Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Jamixel Bereau
Kalakan taldeko abeslari eta musikaria

«Kantatzerakoan, zure gorputza bibrazioan jartzen da eta gorputzari on egiten dio»

Ustekabean eta ia inolako abisurik gabe kaleratu zuen 2022a bukatu aurretik ‘Ahotsez’ izeneko diskoa Kalakan hirukoak. Bixente Etchegaray, Jamixel Bereau eta Xan Errotabeherek osatzen duen taldeak, erroetara, atzera egin eta soinurik primitiboenekin landu du beren estudioko bederatzigarren lana.

Audio_placeholder

«Kantatzerakoan, zure gorputza bibrazioan jartzen da eta gorputzari on egiten dio»

Loading player...
Bixente Etchegarayk, Jamixel Bereauk eta Xan Errotabeherek musikaren sorburura jo dute disko honetan.
Bixente Etchegarayk, Jamixel Bereauk eta Xan Errotabeherek musikaren sorburura jo dute disko honetan. (KALAKAN)

Gogoeta asko eta sakonak egiten ditu Jamixel Bereau senpertarrak. Sortzen duen musikari buruz hizketan hasten den bakoitzean, argi uzten du bizitza-estilo baten parte dela bere sorkuntza. ‘Ahotsez’ lan berriaren inguruan hizketan hasita, garbi geratu zaigu hori.

Txoriek lehen udaberria iragartzen zuten, orain ez dakit…

Eguraldia ez dakit erotzen ari den. Eguraldia ez da hainbeste berotzen ari, erotzen baizik. Gauza oso bitxiak ikusten ditut eta ez telebistari begira. Nire haurtzaroko eguraldiarekin alderatuz, nire inguruari begiratuz, txoriak begiratuz, aldatzen doa. Txori batzuk desagertzen ari dira. Ainarak ziren udaberriaren etorreraren adierazle nire haurtzaroan, herria kabiz beteta zegoen, baina gaur egun Senpereko herrian ez da ez ikusten ez entzuten. Baina ez da beroketa soilik, badira beste gauza asko.

Naturarekin lotura handiagoa dut orain, zaldiak ditudalako, eta egunero eguraldiak garrantzia handiagoa hartu du nire bizitzan. Adibidez, pasa den urtean, apirilaren lehenean elurra ukanen genuen Senperen eta hori sekulan ere ikusi gabea nintzen.

‘Xorietan büruzagi’ abestiarekin irekitzen duzuelako diskoa aipatu dugu hau guztia. Gizakiak gutxiegi erreparatzen dio egun txorien kantuari?

Gizaki bezala ez dugu ezer ere asmatu, kopiatu soilik egin dugu. Dena naturatik ikasi dugu, natura begiratuz eta kopiatuz. Gure kantatzeko gaitasuna txoriekin ere ikasi dugu eta kantu honekin txoriei eskerrak ematen dizkiegu. Kasu honetan txori erresinulari, bera delako kantarien erregea, manera oso berezi eta aberatsa du. Hori goraipatzeko egin dugu eta naturarekin arlo guztietan dugun lotura ez ahazteko.

Azalean bada halako irudi bitxi bat, zer da, eguzkilorea?

Diskoa guztiz urratzen baduzu, eta lau aldeak bat egiten badituzu, zintzurraren edo ahotsaren txakra agertzen da bertan.

Kulturartekotasuna sustatzen du diskoak, beraz.

Kultura guztietan duzu egiaren zati bat. Kasu honetan baduzu zintzurraren edo ahotsaren txakra, kantuak on egiten diolako entzuleari baina batez ere kantariari. Gure eguneroko bizitzetan, lanean, dutxaren azpian, pozik gaudelarik, triste gaudelarik, askoz ere gehiago kantatu beharko genuke.

