Zuzenean
Aurreko saioan 2022ko bideojokorik onenen hautagaiak ezagutu genituen. Horrenbeste obra bikaini buruz hitz eginda, gure bideojokorik kutunenei buruz hitz egiteko gogoekin geratu ginen. Horien zerrenda eratu, eta Game Erauntsiako kideen lanik maiteenei buruzko saioa prestatu dugu!
Ez dugu gezurrik izango: klasikoen zaleak gara batez ere. Hori bai, ez dugu generoen artean diskriminaziorik egiten: atal honetan plataforma jokoei, akziozko lanei, JRPG eramangarriei, lasterketa eta simulazio obrei nahiz RPG alemaniar bereziei buruz ariko gara.
Nintendo-koen lanik ezagunenetako batzuk agertu dira gure eztabaidan, nola ez: Super Mario 64 mitikoarekin hasi dugu saioa. 1996koa beti izango dugu bihotzetan; hori da, hain zuzen ere, euskaratu izanaren arrazoietako bat.
Pokémon-i buruz hitz egiteko tartetxoa ere eduki dugu: Game Boy kontsolan argitaratutako Red izan dugu hizpide, baita anai-arreba Blue, Green eta Yellow ere. Zelan ez, hauen remake-ak eta berregiteak ere aipatu ditugu, mekanika interesgarriak gehitzen baitzituzten.
PlayStation-era salto egin dugu, noski! Gran Turismo 2 maitatua aipatu behar genuen bai ala bai: autoen simulatzaileen sagako atalik borobilenetakoa izan zen, eta gure etxeetan izandako mota horretako lehen jokoa.
Pyranha Bytes estudio alemaniarraren Gothic da gure jokorik gustukoenen zerrenda honetan agertu den beste lanetako bat. Gaur egun ahaztuta geratu den saga izan arren —hori bai, berregitea prestatzen dabiltza—, lehen Gothicek ideia zoragarriak eta bereziak aurkezten zituen.
Bukatzeko, gurean hainbatetan aipatu dugun Hollow Knight-ekin jarraitu dugu. Team Cherry australiarraren metroidvania estiloko bideojokoa azken urteetako maisulanetako bat izan dela uste dugunez, ezin genuen kanpoan utzi. Are gehiago: euskaraz dago, eta hori ospatzeko aprobetxatu dugu.