Zuzenean
2021eko udazkenean 10 abestiz osatutako ‘Rolan Garcés & Bandatze’ lan luzea kaleratu zuen artista Rolan Garcés artista nafarrak. Diskoa leku desberdinetan grabatu dute, alde batetik, abeslariaren etxean grabatu dituzte abesti batzuk, eta, bestetik, Guillermo F. Mutiloaren Motu estudioan ere grabatu dituzte beste hainbat. Diskoa osorik kaleratu baino lehen, urte hasieran, diskoa zabaltzen duen ‘Urrun’ bideoklip landu batekin argitaratu zuen: «Gaur egun bizi dugun egoeraren ondorioz, musikariok denbora libre asko dugu. Hala, 2020ko itxialdian hasi nintzen lan honen abestiak eta bideoak prestatzen eta ‘Urrun’ abestia izan zen sortu nuen lehenengo kanta». Xabier Leteren hitzen egokitzapen bat dela aipatu digu eta honekin sortu nahi izan duen tesia ere aipatu digu Rolanek: «Abesti honetatik, «urrun joan nahi dut» esaldia goraipatuko nuke, dena alde batera utziz beste bide bat egitearen nahia adierazten duena. Urrutira joan arren, ordea, bakoitza den horretatik ezin dugu ihes egin. Hor dago gogoeta».
Diskoari jarraipena ematen dion ‘Baleak’ kantaren izenaren esanahia nondik datorren ere galdetu diogu, metafora bat dela azpimarratu digu: «Metafora baten ondorioa da ‘Baleak’ izenburua. Abestian sartu ditugun soinu grabeen frekuentziak aprobetxatuz, baleen komunikatzeko modua imitatzen saiatu gara. Elkarri hizketan eta elkar entzun gabe aritzen gara askotan, eta baleen soinuak ere ezin ditugu entzun». Hasier Larretxearen hitzak izan ditu oinarri abesti hau egiterakoan Garcések.
‘Rolan Garcés & Bandatze’ lan honetan, kolaboratzaile ugari izan ditu abeslariak, hala nola, Petti, Ander Zabalza, Maria Errea, Unai Otegi, Miguel Adriá edota Jo Monreal. Horiei bandatze taldea osatzeko batu diren Tema Valpuesta, Charly Ortiz eta Juanakis baitu behar zaizkie. Musikari finkoak 4 diren arren, alde instrumentaletik oso landua dagoela antzeman daiteke diskoa bera, eta hor ekoizlearen papera goraipatu du Rolan Garcések: «Disko honetan asko nabaritzen da Oskar Benasen laguntza eta goraipatzekoa dela uste dut. Moldaketa desberdinak sortu dizkigu kantak osatzeko. Azken finean, musika arloan dena sortuta dago baina bakoitzak bere soinua bilatu behar dugula uste dut, eta, Oscarrek horretan asko lagundu digu».
Abestien hitzak
Lan luze honetan, hamar kantetatik hiruren letrak berak sortu dituela azaldu digu abeslari iruindarrak. Aipatutako Larretxea eta Letez gainera, Ainhoa Garaikoetxea eta Oscar Sanz de Acedoren hitzak ere moldatu ditu. Xabier Leteren inguruan hitz egitean, hauxe esan digu ‘Haizezko oiloak’ kantuaren inguruan: «Xabierrek bi hitzekin beste kontzeptu bat sortu zuela jakin nuenean, asko gustatu zitzaidan eta surrealista ere iruditu zitzaidan. Hala ere, diskotik mugimendu gehien duen eta dibertigarriena den abestia dela iruditzen zait». ‘El Diario De Un Viajero’ eta ‘El Antiguo’ abestien hitzak erabat bereak dira, gazteleraz idatziak.
