player...
Etcheverry, Bereau eta Errotabeherek estudioko seigarren lana kaleratu dute aurten.
Etcheverry, Bereau eta Errotabeherek estudioko seigarren lana kaleratu dute aurten.

‘Artizar’ izeneko lana kaleratu berri du Jamixel Bereauk, Xan Errotabeherek eta Bixente Etcheverryk osatzen duen Kalakan hirukoak. Estudioko seigarren lana da eta oraingo honetan Baga-Biga zigiluarekin kaleratu dute. Jamixel Bereau senpertarra izan da MusikHaria saioan diskoa aurkezten.

Zer moduz zaude?

Iratzartzen ari. Atzo berandu sartu ginen Algortan bagenuelako animazio bat ikastola batean eta gero elkarte batean egin genuen kontzertu berezitxo bat, normalean egiten ez duguna. Oso polita izan da, a capella, danborrak ere ez genituen atera, eta soilik 40 pertsonentzako.

Kontzertu bat emateko aukera izan duzue beraz, muga pasa eta hori guztia...

Bai! Egia erraiteko alde horretatik guk aski bizitza normala egiten dugu eta hegoaldera joaten gara lan egiteko, hori permititua dago oraindik. Hala ere, astuna da beti baimenak eta paper ofizialak eskatu beharra, baina autobideko mugan ez dugu kontrol izpirik topatu azken urtean. Gero, nire ustez bide txikietan eta herrietan bai ibiltzen dira, baina autobidean ez.

‘Mendian zoin eder’ kantuarekin irekitzen duzue diskoa eta hor elektronika kutsua nabaritzen da dagoeneko.

Bai, neurri desberdinetan sartu dugu elektronika. Segun eta ze kantan, eta hor, ‘Mendian zoin eder’ kantuan minimoa izan da, teklatu bat erabiltzen dugu harmonia eta baxuak egiteko, melodiei sustengua emateko pixka bat. Baina beste adibide estremoak badira diskoan, ‘Xoriñoak kaiolan’ adibidez, hor elektronika maximoan da.

«Gauaz ibiltzen dena, ez da zuhurra» dio, berriz, ‘Agur irrintzina’ abestiak. Hori garai hauetan esatea, ez al da zaurian behatza sartzea bezala?

Atzo gaueko kontzertuan gauza bera erran ziguten. Badugu kantu bat, ‘Ontasunik gabe’ deitzen dena. «Ontasunik gabe sortu naiz, ontasunik gabe hilen naiz» dio, eta garai honetan dimentsio berezi bat hartzen du kantuak. Nire ustez, urrunegi joan gara eta jende guztia gaizki dago, beldurtuta dago, bat bestearen kontra ezartzen ari gara, eta hori bukatu behar da lehen baino lehen. Bestela, kalte gehiago ekarriko digute neurri horiek eritasunak propio baino.

Bertso zaharrak errekuperatzeko gaitasuna duzue eta gehienak hortik datoz diskoan, 'Lili bat' kantuak non du jatorria?

Testu hori aspalditik ezagutzen dut, herrian, familian edo lagunekin hemengo eskualdean kantatzen den kantua da baina beste melodia batekin, askoz alaiagoa dena. Melodia hori zuberotarra da eta Euskal Telebistari esker ezagutu nuen. Garai batean, nire ustez Euskal Telebistak lan oso polita egiten zuen gure sustraiak baloratuz. Baina, gauza guzti horiek aldatu egin da, eta bueno, besteak bezalako telebista bihurtzen ari da. Garai hartan Euskal Telebistak auzolan espiritua zuen eta gehiago zen euskal telebista garai horietan orain baino.

Musika emankizun hartan herri txikietan ibiltzen ziren kantu zaharrak jasotzen, jende zaharrarekin biltzen eta transmisio lana egiten. Gizon zahar bat dut gogoan, sukaldeko mahai batean kantatzen zuen hau, eta nik flipatu egin nuen, oso polita iruditu zitzaidan. Garaian, pop-folk proiektu pertsonal bat egin nuen eta hor erabili nuen kantua, baina ez nuen sekula grabatu oraino.

Minorretara asko jotzen duzue disko honetako kantuetan, iluntasun bat badago eta mezu sakonak jorratzen dituzue.

