Hego Afrikatik etxeraino 'Biziz' proiektuarekin
Pello Alberdi hernaniarrak eta Jon Rodriguez ordiziarrak 2021eko irailean Johannesburgotik abiatu eta etxerako bidea bizikletaz egin zuten Afrika eta Europako hainbat herrialde zeharkatuz. 9 hilabetean 10.000km inguru egin zituzten. Pello Alberdiren bisita jaso dugu NAIZ Irratiko erredakzioan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Hego Afrikako Johannesburgotik bizikletaz abiatu eta Zimbabue, Zambia, Tanzania, Kenia, Uganda, Sudan eta Egipto herrialdeak zeharkatu zituzten Afrikako kontinentean Pello Alderbik eta Jon Rodriguezek, 2021ean hasi zuten abentura. Behin Egipton, Kairotik Atenasera hegaldia hartu eta bakoitzak bere bidea hartu zuen: Alberdik, NAIZ Bidaiari saioko gonbidatuak, Grezia osoa zeharkatu zuen, eta ferry batzuk hartuta, lehendabizi Italiara, ondoren, Siziliara, eta handik Cerdeñarako bidea hartu zuen. Abentura bukatzeko, lagun batekin Transpirinaika eginez itzuli zen, Bartzelona-Hernanira. Rodriguezek lasaiago hartu zuen Atenasetik etxerako bidea, eta beranduago iritsi zen Ordizira.
Ikasketak elkarrekin eginak dira Alberdi eta Rodriguez. Klaseko afarietako txantxa artean hasi zena, azkenean serio hartu zuten eta urtebeteko bizikleta bidaiaren prestaketari ekin zioten buru-belarri. Proiektu itxura eman nahi izan zioten bidaiari: «blog moduko bat sortu genuen, alde batetik gure bidaia esperientzia jasota geratzeko, eta bestalde, bidean topatuko genituen gobernuz kanpoko erakundeak bisitatu eta beraien lanaren berri emateko ere». 'Biziz' izena paratu zioten proiektuari.
Hasieratik arazo desberdinei egin behar izan zioten aurre: «Dirua aurrezte aldera, paketeria bitartez bidali genituen bizikletak, eta berandu iritsi ziren». Hala ere, bizikletaren zain egin zuten denbora ondo etorri zitzaiela kontatu digu Alberdik: «Herrialde berrira egokitzeko eta bidaiaren azken prestaketak egiteko baliatu genuen denbora». Bestalde, bizikletak iritsi orduko, konturatu ziren bizikletaren atzeko parrillarekin ere arazoak izango zituztela.
Hego Afrikako lehen zatia baserritarren etxeko eremuetan atseden hartuz egin zuten aurrera: Baserritar sare honi esker, bidaiaren hasiera lasaia izan genuen eta ondo etorri zitzaigun bizimodu berrira egokitzeko», gogoratu du Alberdik.
Hego Afrikan egun bizi den konfrontazio sozialik gabe, paraje atseginagoak topatu zituzten bizikletaz bidaiatzeko Zinbabuen. Bidaiaren hasierako nekeak eraginda, Jon Rodriguez Zambian gaixotu zela kontatu digu Alberdik: «Zorionez ez zen ezer larria izan». Gainera, eskoletan lo egiteko aukera deskubritu zuten Zambian: «Ura eta komunak genituen eta eremu erosoak ziren atseden hartzeko».
2021eko Gabonak Tanzaniako Zanzibar irlan igaro zuten. Tanzaniako ikastetxe batean atseden hartzeko leku bila zenbiltzala pasaportea galtzeko arriskuan ere ibili zirela kontatu digu Alberdik. Azkenean, bertakoen laguntzarekin, egunean bertan topatu zituzten norbaitek ebatsitako bizikletako zakutoak eta pasaporteak.
Kenian, Nairobin, gobernuz kanpoko erakunde bat bisitatu zuten: «Horri esker, Nairobiko birziklatze instalazio bat bisitatu genuen eta bertako herritarrak bizi ziren egoera gogorra ikusi genuen. Bertako errealitateak asko hunkitu gintuen», kontatu digu Alberdik.
Nairobitik, Kenia iparraldera jarraituz, Iten herrira jo zuten. Munduko maratoi korrikalari hoberenak nola entrenatzen zuten ikusi ahal izan zuten bertan. Familia bat ezagutu zuten bertan eta 10 egunez beraiekin gelditu ziren: «Gertuko harremana egin genuen eta aukera polita izan genuen bertako bizimodua ezagutzeko».
Herrialde bakoitzean zerbait desberdina topatzen zenuten. Ugandan, adibidez, platanoa kozinatzen zuten. Kanpalatik, Ugandako hiriburutik Jartumera, Sudanera hartu zuten hegaldia: «Etipopia eta Sudanen arteko gatazka armatua zegoelako gomendatu ziguten hortik ez pasatzea». Sudanera iristean aldaketa sumatu zuten berehala: «Basamortura iritsi ginen eta herrialde musulman batera. Nilo ibairi jarraituz egin zuten Sudanetik iparralderantza, Egiptora».
2022ko maiatza inguruan iritsi zen bidaiaren amaiera. Kairotik Atenaserako hegaldia hartu zuten. Behin Europara itzulita, zeramaten materiala banatu eta bakoitzak bere aldetik egin zuen etxerako bidea. Istorio bitxi eta pasadizo desberdinekin jositako bidaia honen xehetasun gehiago jakiteko, entzun ezazue Pello Alberdirekin izan dugun solasaldia.