Zuzenean

Itxialdian ‘Leihotik mundura’ begira jarri eta disko berria kaleratu du Sergek

‘Leihotik mundura’, horrela titulatu du Sergio Ruiz Gonzalez de Txabarri, ‘Serge’ (Zarautz, 1975), musikariak bere bigarren bakarkako diskoa. Pandemiak Eraso taldearekin zituen asmoak albo batera utzi eta bakardade horretan sortutako kantuak dira lan berrian jaso dituenak.

Audio_placeholder

Itxialdian ‘Leihotik mundura’ begira jarri eta disko berria kaleratu du Sergek

Loading player...
Arrasaten bizi da aspaldian Serge musikari zarauztarra. Bertan sortu du ‘Leihotik mundura’ diskoa. (Ricardo SANTA MARIA)
Arrasaten bizi da aspaldian Serge musikari zarauztarra. Bertan sortu du ‘Leihotik mundura’ diskoa. (Ricardo SANTA MARIA)

Single moduan aukeratu zuen ‘Dena itzaliko bagenu’ kantua Serge abeslari zarauztarrak, «irrati formuletarako eta errazena» zelakoan. ‘Leihotik mundura’ diskoa aurkezteko kantu hori eta ‘Maleta prest’ abestia erabili ditu aurrerapen modura. Bakoitza bideoklip banarekin eta minetik ari da kantari bietan. Disko guztia konfinamenduan osatuta dago.

Sergek esan digunez, «‘Maleta prest’ kantuan benetan dago mina». Bere bikoteak Aramaioko eguneko zentroan egiten du lan eta kontatu digu nola behin bertako egoiliar batek esan zion «nik horrela bizi behar badut, maleta prest dut». Sergek hori barneratu eta «hori edukiko dudanaren seinale moduan hartu dut, 40 urte lehenago idatzitako kantua dela esan dezaket. Zentro horretakoek, gainera gerraosteko miseria guztia ezagutu zutela ere gaineratu beharra dago. Izan ere Durango eta Gernikaz gainera, Otxandio ere bonbardatu zuten eta Aramaiorekin muga egiten du», nabarmendu du Sergek.

Maleta ere prestatu zuen berak duela urte batzu, Arrasatera joan zelako eta lauzpabost zarauztar bizi direla bertan esan digu. «Baina, alderantziz, Arrasateko askok du etxea Zarautzen. Nire belaunaldiko askok herritik ihes egin behar izan du, herritik bidaltzen gaituzte. Gaur egungo politikek hori horrela izatera eramaten du. Eta, esaten didatenean, «zer egiten duzu hemen?» Erantzuna argia da: «zuek, arrasatearrok, etxea han erosten duzuelako». Hori da errealitate gordina. Eta herrimina izaten dut, baina izan behar dela ere uste dut», dio Sergek.

Esan bezala, bideoklip bana egin du ‘Dena itzaliko bagenu’ eta ‘Maleta prest’ kantuekin. Bigarrenak Sergen aburuz, «bizipoza sortzen du, gertutasuna du eta irudiekin humanizatu egiten da kantuaren krudeltasuna. Beste bideoklipa, berriz, zarauztar batentzat berezia den une baten ikuspegitik dago eginda, hondartzan eta gauean». Eraso taldean lagun duen Nestor Urdanpilletak egin ditu bideoklipok. «Etxeko bideoak dira, gertukotasunari keinu bat izan dira. «Gauero faroari begira geratzen naizenean» dio Gari Berasaluzek poesia batean eta hori da irudikatzen dena», azaldu du musikari zarauztarrak.

Baxua, bateria, gitarrak eta programazioak entzuten dira ‘Leihotik mundura’ diskoan. Sergek azaldu digunez, gitarrak bakarrik dira instrumentu organikoak, gainerakoa programazio eta sintetizadoreekin grabatuta dago. «Mikel Albiztur izango da atmosfera hori zuzenera eramaten lagunduko didana. Diskorako Eñaut Gaztañagak esku berezia izan du eta berak jantzi ditu abestiak. Nik aurkeztutako kantuak, folk-pop ukituak dituenak abangoardiara eraman ditu, ñabardura askorekin. Esaterako, ‘Maleta prest’ kantuan, gitarrarekin soilik egindako bertsioa nuen eta gerora beste bi ere sortu genituen. Lagunei erakutsi eta denek jantzitako abestia aukeratu zuten. Hortaz, hura sartu behar izan dut diskoan. Izan ere musikariok gure lanaren inguruko objektibotasuna galdu egiten dugu batzuetan, freskotasun falta izaten dugu kantua behin sortu, grabatu eta hainbat aldiz entzunda. Nik lagunei kantua jartzean haien aurpegiak eta begiratzen ditut entzuten duten bitartean eta horrela aukeratzen dira singleak eta abar. Besteen iritziari ere garrantzia ematen diot», azpimarratu du zarauztarrak.

Mezu indartsuko kantuak
Akorde desberdinak erabiltzen ditu ‘Mezua’ kantuan, «sekulan ere erabili gabekoak. Eta eguzki izpiak aurpegian jotzen ari direla irudikatzen dut kantua. Konfinamendutik irten berritan mendi aldera joan eta zuhaitz artetik eguzkiak jotzen zidala gogoratzen dut, mugikorrean kantuen demoak entzuten nituen bitartean». Mezuaren garrantziaz hitz egiten du abestiak eta mezu batek sufrimenduarekin bukatzen duela. Baina zein den pozik emango lukeen mezua galdetuta, zaila jarri diogula esan digu Sergek: «oso bogakoa den mezua emango dut, musukoaren erabilera bukatu dela esango nuke pozarren. Baina baita beste mila mezu ere, disko kontzeptual bat osatzeraino».

