Zuzenean

Luzaroan, euskal zinemaz eztabaidatu da. Arte honen definizioaren berezko anbiguotasunak zailtasun iraunkorrak ekarri ditu denboran zehar, erronka nabarmena baita bere nortasuna osatzen duten jarraibideak zehaztea. Hala ere, euskal zinemaren historia osoan zehar, funtsezko ideia batek iraun du: naturaren garrantzia. Horregatik, kolore berdeak funtsezko garrantzia hartzen du gure zinematografian.
Ingurune berdea euskal film askotan errepikatzen denez, asmoa kolore berdeak euskal landa-paisaiaren testuinguruan izan ditzakeen esanahiak aztertzea da. Horretarako hiru film proposatu dizkigu Karrerek. Julio Medemen 'Vacas', Asier Altunaren 'Amama' eta Roberto Castónen 'Ander'. Hiruretan da garrantzitsua landa eremua eta kolore berdea, baina oso esanahi ezberdina dute.
Vacas (Julio Medem, 1992)
Istorioa Euskal Herrian garatzen da eta hainbat belaunaldietako landa-testuinguruan girotuta dago. Kontakizuna bi familiaren arteko harremanean zentratzen da, Irigibel eta Mendiluzetarren artekoa. Familia horietan gorpuztuko da indarkeria eta gatazka politiko nahiz soziala.
Trama XIX. mendean hasten da, gerra karlistaren ondorioz bi familia horien arteko liskarrarekin, eta filmak aztertzen du gorroto hori nola transmititzen den belaunaldiz belaunaldi, ondorengoen bizitzetan eraginez. Indarkeria horren erdian, maitasun-istorio bat sortzen da bi familia aurkarien ondorengoen artean, eta horrek are gehiago zailtzen du egoera.
Amama (Asier Altuna, 2015)
Euskal familia baten istorioa eraman zuen Asier Altunak pantailara. Hiria eta landa-eremuaren arteko gatazka, iraganaren eta orainaren artekoa, gurasoak eta seme-alabak. Existentzia ulertzeko bi modu kontrajarri, eta mundua isiltasun adierazgarrienetik behatzen duen amona bat.
Ander (Roberto Castón, 2009)
40 urteko euskal herritarra da Ander, eta ohiko bizimodua darama bizikleta fabrika batean eta baserriko nekazaritza lanetan, amarekin eta arrebarekin batera. Egun batean, istripu bat izango du, eta errena geratuko da. Horrenbestez, familiak etorkin perutar bat, Jose, kontratatuko du baserriko lanak egiteko. Joseren etorrerak etxeko bizitza eta Anderren bizitza aldatuko ditu; izan ere, ezagutzen ez zituen sentimenduak sortuko zaizkio, eta barne-gatazka gogorra eragingo dio.