Zuzenean

Lander Unzueta

Euskarazko azken bideojokoen zerrenda aurkeztu dugu urtea bukatzeko!

Pokémon Scarlet eta Violet analizatu ditugu, gainera: jokatzeko modukoak dira, edo bug eta akats artean ito dira?

2022ko azken Game Erauntsia saioan ohiko egiturarekin jarraitzea erabaki dugu: bideojokoen munduko gaurkotasunari buruz hitz eginez. Aldi berean, Euskal Herriko industria zein euskaraz joka daitezkeen tituluak nabarmendu nahi izan ditugu. Izan ere, urtea bukatzeko gure hizkuntzara lokalizatu diren joko mordoa bildu ditugu, eta horien zerrenda luzea prestatu dugu.

57. Durangoko Azoka izan da euskaraz kaleratutako joko horien epizentroetako bat. Game Erauntsia bertan izan zen Gamer Gela bereziaren bitartez gure mintzairan dauden bideojokoen erakusleihoa prestatzen; ez hori bakarrik, euskal garatzaileekin ere batu ginen aurkezpenak egiteko.

Alde batetik, gure saioan dagoeneko ezaguna dugun Ibai Aizpurua garatzaile irundarrarekin egon ginen. Zomorro Studio taldeko arduradunak iaz azokako IV. Sormen Beka irabazi zuen Barraka bideojokoa garatzeko, eta horixe bera aurkeztera gerturatu zen gure ekimenera. Puzzleak eta plastilinazko estetika berezia biltzen dituen Barraka estreinatu da jada: ordenagailuetan joka daiteke, baina Android gailu mugikorretara ere helduko da egunotan.

Horrez gain, Aizpuruak euskal mitologia metroidvania generoko jokoekin uztartzen duen Guillotine ere euskaratu du. Prototipoa izan arren, lan benetan berezia da; doan joka daiteke Zomorroren webgunean. Etorkizunean jokoa bukatzeko asmoa agertu du irundarrak, gainera.

Beste aldetik, Eider Eibar ilustratzailea izan zen gure Gamer Gelan. Kokoak taldeko kidea Kokojokoaren jarraipena aurkeztera etorri zen: Maeiour etxeko txikienentzako aproposa den lana da, eta euskarazko hitzak irakastea du helburu. Hau ere doan goza daiteke nabigatzaileen bitartez.

Game Erauntsiaren aldetik, euskal bideojokozaleen elkartea harro dago euskaratu diren bi bideojoko aurkezteaz; egia esan, biek antzekotasun handiak dituzte, itzulpenak ia aldi berean kaleratzea kointzidentzia hutsa den arren. Lehena, Beat Saber da: errealitate birtualeko erritmo joko arrakastatsuan euskaraz joka dezakegu orain! Bigarrena, aurretik saioan aipatu izan dugun Clone Her da: zaleen komunitateak sortutako Guitar Hero sagaren klona lokalizatu berri dute.

Euskaratutako proiektuekin jarraituz, Hollow Knight izan da, inolako zalantzarik gabe, aurtengo izarretako bat. Ibai Oihanguren zaleak Team Cherry-ren maisulana itzuli du. Azken urteetako lanik borobilenetakoa izanik, bai ala bai probatu behar duzue!

DigiPen Europe Bilboko ikasleek doan merkaturatutako Avani ezagutu dugu; Josu Igoa jokalariak itzulitako Nuclear Blaze 2023an kontsoletara euskaraz iritsiko dela iragarri dute; bukatzeko, Ibai Baglietto garatzaileak Arima’s Shadow izeneko doako joko interesgarria argitaratu du PCan. Ez dago zalantzarik: 2022a ikaragarrizko urtea izan da euskal bideojokozaleentzat.

Gezurra badirudi ere, iragarpenentzako tartea ere eduki dugu saioan: The Game Awards sarien galan Hades 2, Death Stranding 2, Judas eta beste hainbat bideojoko aurkeztu zituzten.

Bukatzeko, urte bukaerako bideojoko arrakastatsuenetako nahiz polemikoenetako baten analisia egin dugu. Pokémon Scarlet eta Violet arazo mordoarekin kaleratu dira; hala eta guztiz ere, zer diote sakelako munstroen zaleek?

Jaurlaritza Logoa