Zuzenean

‘Bizitzaz goxatu’ behar dugula gogorarazi digu Trikidantz taldeak beren bigarren diskoan

Herriz-herri eta auzoz-auzo ibiltzen den talde horietakoa da Trikidantz. Euskal Herriko mila txokotan aurkitu izan ditugu, baina azken urtean hori guztiz desberdina izan da. Hartara, diskoa kaleratu dute eta berriz ere errepidean dira ‘Bizitzaz goxatu’ aurkeztu asmoz.

Audio_placeholder

‘Bizitzaz goxatu’ behar dugula gogorarazi digu Trikidantz taldeak beren bigarren diskoan

Loading player...
Baztanen izandako uholdeak eta han sortutako elkartasuna gogoan izan dute Trikidantz taldekoek disko berrian.
Baztanen izandako uholdeak eta han sortutako elkartasuna gogoan izan dute Trikidantz taldekoek disko berrian.

Trikidantz taldekoak une nahiko goxoan harrapatu ditugu MusikHaria saioan. Urtea bukatu aurretik kaleratu zuten ‘Bizitzaz goxatu’ diskoa, nahiz eta hasiera batean udaberrian grabatzeko nahia zuten udan aurkeztu ahal izateko. Izan ere iazko otsaila bukaeran data asko iragarri zituzten eta kontzertuz betetako urtea eta diskoa aurkezteko urtea zena zaplastako batek eraman zien. Esan bezala, 30 data iragarri zituzten eta, gauzak normal joanda, 60tik gora izango zituzten. Gainera, disko berriaren aitzakian euskal herrian zabaltzeaz gainera gure mugetatik kanpora salto egiteko nahia zuten eta horretarako lanean dabiltza. Baina errealitatea bestelakoa izan da eta 2020an bi kontzertu baino ez zituen eman Trikidantzek.

Diskoari irekiera ‘Herri bat gara’ kantuak ematen dio eta gazia gozo bilakatzen saiatu dira Trikidantzekoak. Baztanen 2014. urtean izan ziren uholdeen aurrean herriak emandako erantzuna goraipatu nahi izan dute. Kajoian, giltzapean zuten kantua eta behin triskantza hura pasa eta gero jendeak erakutsi zuen indarra nolakoa izan zen gogorarazi nahi izan dute kantuari hautsa kendu eta diskoan sartuz. «Auzolanak duen garrantzia sekulakoa da herri txikietan. Diru iturria murritza delarik, auzolana oso ondo etortzen da eta egun herri guztiak hartzen du parte. Lehen gizonak ziren halakoetan aritzen zirenak eta egun aitzurra eta pala eskuan hartu eta denak batera joaten gara», kontatu digu Arkaitz Mindegiak. Eneko San Sebastianek kontatu digu bere inguruan nola izaten den: «Iruñerrian auzolana baino herrien arteko indarra eta lotura dago, zendea osoko herrietako jendea biltzen gara zerbaitetarako laguntza behar denetan».

Izan ere, Trikidantz taldekoek herri txikietan sekulako harrera jasotzen dute: «Urte asko daramagun tokietan herritar bat gehiago bezala hartzen gaituzte Bakaiku, Zurukuain edota Agoitzen, gerturatzen garenerero herritar bezala hartzen gaituzte eta pandemiarekin ere harremanak estua izaten jarraitzen dut. Gainera, crowdfundingarekin ere hori ikusi da, izan ere ekarpen gehien egin dutenak herri horietakoak dira. Urteen poderioz esperientzia irabazi eta jende onarekin elkartuz, lortu dugu batetik bestera ibiltzea eta jendearen maitasuna eskuratu dugu», kontatu digute taldekideek. Diskoa itsulapiko komun batean dirua jarri dutenei esker kaleratu dute, bakoitzak egiten zuen ekarpenarekin gero gauza bat edo bestea eskuratu zuen, baina gutxienez 6.000 euro behar zituen taldeak eta langa hori jendeari esker gainditzea lortu zuten.

