Zuzenean
Microsoftek Activision Blizzard 68,7 mila milioi dolarren truke bereganatu du, edo horrela saldu ziguten iaz. Egia esan, Xbox-ekoen arduradunek oraindik borroka legaletan jarraitzen dute ‘Call of Duty’ edo ‘Candy Crush’ bezalako frankizien enpresa erosteko. Bereganatzea errazteko Nintendorekin nahiz Nvidiarekin hitzarmen berezi zein bitxiak prestatu dituztela iragarri dute.
Alde batetik, ‘Call of Duty’ sagako datozen hamar urteetako joko berriak N Handiaren kontsoletan estreinatuko direla adostu dute; bestetik, Nvidiaren GeForce Now streaming harpidetzara Xboxen joko guztiak iritsiko dira hamar urtetan.
Zergatik iragarri dituzte kontratuok? Europar Batasunaren aurrean erosketak ez duela inolako monopolio arriskurik suposatzen adierazteko: joan den astean bista garrantzitsua eduki zuten erakunde desberdinetako kideek. Izan ere, PlayStation ez dago batere pozik bereganatzearekin, ahalik eta oztopo gehien jarrita.
Nola ez, Game Erauntsia irratsaioan gertakizun historikooi buruz hitz egin behar izan dugu, bai ala bai. Horrez gain, Civilization ezagunen itzulera izan dugu ardatz, baita Valve-n baneo mailuaren ondorioak ere: 40.000 tranpati kaleratu dituzte Dota 2 arrakastatsutik.
Bestelako albisteak ere izan ditugu gurean: Klikazank ekimenaren hirugarren Rocket League lehiaketa, PlayStationen, Pokémon zein Nintendoren aurkezpenen iragarpenak, edo Angry Birds originalaren ihesaldia aipatu ditugu. Gainera, Shinji Mikami sortzaile japoniarrak Tango Gameworks estudioa utzi duela iragarri du.
PlayStationen azken urteetako bideojokorik onena ekarri dugu analisien txokora. 2016an estreinatu zen arren, Uncharted-en laugarren atalak bermasterizazioa izan zuen iaz PS5-erako eta PC-rako. Nathan Drake altxor ehiztariaren azken abentura benetan izugarria da, eta horriz buruz aritu gara sakontasunean.