Zuzenean

Lander Unzueta

Zeintzuk izan dira 2022ko bideojokorik onenak euskal komunitatearentzat?

Game Erauntsia Sarietako irabazleak errepasatu ditugu. Horrez gain, urtarrileko estreinaldirik handienak ezagutzeari ekin diogu.

Audio_placeholder

Zeintzuk izan dira 2022ko bideojokorik onenak euskal komunitatearentzat?

Loading player...
Game Erauntsia SARIAK 2022
Game Erauntsia SARIAK 2022 (Game Erauntsiak)

2023ko lehen Game Erauntsia irratsaioa abiatzeko atzera begira jartzea erabaki dugu. Izan ere, 2022ko Game Erauntsia Sarien emaitzak bildu ditugu: euskal bideojokozaleen komunitatearen iritziak ezagutuko ditugu, beraz. Zeintzuk izan dira 2022ko bideojokorik onenak?

Ohi bezala, sariak hainbat kategoriatan banatzea erabaki dugu. Ezinbesteko GOTYarena dago, besteak beste, baina baita guk bakarrik eskaintzen ditugunak ere: euskal bideojokorik onenarena eta euskaratzerik onenarena. Inoizko parte hartzerik handienarekin, lehia gogorra ikusi dugu kategoria guztietan.

Gure hausnarketak ere sartu ditugu tartean, noski. Jarraitzen gaituzuenok ondo dakizue ezin garela isilik geratu, eta gure komunitateak bozkatu dituenen inguruan aritu gara, bai goraipatuz, bai kritikatuz.

Gabonak igaro dira, baina bideojokoen enpresa handiek indar betean jarraitzen dute estreinaldiekin. Horiek ezagutzeko urtarrileko argitalpen handien zerrenda errepasatu dugu: egunotan JRPG interesgarriak, beldurrezko joko zirraragarriak zein estrategia titulu ezagunen itzulera ikusiko dute bideojokozaleek.

Hortaz, bideojokoren bat erosi nahian bazabiltza ezagutu itzazu azken estreinaldiak gurekin batera!

Irratsaioarekin bukatzeko analisi txiki batentzako tartea ere eduki dugu. Oraingoan gailu mugikorretarako bideojokoetara hurreratu gara. Poinpy zoragarriak liluratuta utzi gaitu.

Ojiro Fumoto japoniarraren lan txikia benetan aproposa da mugikorrean jokatzeko. Koloretsua eta zirraragarria, edozeinek goza dezakeen bideojokoa dugu. Netflix harpidetza barruan eskaintzen den titulua da; streaming plataformaren erabiltzailea bazara, ez ezazu jokatzeko aukera galdu.

Jaurlaritza Logoa