Ordu askotako erromeriak ematen dituzte eta behin bi disko eta pandemia etorrita, Arkaitzi, taldeko helduena izanik, ea ez ote dion kontzertuetara mugatzera tentatzen egoerak galdetuta erantzuna argia izan da: «Ez. Egia da abantailak dituela kontzertu laburrak eskaintzeak, ordu eta erdi jo, goiz itzuli etxera eta hori guztia. Baina, gaueko ordu txikietan, kalimotxoa gora, muxu bat albora… faltan botatzen dudan zerbait da, parrandazalea naizelako ere izango da akaso». Leire Onsalok ere nostalgiaz gogoratu du plazako giroa: «‘Bizitzaz goxatu’ hori ere bada, parranda giroa sortzea ere asko gustatzen zaigulako. Jendeak zeinen ongi pasatzen duen zurekin ikusteak poza ematen dut eta gure oholtza gaineko festa ere sortzen da hori gertatzen denean; eta, hara eta hona gabiltzan arren, disfrutatu egiten dugu musika joz eta jendearekin egonaz».

Euskara hartu eta eman beharreko ondarea
Diskoan badute beste kantu bat euskarari eta haren erabilerari idatzia, ‘Hartu eta eman’ izeneko abestia. Umetan euskaraz jolastetik orain euskararen erabilera ia-ia galtzera pasa da Eneko: «hiztegi erdia galdu dut nahiz eta biltzen garen euskaraz hitz egiteko, baina hemen ez da askorik entzuten». Arkaitzek kontatu digu ordea, plazan dabilenetik eremu ez euskalduna katalogatu den horretan helduak zein gazteak euskaraz ari direla, Tuterara joan eta euskararen presentzia dagoela «agintarien nahiaren kontra» eta ikusita eremu ez euskaldunetan aurreko gobernuak D eredua publikora ere zabaldu izanak bere fruituak ekarriko dituela datozen urteetan. «Eta dagoeneko ikusten ari gara, ez eskolarekin bakarrik. Euskal kulturari dagokionez ekitaldi ugari antolatzen dira eta Bertsolari txapelketa bera Tuteran hasi zen eta hor ibiltzen garen euskaldun guztiak indartzen gaitu halako zerbaitek».

Leire irakaslea da Baztan bezalako arnasgune batean, baina bere begiekin ikusten dute LH 5-6 inguruan erdarara salto egiten duela ume askok. «Egia da kalean euskara dela nagusi eta euskara bizi-bizi dagoela Baztanen, baina adin horretan ez dakigu zer pasatzen den eta erdarara salto egiten dute. Euskara ‘behar’ denean baino ez dute erabiltzen. Egia da, zorionez, 15-16 urterekin berriz ere euskarara itzultzen direla, helduek egindako transmisio lanak eraginda-edo. Giro arras euskaldunean bizi gara eta horrek ere egiten du nahiko fite itzultzea euskarara, baina erabaki pertsonala da bizitzan ditugun izkina guztietan bezala. Euskaraz jakin eta euskaraz mintzatzen ez direnak non gauden ikustea da kantuaren helburu bat eta ez dakitenak ere ikastera animatu nahi izan ditugu abestiarekin».

Bertsolariak aipatu eta Euskal Herriko txapelketako saio bat osatzeko adinako seikotea osatu dutela diskoan letrak egiten parte hartu dutenekin ohartu gara: Eneko Fernandez, Xabier Maia, Oihana Iguaran, Ander Lizarralde, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina izan dituzte letragile, eta diskotik kanpora Jon Maiaren kantu bat geratu da, «baina nork daki pandemiak jarraitzen badu 2021ean gehituko ote dugun zerrendara», dio Mindegiak. «Beren prestutasuna erakutsi zuten hasieratik, batzuk bi kantu egin dizkigute eta eskertzekoa da lan hori, izan ere beren letrek jantzi dituzte gure abestiak. Gai batzuk finkoak ziren eta helburu batzuk jarrita genituen, baina bertsolariek inprobisatzeko aukera ere izan dute. Hau da, oreka bat egon da mezuaren eta inprobisazioaren artean. Aldarrikapena, tristura, alaitasuna denetarik bildu nahi izan dugu eta egoera guztietan goxatu beharra dagoela, hori da orokorrean transmititu nahi izan duguna», kontatu digute Trikidantzekoek.

