Zuzenean
‘Errare Humanum Est’ izeneko lana Kirmen Uriberen ahotsarekin irekitzen du Pantxix Bidarti musikari hazpandarrak eta hori ez da ohikoena izaten. Baina poesiarekin duen lotura argi erakusten digu otsailean egin dituen ‘Beste bat’ saioetan. Aspalditik Susa literaturaren webgunean poesia entzuten du: «Testuak irakurri eta entzuten ditut atarian eta hor sekulako lana egina dute guztion eskura jarriz hainbat gauza eta plazer hutsa da» dio Bidartek.
‘Ezin esan’ abestirako poesia bera erabilita egin du kantua Bidartek, eta Gatibuk aste berean kantua publikatu zuen Kirmen Uriberen beste testu batekin: «Gatiburen fama eta arrakasta biltzen badut hainbat hobe», esan digu umoretsu. «Askotan gertatzen da halako zerbait, ideia bertsuak airean izaten dira zalantzan eta hortik halako loturak sortzen dira. Nik aspalditik erabiltzen dut Kirmenen ahotsa zuzenekoetan, eta oraingoan grabatzeko pausoa eman dut. Gainera, esan behar dut aurretik Mikel Urdangarinek ere musikatu zuela bere garaian. Ia-ia testu bera da, beraz, beste bertsioa badu testu honek», aipatu digu lapurtarrak.
Matthieu Haranbouru izan da proiektuaren ekoizle nagusia baina Sébastien Desgrans eta Bastien Marianne ere alboan izan ditu eta talde mardula osatu du. «Ni naiz taldeko kaxkarrena, gitarra sinple batzuetatik eta ahotsarekin urteetan landutako kantuak dira eta nire biluztasun hori Matthieuk jantzi duela esan dezaket. BBAX proiektuaren bertsio elektrikoan Sébastienekin zuzenean aritzea maite dut eta bere akordeoiak egon behar zuela argi neukan. Bastienen kasuan, berriz, berak egin zuen lan bat gustatu eta harri jarraika etorri da gurera, eta bereak dira ia gitarra guztiak, bai gutxienez elektrikoak», azaldu digu Bidartek.
Baina kaxkarra dela dioen arren, ahots berezia du Pantxixek. Heavy metalaz elikatu da eta hori abesten ibilia da, haurrei ere Iron Maiden jarri die belarrien gozagarri ‘Beste bat’ saioen prestaketatan. «Ttipitan euskal kantua entzun dut batez ere. Gero rock pasarte hori izan eta folkera pasa nintzen eta handik berriz ere euskal musikara itzuli. Afrikako doinuetan ere sartu atera bat egin dut, bertako blues musikarekin dut interesa batez ere. Ni gitarrista naiz, baina ez ona. Hortaz, ene jokoa ene zerbitzurako bideratu dut eta ahotsa gehiago landu dut musika tresna baino», esan digu Hazparneko musikariak. «Gero seme alabak jaio zirelarik liluratuta egon nintzen haiei begira, mihiarekin zer nolako soinuak sortzen zituzten ikusita. Hartara, sortze hartan haiei begira ikasi eta ahotsarekin jolasean ikasi nuen. Hortik sortzen dira ‘Aita naiz’ kantuko soinu berezi horiek».
2008an, alaba jaiotzean, ‘Aita naiz’ kantua sortu zuen eta 2011n, semea bidean zela eta Leteren heriotzaren bueltan, sortzen da ‘Beste leku’ kantua. «Psikoanalisi handi bat dela esan daiteke diskoa. Letek, hiltzearen eta bizitzearen inguruan hitz egiten du bere liburuan eta horri heldu nion kantu horretarako. Kantuak urte askotan pilatzen joandakoak dira. Ordenagailuan bizpahiru disko ditut sekula kaleratu ez direnak, proiektua sortu eta hil direnak. Hortaz, eskas bat nuen nire baitan eta hau kaleratu dut, zertarako zehazki ez dakit, akaso artxibatuta izateko edo, baina barruak hori agintzen zidan. Diskoen aroa ez den honetan. Psikoanalisi moduko bat izan da», aipatu digu Bidartek.
