Zuzenean

Aimar Erkiaga

Aste honetako gomendioak: Air, Suzume, Selftape eta Nop

Ezinezkoa da astero astero karteldegian eta streaming plataformetan estreinatzen diren film eta serieak ikustea, horregatik hemen duzue Bideokluba saioan egindako aukeraketa bat. Air eta Suzume karteldegian, Selftape eta Nop plataformetan.

Audio_placeholder

Aste honetako gomendioak: Air, Suzume, Selftape eta Nop

Loading player...
Estreinaldiak apirilak 13, karteldegian eta plataformetan
Estreinaldiak apirilak 13, karteldegian eta plataformetan (NAIZ irratia)

AIR

Azken aldian modan jarri dira biopickak. Dela bi aste ‘Tetris’ bideojoko famatuaren sorrera kontatzen duen filma izan genuen hizpide eta aste honetan pantaila handira iritsi da ‘AIR’, Nike marka amerikarraren Air Jordan zapatilen istorioa.

80. hamarkadan kokatuta, NIKE markako langile batek ‘Air Jordan’ arrakastatsuak sortzeko egin zuen ibilbidea kontatzen du AIR film biografikoak. Agian nire belaunaldiarentzat pixka bat urruti gelditzen da istorioa, gainera, oso yankia da dena, saskibaloia eta NBA giroa.

Converse marka izan zen saskibaloiko marka gorena Air Jordan iritsi arte. Oraindik ezaguna ez zen Michael Jordan gaztean apostu egin zuen NIKEk, eta NIKE ibiltzeko proposamena egin. Inork gutxik espero zuen mutil gazte horren arrakasta, baina bai, mito bihurtu zen eta Air Jordanak zituen jantziak.

Aipagarria da azken urteetan filmaren inguruko zurrumurru ezberdinak egin direla publiko, gehienak nahiko txarrak. Azkenean, Amazon plataformak ekoiztu du filma eta hasiera batean Amazon Primen zen estreinatzekoa zuzenean zine aretoetatik pasa gabe. Baina publikoarekin egindako emanaldi ezberdinetan, antza, ikusi dute gustatu dela pelikula eta horregatik da estrategia aldaketa.

Ben Affleck da pelikulako zuzendaria, baina aktore bezala ere parte hartzen du. Batman, Perdida edo orain dela gutxi 'El Ultumo duelo' filmeetan ikusi dugu Affleck. Baina zuzendari eta gidoigile bezala ere lan txukunak egin ditu. Ezin ahantzi 'Argo' edo Mat Damonekin batera idatzitako eta Gus Van Santek zuzendutako 'El indomable Will Hunting'. Portzierto, argi dago lankide eta lagun onak direla Damon eta Affleck, ‘Air’ filmean ere parte hartzen baitu Mat Damonek, bera da Air Jordan zapatila modeloa sortzeko ideia duen marketin langilea. Nabarmendu behar da istorio kurioso bat modu bizkor eta eramangarrian kontatzen jakin duela Ben Affleck, edonork gozatu dezakeen film baten aurrean gaude.


SUZUME

Hollywoodetik urrundu eta Japoniara goaz, anime zinemagintzan gaur egun dagoen zuzendari ospetsuenetakoa da Makoko Shinkai, eta berea da 'Suzume'.

Aurtengo Berlineko zinemaldian estreinatuta, 17 urteko neskato batek gizonezko misteriotsu bat ezagutzen duenean hasten da filma. Gizonezko honek Japonia guztian gertatzen ari diren katastrofeak konpontzen ditu, baina tamalez, neskatoa ezagutu eta denbora gutxira madarikazio batek jo eta bere helburua lortzea ezinezkoa bihurtzen da.

Filmaren zuzendaria den Makoto Shinkaik mundu mailako ospea lortu zuen orain dela 7 urte 'Kimi no nawa' eta 'Your Name' izeneko pelikulekin kritika eta industria maitemindu ostean. Txundigarriak dira, lehena APPLE TVn daukazue ikusgai.

‘Suzume’-k ere oso kritika onak izan ditu nazioarteko aldizkarietan. Amodioaren eta katastrofe naturalen inguruko film entretenigarri baten aurrean gaude. Nabarmengarria ere filmeko soinu bada. Radwimps izeneko japoniar rock banda batek sortu ditu abestiak, benetan, onak.

PLATAFORMETAN ZER IKUSI?

NOP

Beldur piskat pasa nahi baduzue ikusi MOVISTAR +en estreinatzen den ‘Nop’.  Filma pasaden urtean egon zen ikusgai zinemetan, eta aste honetan heltzen da plataformara. Zuzendaria estatubatuar zinemaren ahots propioetakoa bihurtu den Jordan Peele da.

Filmetan erabiltzen diren zaldiak entrenatzen dituzten arrantxo batean girotuta, bi anai arreba dira pelikulako protagonistak. Gauza paranormalak hasiko dira gertatzen haien lurretan...

Jordan Peelek ongi ezagutzen du genero hau. 'Get Out' filmarekin argi geratu zen, eta Oscarra irabazi zuen. Ondoren zuzendu zuen 'Us', eta bueltan dator hirugarren filmarekin.

Peelek arrazaren inguruko gaia kalitatezko zinemarekin batzea lortu duen zuzendari horietako bat da, eta era berean Ari Aster eta Robert Eggersekin batera, Estatu Batuetako horrore edo ikarazko generoa berpiztu duen zuzendaria da. Bitxikeria bezala: hiru zuzendari hauek urte berean kaleratu zuten haien lehen filma, eta hirurak izugarrizko ospea lortu zuten.

Spoilerretan sartu gabe, niri Spielbergen 'Jaws'  ekarri dit gogora. Gainera,  benetan txundigarriak diren zine-industriaren inguruko hamaika hausnarketa eta erreferentzia daude filmean zehar.
Beraz badakizue, kalitatezko pelikula bat ikusi nahi baduzue zuen etxeko sofan, NOP da zuen asteko gomendioa.


SELFTAPE

Azken gomendio bezala, Filmin plataforman estreinatu den 'Selftape'.

Umetan hasi ziren aktore lanetan Joana eta Mireia Vilapuig ahizpak. