Zuzenean

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Bideojokozaleen komunitatea, frankizia ezagunen titulu propioak garatzeko prest

Jokalariak ere bideo joko garatzaileak ere izan ohi dira: Pokémon, Guitar Hero edo Mega Man bezalako jokoak hartu eta hauek hobetzeari ekin diote.

Audio_placeholder

Bideojokozaleen komunitatea, frankizia ezagunen titulu propioak garatzeko prest

Loading player...

Game Erauntsia irratsaioaren aurreko atalean bideojokozaleek garatutako kode irekiko hainbat titulu ezagutu genituen. Horiek ez dira, baina, komunitateak sortutako bideojoko bakarra. Izan ere, saga eta frankizia ezagunenak oinarri hartuta, joko propioak eta bereziak sortzeari ere ekin diote. Interesgarrienak izan ditugu hizpide oraingoan.

Esate baterako, Nintendo-ren eta The Pokémon Company-ren sakelako munstroekin denetariko proiektuak ikusi ditugu. Ezagunena da, ziurrenik, Pokémon Uranium ikaragarria: pizti zaharrak zein berriak, mekanika desberdinak, hamahiru herri, zortzi gimnasio… denetarik batzen du obra honek. Uraniumekin batera Sonic Robo Blast 2 Kart lasterketa joko bikaina, erritmoz betetako Clone Hero —laster euskaratuta eskaini nahi dizueguna— nahiz sormena bultzatzera datorren Mega Man Maker aparta pasa dira gure saiotik.

Albisteentzako tokia ere egon da, ohi bezala. Urri bukaerara iristen gabiltza: arimen gauarekin edo gau beltzarekin batera, beldurrezko bideojokoak dira nagusi egunotan. Hauen artean beldurgarrienetakoa, edo, behintzat, jokalarien artean kutunenetakoa itzuli dela esan dezakegu. Konami-koen Silent Hill bueltan da, eta hainbat bideojoko aurkeztu dituzte. Nabarmenena, atalik maitatuenaren berregitea da: Silent Hill 2-ren remake-a ikusi ahal izan dugu. Nvidia ere berriz pasa da guretik. Orain aste batzuk RTX 4000 serieari buruz hitz egin genuen; benetan indartsuak dira enpresa estatubatuarraren txartel grafiko hauek, baita benetan garestiak ere. Hori dela eta, 4080 GPU-a kaleratu gabe uzteko erabakia hartu dute.

Bukatzeko, noizbehinkako bideojokalarien zein zale amorratuenen artean beti sekulako ospea eduki duen sagari buruz hitz egin dugu. Electronic Arts-ekoen Sims frankiziak bosgarren atala aurkeztu du. Oraindik hau ikusteko asko falta da, baina bitartean, laugarren atalera doan jokatzeko aukera eskaini dute arduradunek.

Jaurlaritza Logoa