‘Keak iraun bitartean’, kantuaren atzean sua dagoela kontatu digu zarauztarrak eta dena ustelduta zegoela gaineratu. «Eusko Jaurlaritzak gaizki kudeatutako egoera batean bizi gara eta tentel moduan hartu gaituzte. Lainoa dela uste genuena kea zen benetan. Eta hobeto lelotzat hartu gaituztela esatea beste zerbait esan baino», salatu du Sergek.

Testu guztiak berak idatziak diren arren, kantu bat osatzeko ‘Amaitu gabeko puzzlea’ kanturako, Gari Berasaluzeren testu bat erabili du Sergek: «‘Enarak itzuli dira’ diskoa eta liburua atera ziren garaian, nik irakurri gabe nuen poema pare bat sartu zituen liburuan Garik. Gero, zuzenekoak egiten genituenean, poesia eta kantuak uztartzen genituen; hark bi poesi, nik bi kantu eta horrela osatzen zen emanaldia. Tartean hau ere errezitatzen zuen. Oñatin eman genuen bigarren kontzertua, eta, hau irakurri zuenean, publikoa asko hunkitu zen. Jendea negarrez zegoen. Izan ere poesia honen atzean dagoen istorioa gogorra da. Igor Angulok preso zegoela astero etxera puzzleko piezak bidaltzen zituen, puzzlea bukatzean askatasuna lortuko zuelako. Bada, pieza gutxi falta zirela, ziegan urkatuta bilatu zuten eta hori da kantuan kontatzen dena. Noski, hori jakinda, beste indar bat hartzen du kantuak. Beti saiatzen naiz memoria historiko pixka bat behintzat sartzen kantuetan. Gauza asko baititugu kontatzeko, eta horrelako kontuak gogoratzea ongi dator», aipatu du Sergek.

Lagunarteari eskainitako kantu batekin agurtu dugu elkarrizketa, ‘Bukaeraren hasiera’ deitutako abestiarekin. Uda bukatzean bakoitzak bere bidea hartu eta horrek sortzen duenaren inguruan idatzi du kantu honetan. «Aspalditik nuen ideia bueltaka eta konfinamenduan idatzi behar», aipatu digu umorez Sergek.

Elkar diskoetxearekin kaleratutako lana
Eraso taldearekin ere mantentzen du bere aktibitatea Sergek eta 2020an berez Erasorekin grabatu behar zuten diskoa, Serge moduan ez zuen aurreikusten lan berririk. «Baina entseatzeko modurik ez eta nire buruarekin geratzen nintzen entseatzeko, eta ez zidanez ezetzik esaten, Serge moduan sortu ditut kantuak eta diskoa kaleratu», aipatu digu zarauztarrak.

2021ean 25 urte betetzen ditu Eraso taldeak eta zerbait berezia egin nahi zuten, baina azken bi hilabeteetan ezin izan dute ostegunetako hitzorduarekin bete. «Anplia piztu, gitarra entxufatu eta adrenalina soltatzearen falta badut, jakina. Gainera Orozko Rock bertan behera geratu zela jakin dugu duela gutxi eta gero Dimetalfesta ea egiten den. Beldur naiz haiengatik ez ote den berriz ere atzeratuko. Herri txiki batek halako jaialdia antolatu eta pena litzateke berriz ere atzeratu behar izatea. Herri guztia dago proiektu horretan sartuta eta sekulakoa da egiten duten lana», azpimarratu du Sergek.

Gauzak horrela, Elkar diskoetxearekin atera du bakarkako bigarren diskoa: «Grabazioak egin eta gero, berez autoekoizpenerako bidea hartzera zihoan. Baina Elkar-era deitzea bururatu zitzaidan, ezezkoa aurretik baneukalako. Elkarrekin sekula ezer ere egin gabe nintzen eta bertako arduradunarekin, Andres Kamio ‘Jitu’-rekin, pare bat aldiz entzun nuen diskoa eta baiezkoa eman zidan. Eta, ordurako, irratian dagoeneko entzuten hasia zen egia esanda. 2020an grabatua nuen arren, 2021a arte itxaron nahi izan dut ‘Leihotik mundura’ kaleratzeko eta atzeratze horrek eman zidan aukera Elkar-ekin hitz egiteko.

Diskoaren azala alabak, Ingek, egindakoa da. «Berez marrazkia luzeagoa da eta karratura moztu behar izan dugu halabeharrez. Irudi originalaren goiko ertzean ‘hiria’ dela idatzi zuen ingek eta gero eraikinetako bat ‘ospitalea’ dela ere jartzen du, baina ez da Arrasateko ospitalea, nahiz eta hura ere koloretsua izan. Diskoaren atzeko azalerako ere alabaren beste marrazki lanetatik ateratako koloreak hartu ditu Nestor Urdanpilletak, harka maketatu baitu lana», azaldu digu Sergek. Kolorea alabak jarri die aitak zuri beltzez idatzitako kantuei, beraz. Gainera, Ingek irudikatutako hiri horretan ikusten diren leihoetatik sortzen da ‘Leihotik mundura’ kontzeptua.

‘Leihotik mundura’ diskoa Elkar dendetan, bandcampen eta bulegoibiltaria@gmail.com helbidera idatzita eskuratu daiteke. Aste honetan ekingo dio zuzenekoei eta bertan ere izango da diskoa eskuratzeko aukerarik. Munitibarko Kultur Etxean izango da ostiralean eta larunbatean, berriz, Lekunberrin izango da ‘Larraungo printza’ gunean. Esan digunez berarentzat ere berezia da halako herri txikietan jotzea, bertako jendea ezagutzeko aukera izaten delako. Herria janzten dutenak pertsonak baitira.

Jaurlaritza Logoa