Kantatzeak on egiten digu, gorputza bibrazioan jartzen duelako. Jendea gaizki dago bai mentalki eta baita fisikoki. Estresa, kezkak, tentsioa… gorputza ere gaixotzen da azkenean. Kantatzerakoan, zure gorputza bibrazioan jartzen da eta masaje batek bezala, yoga saio batek bezala, mantra batek bezala… zure gorputzari on egiten dizu. Munduan ez delako besterik, frekuentziak eta halakoak. Hortaz, guk ahal hori badugu, gure gorputza bibrazioan jarriz lasaitzeko, zure buruari on egiteko, bihotzari…

Kantuak sekulako boterea du, zure bizitzako momentu batean zure haur garaiko abesti bat kantatzen hasten zara eta hor agertzen diren oroitzapen eta emozioek zure gorputza astintzen dutela. Indiako kulturan badira mudrak, zure burua masajeatzen laguntzen dutenak, eta horrekin zure burua zaintu dezakezu, zure burua maitatu eta hori ere bibratzeko modu bat da. Hori guztia eskas daukagu gure munduan eta kantuak hortik ere badu. Gure eskuetan gure buruari on egiteko sekulako gaitasuna dugu, baina beti besteen eskuetan uzten dugu, nahiz eta guk dakigun ondoen zer den ona guretzako.

Norberak ezagutzen baitu bere burua hobekien.

Badugu gure barruan ahots bat tarteka mintzatzen dena, eta ez diogu kasurik egiten, baina ahots hura da gure barruko haurtxoa edo arima, nahi duzun bezala deitu. Berriz ikasi beharra dugu ahots horri edota gure barrutik datozen gauza horiei entzuten.

Ying eta yang, askatasuna irudikatzen duen txoritik, lotuta dagoen txoriaren abestira, ‘Txoriak txori’-ra.

Artzek ez zuen nire ustetan Euskal Herriko gatazka soilik aipatzen hor. Egia da garai hortan faxistak eta frankistak zirela hegalak mozten zituenak, baina uste dut unibertsalagoa dela kantua eta maitasunari buruz ere ari dela. Askotan nahi gabe, ohartu gabe, hegal batzuk mozten ditugu edota moztu nahi ditugu pertsona bat kontrolatzeko edota gure ondoan geratzeko. Bakarrik geratzearen beldur garelako. Gurasoen eta haurren artean ere gertatzen da hori, bikotean ere bai, lagunen artean ere bai, anai-arreben artean… Edozein harremanetan gerta daiteke hegalen moztea. Kontuz ibili behar gara hegalik ez mozteko inori. Askotan, maleruski, gure buruari ere hegalak mozten dizkiogu autozentsura puta horren ondorioz.

«Gure eskuetan gure buruari on egiteko sekulako gaitasuna dugu, baina beti besteen eskuetan uzten dugu»

‘Goizetan jaikitzen da’ instrumentuak agertzen diren lehen kantua da. Oso gutxi baitira erabili dituzuenak. Ttunttunarekin oso ederra da egiten den erritmo aldaketa.

Niri gustatzen zait limiteak ukaitea, koadro bat egitea eta ahalik eta elementu gutxiekin, minimalismoan, zerbait polita egitea. Kantu honen istorioa Aita Donostiaren bilduman ezagutu genuen eta melodia gustatu zait bereziki. Nota batzuk aldatu ditut, pare bat, lehen koplan eta bigarrenean kantatzeko manera aldatzeko. Arabeskoagoak diren doinuak bilatu ditut. Halako orientalismoak gure musikan asko dira eta pila bat gustatzen zaizkit, eta normala da izatea, hainbeste urtez omeyarekin edota musulmanekin auzoak izan garelako. Trukaketa asko egin ditugu eta hori asko gustatzen zait.