Iluntasuna ez dakit, nik gehiago errango nuke sakontasuna. Nire ustez, egun bada zerbait, ez dakit, kasik gezurrezko positibismo bat. Denaren aurrean izan behar dugu positibo, baina bizitza ez da horrela. Bizitzan ilunetik argitara pasatzen zara eta argitik ilunera. Egun batean pozik zaude eta hurrengo egunean sekulako zaplastako bat jasoko duzu, horrelakoa da bizitza. Errealitateari uko egitea, negatibo izatea bezala hartua da eta hori ez da horrela. Arrautza baten barruan bazina bezala babestuta sentitzen zara zure inguruan edota pantailaren atzean, baina egun batez atera behar zara kanpora, zure lankideekin esaterako. Eta lanean kaka izaten da, eta bizitzan ere kakak izanen dira… positibo izan ala ez. Beraz, borrokatu beharko duzu, bizitza horrela delako.

Bertso doinu batzuk ere sartu dituzue tartean. Zein zen Pierre laboraria?

Egia errateko ez dakit. Badago beste kantu bat ere baina ez dakit zein den jatorria. ‘Lurraren pean’ kantuak melodia bera erabiltzen du eta garai berdinekoak dira. Gehiago da testuari lotua kantu honen hautaketa, melodia oso polita da, hori bistan da, eta hor adibidez, konponketak Andrew Keelanek eginak dira. Badakigu guk geuk harmoniak egiten, baina badugu gure estetika propioa eta hori aldatu nahi genuen.

Zergatik Pierre laboraria? Aspaldiko eztabaida batetik dator eta beste dimentsio bat hartzen du gaur egun: herria eta baserria. Teknologia eta ezagutzen dugun mundua bere mugara ailegatzen ari da nonbait, hor bada zerbait gaizki egiten ari dena. Eta beste aldean dago baserria, naturarekin konexioa, beste mundu hori. Hori da, kantu horretan aipatzen dena. Garai batean jende guztiak nahi zuen hirira joan, garapena eta aurrerapena ziren denen nahia, eta bizitza hobetzea. Adibidea hemen dago, Paris, edo Madrilera joan zirenak. Gaur egun konturatzen zara hobeto dela gutxiago kobratu eta bizitza hobeago bat izatea, nire ustez gauza aunitzez ari gara konturatzen eta oreka berri bat ari gara topatzen.

‘Artizar’ kontzeptua hor kokatzen da, hortaz.

Bai, bizitza eta gauzak ulertzeko modu bat da. Nire ardatza natura eta animaliak izan dira. Animaliei asko begiratzen diet ulertzeko nola garen gizakiok. Gizakion gaitasunetako bat da imitatzea, eta gure inguruan diren elementu guztiak imitatu ditugu. Ni, kantari bezala, seguru naiz txoriak entzunez edo haizea imitatuz hasi zela gizona kantari. Gizonak ere bere mundua eraiki du eta mundu hori, soilik gizonen buruan dago. Naturarentzako hori ez da existitzen, animalientzako ez da existitzen… elementu horiek kontuan hartu behar dira gure burua ez galtzeko, beti erreferentzia errealak edukitzeko, bereziki garai honetan. Eta Artizarra beti dago hor. Gu mugitzen gara, baina artizarra beti dago hor.

21. mendera nola ekartzen da kantu tradizional bat? Juan Mari Beltran berria bihurtzen ari zaretela esan al dezakegu?

Juan Mari Beltran? Ba ez da hain gaizki! Kar, kar. Adibidez, Arratiako melodia bat sartu dugu elektronikarekin nahastuta, ‘Eguzki beroa’ kantuan. Ni dantzaria izan naiz eta Arratiako dantzatzeko manera eta musika, Gipuzkoako estiloarekin konparatuz, oso polita aurkitzen dut. Bi mutur dira eta hori ere gure Euskal Herriko aberastasuna da.

Nabaritu daiteke bakoitza nongoa den dantzatzen duen arabera eta zuk hori oholtzatik ikusiko duzu, ezta?

Bai noski! Eta polita iruditzen zait, hizkera bezala da gainera. Denek fandango bat dantzatzen dugu eta euskaraz mintzatzen gara baina bakoitza bere estiloarekin, eta hori niretzako da euskal nortasunaren oinarri handi bat, beti oreka indibidualaren eta komunaren artean. Orson Wellesek egindako dokumental batean hori nabarmendu zuen, oreka hori ematen dela euskal nortasunean, eta txapela jartzen zuen adibide bezala. Herri ttipi bateko plazan gizon guztiak txapela zuten buruaren gainean, baina bakoitzak bazuen bere txapela ezartzeko estiloa, ez ziren bi berdin.

Baina euskaldunen artean seguru elkarri esango geniola: «Txapela ez da horrela jartzen, horrela behar du izan».

Kar, kar. Nire ustez hori da gure arazo handiena. Ez da kanpoko arazoa, baizik eta gure batasun eskasa da arazoa.

