‘Planet of Apes’ ederki zaharkitu den klasikoa
‘Planet of Apes’ filmaz hitz egiteko ez da urteurren borobilik behar, klasikoen apalean aski ongi irabazia du bere tokia. Gainera, 60ko hamarkadakoa izan arren, egun bizi dugun krisi ekosozial egoerarekin badu lotura. Spoiler gehiago ez, Zigor Etxebeste 'Bideokluba' saioan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Bideokluba saioko klasikoen atalean Zigor Etxebesteren bisita jaso dugu eta esku artean ekarri ditu ‘Planet of Apes’-eko sagaren DVD sorta, komiki bi eta jatorrizko nobela. Baina zergatik da film hau klasiko bat? Zergatik zahartu da hain ongi? Zergatik ematen du zer esana egun bizi dugun krisi ekologikoan? Eta garrantzisuena, ez baduzu ikusi, zergatik behar duzu ikusi?
‘Planet of the Apes’ 1968ko zientzia-fikziozko film estatubatuar bat da, Pierre Boulleren izen bereko eleberrian oinarritua. Zigor Etxebestek azaldu digu, ordea, gidoilariak hainbat lizentzia hartu zituela eta moldaketak egin. «Nobelan adibidez tximuak askoz aurreratuagoak daude teknologikoki, baina, noski, horrek asko igoko luke filmaren aurrekontua». 2001ean, Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuko Liburutegiak «kulturalki, historikoki eta estetikoki esanguratsutzat» jo zuen filma, eta National Film Registryn gordetzeko hautatu zuten.
Sagako lehen filma Franklin J. Schaffnerrek zuzendu zuen eta Charlton Heston da protagonista nagusia, George Taylor Koronel astronautaren azalean ikusiko dugu. Aunitz sufritu zuen filmaketan Hestonek, ia larrugorritan, alde batetik bestera ihesean pasatzen baitu filmaren zati handi bat. Are gehiago sufrituko zuten tximuek, 4 orduko makilaia behar zuten filmaketa hasi aitzin.
Film luze honen arrakastak hainbat sekuela eta prekuela ekoiztea ekarri zuen, telesail bat bere lehen denboraldian bertan behera utzitakoa eta marrazki bizidunetako beste bat (Pierre Boulleren La planète des singes eleberriari atxikiagoa) 1960 eta 1970eko hamarkadetan. Noski, liburuak, komikiak...eta bestelako merchandisinga ere garatu da.