Zuzenean

Iker GURRUTXAGA

'Bakarrilketa': norberaren buruari bakarrik begiratuz gero ematen den heriotza

Estreinako lanari izenburu hori, 'Bakarrilketa', jarri dio 'Pleura' talde nafarrak. Grabatu eta ia urtebetera ikusi du argia 'Maldito Records' zigiluarekin atera duten diskoak. MusikHaria saioan izan dira egindakoa aurkezteko.

Audio_placeholder

'Bakarrilketa': norberaren buruari bakarrik begiratuz gero ematen den heriotza

Loading player...
Lehendabiziko lana kalean dute 'Pleura' taldekoek urte guztian hozkailuan eduki eta gero.
Lehendabiziko lana kalean dute 'Pleura' taldekoek urte guztian hozkailuan eduki eta gero.

Nafarroa iparraldeko talde bezala aurkezten dute beren burua 'Pleura' taldekoek, eta ez da harritzekoa, Baztango bi, Doneztebeko bat eta Leitzako bat baitira taldea osatzen dutenak. Ordena alfabetikoan jartzea komeni, gainera, gaizki-ulerturik ez sortzeko.

Rockaren espektro zabalean jorratutako doinuak biltzen ditu 'Bakarrilketa' izeneko diskoak. Eta, titularrean, nolabait ere haien hitzak laburtzeko saiakera egin dugu. Izan ere, kantuetan kontatzen dutena azkenean hori da, bakoitza bereari begira bizi garela eta inguruari ez diogula behar beste erreparatzen. Hartara, naturari edota baztertutako kolektiboei keinuak egin dizkiete 'Pleura' taldekoek.

Laukoteari ahotsa Olaia Intziartek jartzen dio kantuetan. «Ahots fina dudan arren, saiatzen naiz batzuetan ahalik eta gorputz gehien ematen, azkenean kantu estilo honek hori eskatzen du». aipatu digu abeslari baztandarrak. Musika gogorraren eta 90. eta 2000. hamarkadako taldeen eragina nabarmena da. '+/-' abestian, esaterako, 'System of a Down' talde estatubatuarraren doinuak etortzen zaizkigu burura. «Josu Ervitirekin grabatu dugu diskoa eta gauza bera aipatu zigun. Baina, kantuaren sarrera 'Camarón de la Isla' entzutearen ondorioa izan da», azpimarratu du Intziartek.

Kantuen hitzei garrantzia berezia eman zaiola argi erakutsi dute, baina ez esaten dutenagatik bakarrik, baita nola esaten duten ere. Hitzen fonetika bere horretan errespetatzeko ahalegin berezia egin baitute 'Pleura' taldekoak. «Estudioan ginela oraindik ere puzzlea osatzeko lan handiak egin ditugu, esan nahi genuenaren zentzua galdu gabe hitzen doinua eta erritmoa bere horretan izan zitezen nahi genuelako», kontatu digute taldekideek.

Kontzertuak emateko garai zail hauetan, kamisetak eta diskoak saltzea da haiek orain behar dutena. Horretarako, beren sare sozialetan zein 'El Tridente' webgunean sartu besterik ez dago. «Aurreko urtean sartu ginen diskoa grabatzera, pandemia hasi aurretik bota genuen lehendabiziko singlea eta orain arte ez dugu kaleratu nahi izan egoera dela-eta. Baina ikusitakoa ikusita, diskoa ezin genuen hozkailuan gehiago eduki. Etorriko dira kontzertuak emateko garai hobeak eta bitartean jendeak entzun dezala egin duguna», gaineratu dute 'Pleura' taldekoek.

Haien kantu batean horrela diote: «Eta badakizu musikak bizitzak salbatzen dituela, eta badakizu...zurea salbatu du eta». Askorentzat egia handia dena, esaldi bakar batean laburbildua.

Jaurlaritza Logoa