Ttunttunarekin abestea ere asko gustatzen zait. Kinta baten gainean jotzen duzu, askatasuna ematen dizu, ez baitu minorrik ez maiorrik eta nahi duzuna egiteko aukera ematen dizu. Kantu guztiekin ezin da egin, melodia batzuk oso tonalak direlako, baina kasu honetan aukera ematen zuen eta melodia zahar gehienekin ematen du aukera, horrela pentsatuak eta sortuak zirelako, modalagoak ziren. Gustatzen zait, beraz, ttunttunarekin landu eta esperimentazioan ibiltzea, gauza berezi eta interesgarriak ateratzen direlako batzutean. Ohituta gaude gitarraren gainean melodiak entzuten, akordeez jantzita, baina ttunttunarekin abestean, melodiak beste giro bat eta dimentsio bat hartzen du.

‘Cantando as filhas da Rosa’ kantua, Baixo Alentejotik datorren abestia. Zuzenera nola eramaten duzue kantu hau?

Ttuntun elektriko bat egina dut nolabait esateko. Gitarra bat moztu nuen, sokak ttunttuna bezala armonizatu eta soka bakarra joz abesten dugu hau. Re soka. Ez dugu ez looperrik ez halakorik erabiltzen, une batean ahotsen bat desagertzen da eta halako gauzak. Disko batean tranpatxo asko egin daitezke eta horregatik entzuten da hori horrela.

Zergatik aukeratu duzue abesti hau diskorako?

Portugalen ibiliak gira eta gustatzen zaigu ainitz bai herria, bai kultura, bai jendia eta baita bizitzeko giroa ere. Luis Peixotorekin kolaborazio bat egin genuen eta hori elikatzeko zonbait proposamen izan genituen, eta tartean hau zegoen. Ez genuen asko kantatu, behin edo bitan, baina disko honentzako egokia iruditzen zait, duen letragatik. Kantuari buruz ari da, kantuaren arteaz, filosofiaz eta onurez. Kantari bezala, letra horrek garrantzia berezi bat zeukan.

Kantuak ez duela inor pobretzen edo aberasten diote hitzek.

Kantua aipatzen du, ez musikaren bussinessa. Kantuaren bussinessarekin ahaztu egiten ditugu aurretik aipatu ditugun hainbat kontu.

‘Lili eder bat’ soinuz gordinena iruditu zait, ahotsak erabat protagonista direlako. Hauek grabatzerakoan klaketa erabiltzen duzue, elkarri begira abestu, oinarriren batekin… nola egiten duzue?

Ahotsak soilik dira hemen, ez da beste ezer. Guk banaka grabatzen dugu, kasu gehienetan ni naiz melodia hartzen duena eta Xanek eta Bixentek armoniak hartzen dituzte. Kasu honetan Xanek du melodia nagusia hartzen.

Gehienetan egiten duguna da, melodia printzipala kantatu behar duenak bere zatia grabatzea, txukun, eta hori txukundua delarik, bakoitzak bere momentuan, eta gero saiatzen gara besteok zuzenean bagina bezala abestea. Ahots nagusiari besteek jarraitu behar die, ahots nagusiaren zerbitzura jarri behar du bere burua armonia egiten duenak. Banaka egiten dugu grabaketa, denok elkarrekin abestuko bagenu, postprodukzioan lan gehiago izango lukeelako Paxkal Etxeparek.

Kantu honetan aipatzen den kortejatzeko modua ez dakit 2023an nola ikusia egongo den. Inork lortuko al du gisa horretara ligatzea?

Nire ustez gaur egun zergatik ez horrela ligatu? Ematen du gaur egun gure erreferentzia guztiak desagertu direla. Ni gaztea nintzelarik erlijioak bazuen oraindik gaur baino pisu gehiago eta baziren bi bloke, gaiztoak errusiarrak ziren eta zintzoak estatubatuarrak… Baina gauzak oso laukiak eta argiak ziren.

