Boskotean osatutako diskoa da ‘Hegaldiak’, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldearen azkena.
Boskotean osatutako diskoa da ‘Hegaldiak’, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldearen azkena.

«Beldurrik ez dugunean eta lasai gaudenean, jolastea oso polita da»

Musikarekin jolasean aritu da Iker Martinez de Zuazo (Oñati, 1977) eta Zaldi Herrenak lagun hartuta, bakarkako hirugarren diskoa kaleratu du, ‘Hegaldiak’. Doinu gozoak eta zentzu bikoitza hartzen duten mezuz betetako hamar abesti jasotzen ditu bildumak.

Audio_placeholder

«Beldurrik ez dugunean eta lasai gaudenean, jolastea oso polita da»

Loading player...

‘Dantzatu nirekin’ abestiarekin jakin genuen disko berria ekarriko zuela Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldeak. Baina Iker bera dantzaria ote da? «Dantzariarena titulu handia da, baina gustatu gustatzen zait dantzatzea. Zure gorputza eramaten uztea, erritmoan sartzea… polita da. Baina dantzan ez dakit, ahalegindu ahalegintzen naizen arren. Ipurdia aulkian eserita dantzatzearena, ordea, txapuza bat da eta horrela dantzan aritzea ez da dantzan egitea. Parrandan dantzatzea gogoko dut eta laster iritsiko da horretarako aukera ere», esan digu musikari Oñatiarrak.

Hard rockaren esentzia hartu diogu diskoari abesti batean baino gehiagotan eta ez da harritzekoa, Potemkin edota Latzen bezalako taldeetan gitarra jotzen ibilia baita Martinez de Zuazo. «Diskoa taldearekin egin dut eta hasieran etxean eginda neukana baino biziagoa da diskoa. Bost lagunekin egindako abestiak dira, pertsona alaiak gara eta elkarren lagunak. Hala,  aldarteak eta momentuak hori eskatzen zigun, musika bizia egin eta elkarrekin ondo pasatzea. Gero nik barruan neukana ere hori zen eta izan daiteke hard rock pixka bat izatea. The Cult bezalako taldeak gogoko ditut eta ni ere musika gogorragotik nator eta erritmo eta estrukturek akaso badute estilo horietatik zerbait», gehitu du.

Fredi Pelaez eta Ane Arruti izan dira diskoan aritu diren kolaboratzaileak. Irekiera kantutik entzun ditzakegu biak ala biak eta pozik dago Iker Martinez emaitzarekin: «Emakume ahotsarekin kolore berezi bat sartzen da abestian eta asko irabazten du. Orokorrean nik uste dut diskoa interesgarria eta polita izateko, bakoitza bere neurrian jarrita, baina kolore asko izan behar dituela, koadro baten antzera, asko irabazten du disko batek ere koloretsua bada».

Hitzen eta melodien geruzak
Maitasunaren ikuspegitik idatzitako abestiak dira ia denak, baina abiapuntua hori izan arren, beste mezu batzuk ere helarazi dizkigute Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldekoek: «Maitasunak momentu asko ditu, ikuspegi asko… ‘Bakarrik joango da’ kantuan, esaterako, berriz hastearen pribilegioari buruz ari da. Bidean geratu den horrekin kontzientzia lasai edukita, aurrera begira datorrena hartzea zeinen polita den kontatzen dut bertan».

Geruza asko dituen kantuak osatu dituzte eta hori ordenatzen lana izango zuten nahasketak egiterakoan, edo hori da burura etorri zaiguna hiru gitarrako formazio askorik ez baita ikusten gaur egun: «Iron Maiden eta gu, kar-kar. Ez da erraza, baina gure abantaila da kantua sortzen den momentutik hiru gitarra daudela eta bakoitzak bere espazioa duela. Nik gitarra askorik ez dut jotzen eta tartean akustikaren bat sartzen dut erdian, baina gero beste biek beren mezu eta konponketak jotzen dituzte eta hor dago guztiaren funtsa». Ikerri gitarra edo abestea zer duen nahiago galdetu diogu: «Abestea asko gustatzen zaidan zerbait da eta geroz eta gutxiago jotzen dut gitarra eta gehiago abestu, kantuetan ahotsean zentratzeko, hori eskatu baitu taldearen dinamikak. Baina, egiari zor, gitarra berri bat erosi dut eta horrekin ere banabil. Dena dela, pianoarekin ere jolasean banabil eta hori ere sartu dut diskoan. Gitarra denborak geroz eta laburragoak dira, azken hilabetean kenduta. Erronka berriak hartzea eta musikarekin jolastea, hori da gogoko dudana».

Jolasean aritzetik gaizki-ulertuak izatera ordea tarte txikia dago eta hori ere aipatu du bere kantuetako batean: «Beldurrik ez dugunean eta lasai gaudenean, jolastea oso polita da. Oso momentuko gauza da eta unean ondo pasatzeko modua da jolasa. Baina gero norberak bere buruarekin duen konfiantza faltak eta beldurra sartzen dira, etorri daitekeenari edota atean utzi dugunarekin izaten diren zalantzak. Gure naturalezan dago jolasa eta umetan argi ikusten da, jolastea, ukitzea, harremanak izatea… beharrezkoak direla eta hori ez da ahaztu behar».

Etxearen kontzeptua ere landu du disko honetan. Harreman bat norberaren etxe bihurtu daitekeelako batzuetan eta norberaren etxea zein den ahaztu: «Etxearen kontzeptua oso aldagarria da, etxea toki fisikoa edo emozionala izan daitekeelako. Askori pasatzen zaio, erbestean batez ere, etxea han eta hemen duela eta ez dakiela non duen bere benetako etxea eta sentsazio arraroa da».

