Biolentzia bideojokoetan alboratu eta ‘wholesome’ generoa ezagutu dugu
Biolentzia bideojokoetan alboratu eta titulu atseginen ‘wholesome’ generoa ezagutu dugu. Tiroak eta ukabilkadak nagusi dira jokoen munduan, baina ez dira zertan ardatz bakarra izan behar. Bideojoko alaiak geroz eta esanguratsuagoak dira zaleen artean.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Bideojoko hitza entzuterakoan batek baino gehiagok tiroak, odola, biolentzia eta bortizkeria izango ditu buruan. Ez da harritzekoa; egia esan, titulurik ezagunenek eta arrakastatsuenek halako elementuak bildu ohi dituzte.
Call of Duty, Fortnite, Elden Ring, God of War, Valorant nahiz milioika erabiltzaile euren egunerokotasunean abiatzen dituzten beste hainbat lanetan ageri da biolentzia. Kutsu alaiagoa duten beste hainbatetan ere kolpeak ikus daiteke, gainera: Mario Kart-en ez dugu odolik ikusiko, baina gure aurkariei garaitzeko hauek jotzea proposatzen digu Nintendo-ren lasterketa saga ezagunak.
Hala eta guztiz ere, badira indarkeria zeharo alboratzen dituzten lanak ere: wholesome generoa, edo bideojoko atseginak, hain zuzen ere. Askotan haurrei zuzendutako tituluetan pentsa dezakegu agian, baina ez du zertan horrela izan behar; edozein adineko jokalariak erakar ditzakete lanok. Horietan murgildu gara azken Game Erauntsia saioan.
A Short Hike ederra eta lasaia da, esaterako, aztertutako jokoetako bat. Adam Robinson-Yu garatzailearen jokoak Claire izeneko txori antropomorfiko baten azalean jarriko gaitu: irlatxo bateko mendi gailurrera iristea izango da gure helburua. Bidean ez dugu areriorik edo borrokarik aurkituko; besterik gabe, lagunak egin eta aurrera egiteko oztopoak gainditzeko baliabideak bilatuko ditugu.
2002an estreinatu zen Katamari Damacy, eta ordutik hona hainbat eta hainbat izan dira frankizia honetan erori direnak. Proiektu bitxi eta bereziak dira Bandai Namco-renak: Kosmosaren Printzearen rola hartuta katamari pilotarekin objektuak biltzen joan beharko gara.
Pilota txikia izango da hasieran: arkatzak, fruitak edo sagutxoak hartuko ditugu. Jokoan aurrera egin ahala, ordea, gizakiak, elefanteak, eraikinak zein mendiak xurgatuko ditu gure katamariak. Guztia estetika alaiarekin eta soinu banda zoragarriarekin. Galdu ezin daitekeen joko horietako bat, zalantzarik gabe.
Euskaratutako obrak ere izan ditugu gure erreportajean. Pile Up: Box by box zoragarriak Super Mario 3D World bezalako lan ezagunen oinarriak hartzen ditu, plataformak eta puzzleak uztartuta. Hala ere, etsaiak erabat kentzen ditu, edozeinentzat aproposa den abenturatxoa eratuta. Are aproposagoa lagunekin edo familiarekin jokatuz gero: Seed by seed estudioaren jokoak lau jokalarirentzako kooperatiboa eskaintzen du.
Hauek zein beste hainbat izan dira Game Erauntsia irratsaioan ezagututako wholesome bideojokoak!