Gaur egun dena pikutara joan da eta, beraz, bakoitzak bere gauzak egiten ditu eta horrela sinisten du. Beraz, ligatzeko metodoetan ere denetarik ikusten ahal da. Gaur egun, tristea bada ere, esango nuke ezin dezakezula ligatu telefonorik gabe edo sare sozialik gabe, filtro bat gehiago jarri digute. Behar duzu hortik pasatu, gero akaso kafe bat hartuko duzu… Edo, bestela, era basatian ligatuko duzu, diskoteka batean, ia ezagutu gabe eta bost minutuan larrua jotzen ari zarela harekin. Denetarik gertatzen al da eta horrek badu alde hona, bakoitzak badituelako bere behar eta nahiak. Ez dugu beldurrik izan behar nor garen azaltzeko.

Aipatu kantu horretan garrantzitsuena azken kopla dela, bertan dago mami eta zentzu guztia. Euskal gizakiaren antolakuntza aipatzen da, nolakoak ziren lehen gizon eta emakumeen arteko orekak. ‘Andria alarguna’ kantuan ere gizon eta emakumeen arteko gauzak askoz orekatuagoak zirela erakusten du, alargun batek nagusi potente bat izan zitekeela erakusten zuelako, etxeko premua dela. Badugu euskal sozietate zaharra eta badugu Vatikanoko inperialismo erromatarra, katolizismoarena. Hor gizona da dena emaiten duena eta emakumea errudun unibertsala.

Gaur egungo feminismoak badu injustizia puntu bat, gizon denak errudun bezala aurkezten direlako askotan. Guk ere padezitu dugu eta sufritzen dugu inperialismo hori, oraindik ere gu bidaltzen gaituzte gerra egitera, guk ere pairatu dugu inkisizioa… Gizon guztiak elite txiki batek egin duenarekin nahastu da, eta gizon gehienen bizitza ez da hain erosoa, bizitza gogorrak dira.

‘Ainhoarraren kantuak’ zein garaitan kokatzen da?

Napoleonen garaikoak dira. Beti aipatzen da Hitler demoniorik handiena dela edota Putin, Ukraina inbaditu duelako. Baina, Napoleon aipatzen badugu, Europan milioika pertsona hil ziren beragatik, duela 200 urte. Niretzako gerla da arazoa, beno, gizakia da arazoa, berak duelako gerla egiten. Gizon-emakumeen barruetan zerbait aldatu behar da gerla desagerrarazi nahi badugu, ez delako ez gerla onik ez eta txarrik. Hitler eta Putin demonioak dira eta Napoleon lehendakari handi bat zela esatea edota Frantziaren prestigioa handitu duela esatea, kontraesana dira. Jendea hil dute, odola isuri dut, gorrotoa elikatu dute eta ondokoen gerra prestatu.

Hortik doa pixka bat ‘Foggy dew’ kantu irlandarra ere.

Bertan opresio garai bat erakusten du. Gaur egun daukagun arazoa da gure batasun eskasa. Gure politikoak eta gure eliteak ez dira batere ondo portatzen. Gezurrak dira, lapurrak dira, ez dute moralik, armak saltzen dituzte eta gerrak sortzen. Ez dira ez moralki ondo portatzen, baina gurekin hare okerrago. Denok kexatzen gara horren aurrean, baina bakoitza bere alde. Hori horrela izatea, antolatua da, gizarte kapitalista horretara doalako. Bakoitza bere etxean geratzea, bere gauzekin, kooperatibismo izpiriturik gabe, bakoitzak berea erosi behar du eta ezin da elkarbanatu, denok behar dugu Netflix eta horrelako gauzak. Izpiritu mota horrekin eta halako antolakuntza batekin, batasuna oso zaila da lortzea, baina gure botere bakarra hori da, batzen bagara, elite guztiek ez dute gehiago botererik.