Estilo oparotasuna
Estilo asko jorratu dituzte diskoan, plaza talde batean ohikoa denez. Eneko San Sebastian taldeko baxu jotzailea da eta kontatu digu bera hein batean ohitua zela estilo aniztasunera, aurretik ere orkestra batean aritua zelako. Orkestrek Nafarroan oraindik ere presentzia handia dute eta herri askotan elkartu dira behin baino gehiagotan Trikidantz taldekoak halako talde batekin, baina bi mundu dira errepertorioari eta publikoari dagokionez. Horren inguruan hizketan Arkaitz Mindegiak kontatu digu garai batean Trikidantzek Operación Triunfoko abestiren bat edota Las Ketchup taldearen ‘Aserejé’ jo izan duela.

Fandangoak eta arin-arinak ezin zuten hutsik egin diskoan eta biak jarraian jarri dituzte, «ikasi dugun bezala eta ohitura mantenduz. Arin-arin bat soltean ere ez da jotzen sekula. Eta plazan presentzia handia dute fandangoak eta arin-arinak. Bertsio oso ezagun bat jo, atzetik bestea eta, plaza goi-goian dagoen unean, fandango eta arin-arina eskatzera etortzen zaizkigu askotan. Hori gertatzen denean harrituta geratzen gara», kontatu digute Trikidantzekoek. Tempoa eta piezaren iraupena plazarako egokitu dute eta hori Mikel Fagoaga bateria-jotzailearen lana izan dela esan digu Mindegiak, «hori bai, gero plazan ikusi beharko, jendeak egiten dituelako keinuak halako kantetan hankek eta hauspoak gehiago ematen ez dutenean».

Musikkii estudioan grabatu dute diskoa eta «etxean bezala» aritu dira. «Lizarrako LUR soinuak enpresarekin egiten ditugu zuzenekoak eta bertatik ezagutzen dugu Adrián Vallejo, gainera harekin grabatu genuen lehen ere ‘Keinu konplizeak’ eta oso pozik geratu ginenez, berriz ere harekin egin dugu lana. Gidak grabatu eta Adrianek ekoizpena egin digu, hala ideia asko eman zizkigun eta kantuek asko irabazi zuten horrekin. Esan beharrik ez dago zeinen ongi egon garen», kontatu digute taldekideek. Kolaborazioak ere izan dituzte eta haien artean Baztango herritarrak, Bertan elkarteko dendariak, Jaione Larrek irrintziak botatzen eta Arkaitzen bi arrebak perkusioan izan dira parte hartzen.

Diskoaren diseinuan mimo handia jarri dute eta Elizondoko Juan Angel Perotxenak, Malmo estudiokoak, egin die. «Harremanetan jarri ginen eta pertsona aproposa zela iruditzen zitzaigun. Etengabeko komunikazioa izan dugu, mimoz landu eta zerbait freskoa eskaini nahi izan dugu», kontatu digu Leire Onsalok. Merchandising gehiago ere kaleratu dute eta ohikoa den moduan kontzertuetan eta sare sozialetan eskuratzeko moduan jarri dute. «Guk txintxo-txintxo eskariak postaz bidaltzen ditugu», esan digu Mindegiak.

Orain arte antzokietan eta plazatan izan dira ‘Bizitzaz goxatu’ aurkezten, ordu eta erdi inguruko emanaldian. Tafallan hasi, Iruritan, Donezteben, Bakaikun, Durangoko Azokako «sekulako esperientzia», Iturenen, Burlatan eta Agoitzen izan dira diskoa atera dutenetik. Pozik daude orain artekoarekin, baina udaberriarekin etortzen da kontzertuen denboraldi berria eta kontzertu berriak etorri-etorriko diren arren, datak erabat zehazteke dituzte. «Hala ere badakigu Hondarribian, Lodosan, Zurukuainen eta Goizuetan izango garela, eta, gero, normaltasunera itzultzen bagara, Etxalar, Arantza edota Iruñerriko Galarren kontatzen dutela gurekin. Orain, zer izanen den hemendik aitzinera, auskalo. Baina bestela orain arteko formatuari eusteko asmoa dugu, ez dugu nahi 2020an bezala bi kontzerturekin geratu», kontatu digute Trikidantzekoek.

Inflexio puntua izatea nahi zuten diskoa, baina ez berengan soilik, baizik eta egin duten lanarekin jendeak hausnartu dezan nahi dute: Gelditzea, pentsatzeko denbora hartzea… eta Trikidantz bezalako talde batek geldirik egoteko esatea, zerbait berezia bada behintzat. Odei Berraderen gitarraren akordeek agurtu dute elkarrizketa, ‘Maitasuna’ banatuz.

Jaurlaritza Logoa