Xalbador eta ‘Haurrak ikas zazue’ kantua nahastu dituzue ‘Bihotzeko hizkuntza’ abestian. Kepa Junkerarena dela irakurri dugu, baina, askoz ere lehenagokoa da.

Bai. Hegoaldean askotan gertatu zaigu hori. Mikel Laboaren edo Benito Lertxundiren kantuak kantatzen ditugula esaten digute. Eta ‘Txoriak txori’ aparte utzia, ez dugu sekula Laboaren edo Lertxundiren kanturik kantatu. Alderantziz gertatu da! Haiek kantatu dituzte Iparraldeko kantuak. Baina tira, inportanteena transmisioa da, kantu horiek bizirik mantentzea. Kantua belarritik sartu eta gero jendearen ahotik ateratzea.

‘Haurrak’ ikas zazue’ ikasi nuen lehendabiziko kantua izan zen, nire aitak erakutsita. Baditut horrelako flash oroitzapen batzuk. Familia batzuetan gurasoek umea ohera eramatekoan hartzen zuten tarte bat otoitz egiteko, nire kasuan kantuak ziren. ‘Pilotarien Biltzarra’ kantua eta baita ‘Haurrak ikas zazue’ ikasi nituen, aita pilotaria izan zelako. Beraz, niretzako kantu hori beti izan da garrantzitsua. Pentsa, Luis Marianok ere egin zuen bertsio bat, melodia hartu eta frantsesez kantatu zuen, kantu bukoliko eta erromantiko bat, badakizu. Horrela esaten zuen: «Badago Frantziako xoko polit bat», (irri artean) gaizki hasten da kantua. Zuek ere ezagutzen duzu kontzeptu hori Hegoaldean, Iparralde ‘bukolikoarena’. Guk orain melodia minorrera aldatu dugu eta halako indar bat hartu du mezuak.

Senperekoa zara, han zer moduz dago euskararen kontua?

Ba, Iparraldeko leku askotan bezala, ofizialtasunik ez dago eta hemen Frantzian bizi gara. Baina euskal mundua hor da, eta frantses mundua hor da, eta irringarria da nola pasatzen ahal zaren mundu batetik bestera bakarrik hizkuntza aldatuz. Senperen euskaraz bizi nahi badut, badakit nora joan eta norekin egon behar duten. Orokorrean, nire gazte denborarekin konparatuz, erran nezake gazte euskaldun gehiago direla orain.

Gaitegian, ordea, beti duzue euskara presente.

Besterik ez dugu. Ez dakit nola erran… Euskarak niretzako badu magia puntu bat.  Euskaraz mintzatzen naizelarik ez naiz pertsona bera, euskaraz mintzatzen naizelarik ez naiz hain agresibo ezartzen ahal. Ez dakit, hizkuntzak behartzen nau beste modu batez jokatzera, mundua begiratzeko manera bat da euskara, zure baitan edo zure burua kokatzeko modu bat.

Georgiako kantu bat ere sartu duzue, Europa ekialderaino egiten duzue salto!

Ez ez! Alderantziz izan da. Haiek etorri dira hona. Musikaren egunean, Urdiñarben, gonbidatu zituzten Georgiako kantariak. Ezagutzen nituen haien harmoniak baina zuzenean entzutea beste zerbait izan zen. Hortik gonbitatuak izan ginen ateraldi bat egitera, hegoaldean, eta sagardotegi batean bukatu genuen, kantari bukatu genuen. Orain dela bi urte gurutzatu ginen berriro Poloniako festibal batean, eta hor ere elkarrekin kantatu genuen, ‘Txoriak txori’ ikasi zuten haiek eta guk ‘Mravaljamier’ ikasi genuen. Kantu hori bizipozari himno bat da, bibra positiboa, argia… Ospakizun bat, ilun diren gauza negatiboak baztertzeko.

Carmina Buranarekin XIII. mendera egiten dugu salto.

Tira, diskoan diren melodia batzuk ziur naiz kasi hura bezain zaharrak direla. Carcasonako anfiteatroan eskaini genuen lehen aldiz gu hirurak kantu hori bi pianoren laguntzarekin. Betidanik gustatu zait mundu klasikoa eta gure estetikarekin ondo doa. Bazen ere beste desafio bat edo esperimentazio bat, nola egin pieza horrekin zerbait koherentea eta funtzionatzen duena, nola egin bertsio minimalista bat? Gure inguruko instrumentuekin eta errekurtsoekin ibili gara eta erabaki dugu kantua diskoan sartzea, gure ustez nahiko koherentea geratu da. Maiz galdetzen digute zergatik ez dugun frantsesez edo gazteleraz kantatzen, orain egin dugu, latinez abesten dugu.

