IRRATIA

Euskaldunok ere badugu gure 'Twin Peaks'

Kultuzko telesaila da David Lynchek eta Mark Frostenek sortu zuten 'Twin Peaks' telesaila, irauli egin zituen orduko estetika eta egitura narratiboa. Euskal Herrian ere badugu gure 'Twin Peaks' propioa, ahazturan geratu dena: Balbemendi.

Balbemendi misteriozko telesaila 2006an estrinatu zen
Balbemendi misteriozko telesaila 2006an estrinatu zen (ETB)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Bideokluba saioko kolaboratzaile taldera gehitu da Garazi Karrera, euskal zinearen korridorean ibiliko da donostiarra, eta hilabetean behin euskal proposamen bat ekarriko digu. David Lynch zine zuzendaria berriki zendu da eta mikro aurreko lehen aukera hau baliatu du omenaldi gisa. 'Twin Peaks' telesaila da Lynchen filmografiako harribitxitako bat, baina jakin, Euskal Herrian ere badugu gure Twin Peaks-a: Balbemendi.

Mugarritzat jotzen da zinemaren eta telebistaren historian Twin Peaks. David Lynchek eta Mark Frostek sortua, 1990ean eman zen lehen aldiz, eta telesailak kontatzeko modua irauli zuen. Twin Peaksek egitura narratibo konplexua erabili zuen, pertsonaia sakonak,  misterioa, dramak eta egoera surrealistak nahastu zituzten. Garaiko telebistari baino, zineari zegozkion elementuak gehitu zituen Lynchek: argazki zaindua, argiztapen espresionista, soinuaren eta musikaren erabilera bereizgarria...ezaugarri horiek guztiak daude 'Balbemendi' telesailean ere.

Balbemendi
Jabi Elortegik zuzendu zuen 'Balbemendi' Euskal Herrian sortu eta ekoiztutako misteriozko lehen telesaila izateaz gain, euskal arkadia telebistan inoiz ikusi ez den moduan aurkezten du. Ordurainoko baso onirikotik urrundu eta baso beldurgarri eta misteriotsu bat planteatuko du Elortegik, erabiltzen dituen kamera mugimenduak deigarriak dira oso, euskal mitologiari egiten zaizkion erreferentziak, soinu-diseinua...dena da oso Twin Peaks.

'Balbemendi' Euskal Telebista eta Pausoka Entertainmentek sortutako misteriozko telesaila da. 2006 eta 2008 artean, bi denboraldi eman ziren. Guztira 60 minutuko 27 kapituluak emititu ziren ETB 1en. Gaur egun atal guztiak EITB Nahieran eta Primeran plataforman daude ikusgai.