Zuzenean
Bideojokozaleek garatutako proiektuak izan dira hizpide, beste behin, Game Erauntsia irratsaioan. Oraingoan bideojokoen modetan edo eraldatzeetan ardaztu gara, ordea; izan ere, gaur egungo bideojokorik arrakastatsuenetako batzuk beste titulu batzuen mod bezala jaio ziren.
Jokalari gehienek ezagutuko dute, adibidez, Counter-Strike: Global Offensive-n kasua. Steam-eko doako lanak milioi inguru terrorista eta antiterrorista biltzen ditu egunero. Bere hastapenak, baina, oso xumeak izan zirela esan beharra dago: lagun artean sortutako Half-Life abenturaren eraldatzea izan zen.
Hori zein beste hainbat kasuri buruz aritu gara gure saioan: PlayerUnknown’s Battleground en zein The Forgotten Cityren historia errepasatu dugu.Beti bezala, industriako gaurkotasuna jarraitzeari ere ekin diogu gurean. Lehenik eta behin, azaroan sartu garenez, hilabeteko estreinaldi nagusiak aztertu ditugu: God of War Ragnarök, Pokémon Scarlet eta Violet zein Sonic Frontiers bezalako obra desiratuak iristear daude, eta probatzeko gogotsu gaude Game Erauntsian.
Horrez gain, Steam plataformara itzuli gara berriro. Valve-koek azkenik inplementatu dute euskarazko bideojokoak bilatzeko iragazkia beren saltoki digitalean; sekulako albistea da jokalari euskaldunontzat, eta dakartzan ezaugarriak aditzera eman nahi izan ditugu. Ez hori bakarrik, Big Picture interfaze eraberritua azkenik iritsi da ordenagailuetara, eta bere berritasunak ezagutzeko aprobetxatu dugu.
Errealitate birtualean murgildu gara, gainera. PlayStation-ekoek beren PS VR2 gailuen argitaratze data nahiz prezioa zehaztu dituzte azkenik: 2023ko otsailaren 22an merkaturatuko dituzte, baina ez dira batere merkeak izango. Zaleen artean eragin duen erantzunari buruz hausnartu dugu.
Azkenik, euskaratutako bideojokoentzako txokoa egin dugu: Unicorn Wars filmean oinarritutako doako jokoa kaleratu da Android eta iOS gailu mugikorretan, eta gure hizkuntzan joka dezakegu.