‘El Diario De Un Viajero’ abestiaren gaiaren inguruan, pertsona baten istorioa dela azaldu digu, gaur egun jende askoren bizitzan identifika daitezkeenak: «Kanta honek, pertsona baten istorioa kontatzen du. Honen istorioa, tragikomedia moduan landuta dago eta pertsona guztiok ditugun alde ilunez hitz egiten du». ‘El Antiguo’ abestiak, berriz, gaur egungo teknologiaren aurrerapenak ditu hizpide, adibidez, sare-sozialak: «‘El Antiguo’ kantak sare-sozialez eta telefono mugikorren menpekotasunaz hitz egiten du. Umorea erabiltzen saiatu naiz, gaur egun ditugun teknologia zerbitzu desberdin hauen erabilera adierazteko». Baina teknologia zerbitzu horiek alde onak dituztela ere aipatu digu: «Ez daukat dudarik teknologia oso erabilgarria dela gaur egun bizitzeko, adibidez, bideo-deiak egiterako orduan. Hala ere, sare-sozialekin kontua eduki behar da eta benetan maite duzun jendea beste modu batera zaindu». Bi abesti hauen gaiak jorratzeko, «umekeri puntu batekin» landu dituela adierazi digu.
‘Atzo’ abestiaren letra, Letek heriotzaren inguruan idatzitakoa da jatorrian. Heriotza gaia oso zabala denez, honen nondik-norakoak zeintzuk diren azaldu digu abeslari nafarrak: «Abesti honetan, pertsona bat bere etxean dagoen bitartean, heriotza bere ondotik irribarretsu pasatzen den momentua azaltzen digu. Hasiera batean, berarengana doala pentsatzen du eta beldurtu egiten da, baina, beste pertsona batengana doala ikusten duenean, lasaitu eta bere bizitzan geratzen zaion denbora aprobetxatu behar duela jabetzen da. Azken finean, gaia aztertuz, Xabier Letek sortutako letra dela nabari da. Jakin dudanez, Indiako liburu batean jasotzen den istorio batean oinarrituta dago. Xabier Leteren azken etapa ilun horretan kokatuta dagoela esan dezakegu, non, heriotza behin eta berriz presente duen».
Sormena musikatik abiatuta
Bere abestiak sortzerako prozesua zelakoa den ere galdetu diogu Rolan Garcési, hitzen jatorria askotan beste idazleetan duelako: «Sortzen hasi nintzenetik musika konposatzen dut lehendabizi. Hori bai, letra sartzerako orduan, musika letrara egokitzen dut. Letretan heriotza, amodioa eta sexuaren inguruan hitz egin behar dela uste dut, ez dira beti hiru gaiak abestietan sartu behar baina gutxienez, gai bat abesti bakoitzeko sartu behar dela uste dut». Bandatze taldearekin atera duen disko honetan, denbora gai nagusi bezala hartu ote duen jakin nahi izan dugu, izan ere gaiaren inguruan aipamen zuzena egiten dute ‘Denborarik Gabe’ eta ‘Sarez sare’ abestiek. ‘Sarez Sare’ abestia itxialdian berak idatzitakoa da hasi eta buka, tarte horretan ikusi zuen beldurra eta egoismoa agerian utzi nahian: «Abesti honetan, itxialditik buruan iltzatuta geratu zaizkidan irudi batzuen inguruan hitz egiten dut. Adibidez, egoismoa nolakoa zen jendeak komuneko papera neurri barik erosten zuenean, tira eta orain antigeno testekin gauza bera ikusi dugu. Azkenean, horrelako momentuak jendeak duen benetako jarrera ikusteko baliogarria egiten zaigula uste dut».
Hainbeste kolaborazio izanik, zuzenekoak zelakoak izango diren galdera etorri zaigu burura eta Rolanek zera aipatu digu: «Tamalez gu ez gara ‘The Beatles’ taldea bezalakoak. Haiek efektu asko erabiltzen zituzten arren, ezin zuten dena zuzenekoetara eraman eta guk are gutxiago. Baina egin ditugun kontzertuetan, gutxi izan badira ere, sentsazio oso onarekin irten gara. Lehendabizikoa Iruñeko antzerki eskolan izan zen, eta entzuleak pozik ziren saio bukaeran». Etorkizunera begira, kontzertu datarik ez dutela aipatu digu Garcések, egoerak hori ekarri duelako, baina diskoak non eskuratu ditzakegun gogoratu digu: ‘Momentuz Gor diskoetxearen bitartez, taldearen bandcamp orrialdean eta Elkar liburu dendetan salgai dago. Aipatu beharrekoa da, Gor zigiluak berriz ere nigan sinetsi duela eta horrek asko lagundu nau». Country, americana eta folk doinuaren maitaleek, badute zer entzun Rolan Garcés & Bandatze taldearen eskutik.
/p>