Denok kritikatzen dugu Coca-Cola, pozoina dela esan, dena azukrez bete dutela eta denok gaixotzen eta abar. Baina denok erabakiko bagenu gehiago ez erostea, biharamunean akabo Coca-Cola. Botere hori dugu, baina ez dugu erabiltzen, eta hori kasu askotan. Ez dugu gure gaitasun hori erabiltzen, baina gero kexatzen gara. Eta ‘Foggy Dew’-k hori du kontatzen. Ingelesen aurkako irlandarraren iraultzan jende asko zapaldu eta hil zutelako, baina denen buruetan argitxo bat piztu zen eta batasunarekin zer nolako indarra zutela jabetu ziren eta hortik abiatu zen beren independentziarako bidea.

«Napoleonen garaikoak dira. Beti aipatzen da Hitler demoniorik handiena dela edota Putin, Ukraina inbaditu duelako. Baina, Napoleon aipatzen badugu, Europan milioika pertsona hil ziren beragatik, duela 200 urte»

Aurkezpen kontzertuak nola doaz?

Abenduan hiruzpalau egin genituen eta berriekin ere hasi gara eta oso pozik gaude. Giro goxo betean egin ditugu, lasai-lasai, plazer hartzen. Kalakanen lana nahikoa esijentea da; danborra jotzea, oinekin ximitxak jotzea eta abestea, ariketa berezia da eta fisikoki eskatu egiten du. Kontzentrazio eta indar asko eskatzen du. Hortaz, abestu soilik egin behar denean, lasaitasun handia hartu behar da. Martxoaren 4an Lakuntzan izango gara, 17an Lekeition eta 31n Okzitaniako Leognanen. Gero etorriko dira kontzertu gehiago.

Larrua eta harria ahotsarekin batera, ez dakit ezer primitiboagorik esistitu den musikagintzan, hori baita ‘Laida pilotaria’ kantuaren oinarri.

Nik ere ez dakit izango den. Pilotan ere ibilia naiz e? Kar-kar. Baina «zer litzateke Euskal Herria pilotarik gabe?» abiapuntu bezala hartuta, beste bertso batzuk ere idatzi ditugu.

Ainitzetan esaten da ez dela franksimorik etorriko eta euskal kultura salbu dela dion asko dago. Baina nik ez dut horrela ikusten, penagarriak diren gauzak eta haserretzen nautenak badira. Adibidez, bada Euskal Pilotako Frantziako Federazioa, Espainiakoa, Nazioartekoa, Txinatarra… baina ez da Euskal Pilotako Euskal Federaziorik.

Gure lurra lapurtu digute, argi eta garbi, Nafarroaren historia ezagutzen duenak badaki hegoaldea elizaren laguntzarekin lapurtu zigutela eta iparraldeko partea Enrike IV.aren heriotzaren ondotik, berez subiranotasuna eskuratu behar zelako berriz baina Frantsesek lapurtu zutelako. Hori eginaz gure kulturaren zati bat ere lapurtu digute. Egun Frantziako eta Espainiako politikak lortu ez duena, kapitalismoa lortzen ari da, gure konplizitatearekin.

Lurrari buruz, ikusten ditugu Euskal Herria ez dela salgai diotenak, higiezinen agentzien kontra dago asko, kanpotar aberatsen kontra… baina bertakoa da lur hori saltzen duena, egun batetik bestera dirutza egiten duena. Nork ditu baimenak ematen etxe horiek eraikitzeko? Gure agintariak eta politikariak dira hori egiten dutena. Ez ditugu errudun onak aipatzen.

Hor ere batasunak badu pisurik, Jamixel.

Noski baietz eta horrek sekulako pena ematen dit. Horregatik Espainiak eta Frantziak kausitu ez dituenak, kapitalismoak lortzen du diruarekin, ainitz burua galtzen ari da horregatik. Laborari batzuk multimilionario bihurtu dira egun batetik bestera, gure agintariek lagunduta, beren sailak saltzeko aukera dutelako.

Ez dadila jende gehiago erotu eta zuen bibrazioekin, ahotsekin, egin dezala terapia. Jamixel, mila esker.

Zuri.

Jaurlaritza Logoa