Eta diskoko ‘puntazoa’-z zer?

‘Tupindegiko Roxali’ da berezko abestia eta kantuaren atzean gauza asko daude. Gizon bezala, egungo garaiak ez dira beti errazak. Ados gaude eta kontziente gara emakumeen eskubideekin badirela gauza asko aldatu behar direnak, bai arauetan baina baita bereziki gure buruetan ere; hortik hasi behar gara. Baina, nire ustez, gaur egun, eta normala da, oreka bat aurkitu behar dugu. Bi estremoak ukitu behar dira lehendabizi, bestela ez dakigulako non dagoen oreka, eta orain alde batetik bestera joan garela uste dut, eta gaur egun batzuetan zaila da gizonentzako badirudielako sorgin ehiza bat badagoela.

Adibidez, euskal kantagintzako kantuak matxistak direla eta ez direla kantatu behar esan izan digute. ‘Tupindegiko Roxali’ kantuan bada kritika sozial bat. Hemen garai batean Parisera joaten ziren neskatoak aberatsen etxeetara eta frantsestuak bueltatzen ziren, eta kantu hori horrela sortu zen. Orain Roxalitik ’Tupindegiko Panpili’-ra pasa gara. Zertan bilakatu gara? Bitcoin, YouTube eta Uber… Azken urte hauetan etsai berri bat dugu eta ez gara konturatzen zer nolako etsaia den gure kulturarako. Kapitalismoa basati hori da etsaia. Gaur egun Bilbo, Donostia, Baiona eta New Yorkeko gazte bat berdin janzten da, musika bera entzuten dute… Uniformetasun bat ematen ari da, eta, nire ustez, tentuz egon behar dugu. Ez gara aski mesfidatzen, dirua badago denak balio du. Uste dut jendeak bazituela balore batzuk eta dirua ez zela dena, baina gaur egun…

Elektronikari buruz, esaten duzue 90. hamarkadan geratu zinetela, eta hein batean badu hortik diskoak.

Hastapenean are elektronikoagoa zen ‘Xoriñoak kaiolan’.  Nire erreferentzia mundu horretan 90. hamarkadako elektronika da. Pello Reparazi erakutsi nion egindakoa, bateria bat jarri nuen eta esan zidan: «Baina hori 80. hamarkadan egiten zen, orain ez hainbeste». Moldaketak eta egin eta oso polita izan da Pellorekin sortu den harremana. Garai honetan pixka bat zaila da dena antolatzea, baina Zetak taldearen kontzertu batera joan behar dugu, eta berak ere badu gogoa gure kontzertu batera etortzeko. Talentu asko dauka baina lan asko ere egiten du! Niri interesatu zait Zetak entzutea eta, batez ere, Pellok txalaparta bezalako elementuak sartzea zinez interesgarria iruditu zait.

Disko honekin publiko berria bilatzen ari zarete?

Publiko berria baino, plaza berriak behar ditugu. Lehenago isiltasuna behar genuen, eta orain ez. Orain festibal gehiagotan sartzen ahal gara egin dugunarekin.

Agendan zer hitzordu duzue?

Badira gauza batzuk, maiatza lasai dator, baina ekainean baditugu gauza batzuk: Lazkaotik pasako gara, Getxotik, Atarrabiatik… Uda honetan espero dugu Iparraldean ere gauza batzuk egitea, Arrosan esaterako. Gero urrian badugu proiektu bat Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, berez iaz plazaratu behar zuena. Atzerrian egotekoak ere bagara, azaroan Suitzara joan behar dugu, Alemaniatik eta Belgikatik ere pasa behar gara, baina noiz zehazki ez dakigu.

Zuen webgunean eskuratu daiteke disko fisikoa eta atzotik digitalean ere jarri duzue diskoa eskuragarri.

Gaur egun enpresa munduan bezala nahi baduzu profesionalki aritu diru asko behar duzu. Adibidez, gaur egun, facebooken kanpaina bat egin nahi baduzu, algoritmoak aldatu dituztenez eta zuk hedapen bat nahi duzunez… dirua sartu behar da, beti dago hor «boost» puta hori. Beraz, Frantziako zein AEBtako hauteskundeetan bezala, diru gehien jartzen duenak aukera gehiago du irabazteko, eta musikarekin gauza bera gertatzen da. Diru asko duzula promozionatzeko? Ba bistaratua izanen da eta ez baduzu ezer egiten ilunpean geratuko zara. Spotify eta horiek Amazon bezala dira, eta nik ez dakit nahi duten nire produktua Amazonen egoterik…

 

 

Jaurlaritza Logoa