Zuzenean
Filmeekin, musikarekin edo liburuekin gertatzen den modura, ohikoa da gure bideojokorik maiteenak berriz bisitatu nahi izatea. Askotan, baina, dagoeneko horren ongi ezagutzen dugun mundura itzultzea gogaikarria egin daiteke; tituluoi gatza eta piperra emateko bideak egon badaude, baina! Horixe da randomizer proiektuek proposatzen digutena: jokoen edukiak eta elementuak ausazkoak egitea.
The Legend of Zelda: Ocarina of Time-ko objektu nagusiak lekualdatzea, Resident Evil-en lehen berregitean zonbiak marrazoengatik trukatzea edo Pokémon originalen lehen ibilbideetan izaki legendarioak aurkitzea. Horiek dira, besteak beste, randomizer jokoetan ikusiko ditugunak.
Komunitateak sortutako proiektuak benetan interesgarriak dira: goitik behera gainditu ditugun jokoetara berriz itzultzeko aitzakia ezin hobea izateaz gain, speedrunning zaleentzat ere obra aproposak dira. Hortaz, Game Erauntsia irratsaioan randomizer proposamenik interesgarrienak ezagutzeari ekin diogu.
Albiste handien astea izan da, gainera. Alde batetik, aurkezpenak eduki ditugu: PlayStationekoen State of Play zuzenekoan Resident Evil 4 Remake, Suicide Squad, Street Fighter 6 nahiz Baldur’s Gate 3 bezalako lan esangrautsuak bildu dituzte.
Pokémonek bere urteurrena ospatzeko eguna ere izan du, gainera: Pokémon Day delakoan Presents izeneko aurkezpena egin dute japoniarrek, Scarlet eta Violet berrien lehen espantsioak aurkeztuz.
Bukatzeko, joan den urteko bideojokorik onenaren eduki berria ezagutu dugu. Elden Ring-en lehen espantsioa iragarri dute FromSoftware-k eta Bandai Namco-k: Shadow of the Erdtree.
DLC-aren irudi bakarra erakutsi duten arren, zaleen komunitatea sutan dago jada; hori horrela, teoriak eta espekulazioak nagusi dira. Zalantzarik gabe, FromSoftwaren jokoak horren bereziak izateko zergatietako bat, eta gu geu ere berotuta gabiltza jada!
gal, gogotik gal