Zuzenean

Lander Unzueta

Nostalgiko jarri gara ‘The Elders Scrolls IV: Oblivion’ maisulaneko bizipenak gogoratzen

Nostalgiko samar aritu gara aste honetako Game Erauntsian. The Elder Scrolls saga hartu dugu hizpide. Bethesda estudioaren RPG abentura ezaguna gure kuttunetako bat da.

Saio berezia prestatu dugu Game Erauntsian. Bideojokoen munduko gaurkotasuna pixkatean alboratu, eta atzera begira jarri gara oraingoan. Izan ere, gure RPG maitatuenetako bati buruz hitz egiteko desiratzen ibili gara azkenaldian: The Elder Scrolls saga ezaguneko laugarren atalari buruz gabiltza. Bideojokozalea bazara, ziurrenik Oblivion- eko mundu zabala eta aberatsa ezaguna izango zaizu.

Bethesdak 2006. urtean argitaratutako abentura erraldoia TES frankiziaren abiapuntua izan zen askorentzat; egia esan, kontsola gehienetara iritsi zen lehenengo atala izanik, ulertzekoa da. Lehenengoa, eta itxurosoena: bere atal grafiko ikusgarritik hasita, ezagutzeko zuen eskualde ikaragarria ere nabarmentzekoa da.

Cyrodill deitutako lurraldeetan barrena galduko gara gure pertsonaiarekin. Nahi dugun arraza hautatu ondoren, hiri inperialetik ihes egitea izango da gure lehen helburua Oblivionen. Hasiera baino ez da izango, ordea: erresuma osoan zehar irekitzen ari diren ateak ixteari ekin beharko diogu; izan ere, dimentsio beldurgarrira eramango gaituzte hauek, baita bertako izakiei gure lurretarako sarbidea eskaini ere.

Hau guztia, baina, gutxienekoa da Oblivionen. Askatasuna da nagusi Bethesdaren joko honetan, eta nahi duguna egiteko aukera edukiko dugu. Misio nagusiak zein bigarren mailakoak, ezagutzeko pertsonaia zein toki mordoa, nahiz hobetzeko, biltzeko eta lortzeko armadura, arma, aztikeria, liburu zein era guztietako tresnak ikusiko ditugu abenturan. Nola ez, mod-ei buruz ere aritu gara gure irratsaioan. TES sagaren atalik garrantzitsuenetakoa dira, eta horiek ezagutu nahi izan ditugu

Jaurlaritza Logoa