Folkera saltoa Bretainian eman zuen ‘Guitar et chansons’ izeneko elkartean, han Frantziako musikarekin egiten ziren kantu-jira gisakoetan barneratu zen mundu hartan. Aro hartan piztu zitzaion kantari izateko gogoa, izan ere ordura arte Mister Saguak taldean koroak baino ez zituen egiten. Hartara, Bretainian gitarra akustikoarekin kantari hasi zen, baina Euskal Herrira itzultzean hasi zen sorkuntza lanean eta, besteak beste, Elaudi taldea ere osatu zuen. Hastapen haietan, 1999an sortu zuen ‘Paranoia’ izeneko kantua eta Mikel Laboaren ahotsa imitatuz jolasten zuen garai horretan: «Kantu hau behin baino gehiagotan grabatu nuen, baina azken bertsioa duela 12 urte grabatu nuenekotik gertu dago, naiz eta orain arte kaleratu ez», azaldu digu Bidartek.
Urtebete beranduago sortu zuen ‘Han eta hemen’ kantua, eztei batetarako propio egina. «Ezteietan eta ehorzketetan asko ibili naiz kantari. Eta hein batean pozik naiz, nola ez, horrek esan nahi baitu euskaratik hain gertu ez dagoen jendearentzat ere une garrantzitsuetan euskal kantari bat egoteak garrantzia duela, eta horrek ere badu bere esanahia. Baina kantu hau ez da biziki alaia eta ez da ezteietako kantu bat, baina horrela sortu zen, lagun baten ezteietarako», esan digu lapurtarrak.
Poesiak musikatuz
Gandiaga, Lete, Uribe, Bilbao, Zamora, Mirande… askoren testuak musikatu ditu Bidartek. ‘Just Love’ liburuko bi testurekin ‘Merguez Blues’ eta ‘Eresi’ kantuak sortu ditu, Itxaro Bordaren hitzetatik abiatuta. «Itxarok Euskal Herriari begira zer mezu zuen orduan eta egun duen ikuspegitik zenbat aldatu den konturatzea interesgarria da. Ez dut baloratuko ongi edo gaizki dagoen aldaketa hori, baina orduan idatzitako testua ez dut uste gaur idatziko lukeenik. Hortaz, nik maite dut nola testu batek zentzu desberdinak hartzen dituen ikustea eta biziki eder atzematen dut testu horrek 33 urte beranduago sekulako gaurkotasuna duelako», aipatu digu Bidartek.
Antton Lukuren lan bat berritu du ‘Hizkuntza batek’ abestian eta ‘Margaita’ kantuan Allande Oihenarten bertso batzuk musikatu ditu. Berak egiten duen galdera luzatu diogu Bidarti, Oihenartek zer pentsatuko lukeen, alegia: Egia esanda Oihenarten inguruan ez dago gauza gehiegi idatzita. Joseba Gabilondok ‘Babel aurretik’ izeneko tesian Oihenart nobleen inguruan zegoela aipatzen zuen. Baina Europako poesiaren mailan jarri nahi izan zuen Oihenartek euskarazkoa, Euskal Herriaren mugaren bi aldeak lotu zituen bere testuetan eta ez dakit zer pentsatuko lukeen 400 urte beranduago. Gainera, bidean Lafitte bezalakoek mespretxatu dituzte haren testuak, baita Oihenartek berak ere, gaztaroko poesiak zirela esanda. Ni kontent naiz egindakoarekin», azpimarratu du Pantxix Bidartek.
‘Errare Humanum Est’ diskoaren izena nondik datorren galdetuta zera erantzun digu: «Nik instintiboki sortzen dut musika eta bost hamar urte pasatzean hartzen diet askotan egindakoei esanahia. Duela hamar urte grabatu banituen ere grabatutako hori atxikitzen dut, akatsak baditu ere hori da atxikitzen dudana. Baina badu beste zentzu bat ere, gizakia tronpatu daiteke, baina ez al gara gu akatsik handiena? Izan ere kalteak guk sortu eta guk biltzen ditugu, hortaz, hori ere pentsarazten du diskoaren izenburuak», nabarmendu du hazpandarrak.