Andoainen eroso
Garate estudioan grabatu dute diskoa beste behin, Martxel Arkarazo eta Iñaki Zubiarekin. «Martxoan grabatu genuen eta guretzako oso erosoa da Garate. Gure etxe musikala bihurtu da, konfiantza eta lasaitasuna lortzen ditugulako bertan eta estudioko esperientzian hori ez da erraza izaten. Bertako jendea oso jende jatorra da eta asko laguntzen gaituzte», aipatu du Martinez de Zuazok.

Oraintsu, hirugarren aurrerapen kantu bezala atera berri da ‘Itxi begiak’ kantua, bideoklip eta guzti. «Jende asko inplikatu da, ilusio berezia jarri dugu bertan, oso polita geratu da, lan asko egin dugu eta oso desberdina da. Kontzeptu polita eta estetika berezia ditu Laszlo Hacek-k egindako bideoak. Ibilbide luzea egin dezakeela uste dugu». Kantuaren esanahia ere sakona da Iker Martinezek berak esan digun moduan: «Ez gara ohartzen, askotan, zeinen sinplea den maitasunak funtzionatzea eta gauza txikietan erreparatu behar izaten da horretarako. Gazteleraz esaten da benetan garrantzitsua den hori ikusgaitza dela eta askotan begiak itxita konturatu ahal gara edo sentitu dezakegu benetan garrantzitsua den hori, gure barruan dagoelako eta ezin delako ikusi».

‘Azken porturarte’ abestiarekin 66 ibilbide mitikoa ere etortzen zaigu burura. Hala, Martinez de Zuazori galdetu diogu ea zein litzatekeen bere azken portu idilikoa. «Ez dut irudikatzen amaiera batekin kantu hori, ziurrenik puntu batetara iristen zarenean, gero, beste helmuga bat bilatzen dugulako. Zorionez, borobila da mundua eta beti dago aurrera egiteko bidea. Portu batera iristean bazkaldu, afaldu eta aurrera, ez dago bukaerarik. Kantu hau bada ‘road movie’ batetarako balio dezakeena edota bidaia batean entzuteko moduko kantua,irudi horrekin jolasten duelako: kotxea, martxak aldatzea… Niri gustatzen zaidan irudia da errepidearena eta kotxearena, eta klasiko bat da zinema munduan», azaldu du oñatiarrak.

Parean duguna maiz ez omen dugu ulertzen dio ‘Hegaldiak’ diskoan Iker Martinez de Zuazok. Baina parean duenak uneoro zer pentsatzen duen jakin nahiko al luke?: «Momentu konkretu batzuetan ederra litzateke parekoak zer pentsatzen duen jakitea, baina bizitzaren misterioaren zati da hori ere eta erlazioak ez lirateke normalak izango guztia jakingo bagenu. Norberak jakin behar du besteak bizitza pertsonala duela eta errespetatu egin behar dela bestearen barne mundua, bere sekretu eta beldur guztiekin, eta hori ere polita da».

‘Ahaltsua’ diskoko kantu intimoena ote den galdetuta, horrela erantzun digu: «Oso barruko kantua da eta niretzako kantu espirituala da. Maitasun kantu bat da, nirekin ez dagoen aitari idatzitako abestia. Nahiz eta bertan ez egon, bere indarra eta bera zena nire barruan dagoela eta bizitzan aurrera egiteko eta parean dudana ulertzeko laguntzen didala kontatzen dut bertan». Aurretik esan duen moduan pianoa jo du disko honetan, eta abesti hau izan da eseri eta hatzekin marfil koloreko teklak jotzen aritu dena, pop britaniarrera eramaten gaituen melodiarekin: «Ez da lehenengo aldia esaten didatena kantu britaniarra dirudiena. Fredi Pelaezek, hainbat kantutan pianoa jo duenak, esan zidan Coldplay ekartzen ziola burura, eta aizu, hori horrela bada, ongietorria egindako iruzkina».

Zuzenekoak azarotik aurrera
Zuzenean aurkezteko moduan izango dira laster ‘Hegaldiak’ lana, sorta handia ez bada ere lotuta dituztelako data batzuk. «Baina oraintxe Iñigo aita izatera doa eta hilabete bateko tregua emango diogu, azaroa bukaeran zuzeneko aurkezpenekin hasteko. Baditugu data batzuk lotuta eta beste batzuk lotzeko bidean. Guretzako denak zentzua hartzen duen tokia, bostok elkarrekin musika jotzen gaudenean izaten da. Gure helburua hori da, beste dena horretara iristeko zirkunstantziak dira, gustura egiten direnak, baina helburua ahaztu gabe», nabarmendu du Iker Martinez de Zuazok.

Almehuna zigiluarekin kaleratu dute diskoa, zigilu arrotza akaso askortentzat. «Almehuna Oñatiko taldeek osatzen dugun zigilua da, Sharon Stoner, Bizarro, gu geu… Ez dugu gehiegi garatu, baina denok antolatu eta, adibidez, Durangoko Azokan egoteko balio izan digu, elkarrekin gauzak egiteko. Indarrak eta denborak laguntzen duen heinean, joango gara Almehuna garatzen. Oñatin oraintxe talde ugari dabil lanean: Bizarro, Larru Beltzak, Mila modu… bezalako taldeak ere badaude, eta musika mugimendu dezente du herriak».

Diskoa fisikoki Elkar dendetan eta haien webgunean eskuratu daiteke, baita Oñatiko Boga tabernan ere eta digitalki YouTuben, Spotifyn edota Badok atarian entzun daiteke.