Kazetaritza saria irabazi berritan
Gaurkotasunari lotuta, Argia saria irabazi berri du Pantxix Bidartek ‘Zubiak’ irratsaioan egindako lanagatik. «Ni bigarren denboraldian sartu nintzen eta martxan zegoen zerbait zen, akaso freskotasuna edo ekarriko nion, ez dakit, zerbait ekarri izana espero dut saiora, baina Alaia Martinek du hemen meritu gehien. Gainera, pandemiarekin saioa ezeztatu da, dirurik ez zela-eta, eta hortaz sari hori nolabait ere une berezian iritsi da», aipatu du Bidartek. Euskaldunon arteko zubiak eraikitzeko zen saioa ordea ezeztatu egin da pandemiaren aitzakian: «Gure buruari badaukagu kritika egin beharra baikortasunaren inguruan, akaso baikorregi garelako askotan. Mugaren itxura fisikoki aldatu bada ere, guk frantsesak izaten jarraitzen dugu eta zuek espainiarrak eta muga bere horretan ez bada ikusten, ere ez digute nahi dugun hori eman behar. Eta baikortasun gehiegi egon da akaso horren inguruan eta segituan ikusi da pandemia batekin zein ahulak garen eta kulturari ere nola eragin dion. Batzuk eta besteak lanean jarraitzen dugun arren, gaitz horrek egunero presente jarraitzen du, hor dago muga lotzen duen zubian sekula desagertzen ez den Guardia Zibila, polizia, aduana… dena hor dago. Nor diren eta gu non nahi gaituzten erakusten jarraitzen dute», salatu du Bidartek.
Alaia Martinekin elkarlanik egitekotan ea egon den galdetuta, sekula enkarguz ez duela kanturik eskatzen esan digu. «‘Zubiak’ saioan beldurrari buruz egindako testu batekin kasik egin nuen abesti bat, asko baitziren ‘Zubiak’ saioa ixteko Alaiak sortzen zituen testu borobilak. Gauza da eskatzearekin zuk ideia bat ematen diozula idazleari eta badakizula zer esatea nahi duzun. Nik kontrakoa bilatzen dut, testu batek sortzen didan oihartzunetik idazten ditut kantuak. Dena dela, ‘Zubiak’ saioari bukaera emateko egin genuen elkarrekin abesti bat», aipatu digu lapurtarrak.
Kaleratu berri duen diskoa bandcampen eta belarriren webgunean dago eskuratzeko modua izan ere Matthieu Haranbourek kudeatzen du diskoetxea. «Elkarren banaketa sarean ere iparraldean behintzat bada eta espero dut hegoaldera ere iritsiko zela, aduanan geratu ez badute behintzat», dio ironiaz Bidartek. «Diseinu dotorea egin dute Uztarokoek, hortaz uste dut diskoa fisikoan ere aski polita dela. Modu librean sortu dute eta artelana egin», goraipatu du musikariak. Zuzenekoei begira, bide berria ireki eta Bizkaiko enpresa batekin ari da elkarlanean: «Usaian egon naiz etorriko direla hegoaldetik nire bila pentsatuz, baina lagunak baino ez zirenez etortzen, eta, ondorioz, bulego batekin jarri naiz kontzertuak lotzeko lanean», kontatu digu Pantxix Bidartek.
‘Beste bat’ saioetan azkena egingo du ostegun honetan lapurtarrak, eta, egiari zor, sekulako lana hartu du. Besteak beste, ‘Maiatz’ aldizkarian jasotako poesiak hartu eta haien bueltan sortu du saio bat. Hortaz, nahasketa nahikoa eklektikoak sortu ditu, Maiatzeko poesiak eta Iron Maiden uztartu dituelako Hazparneko musikariak.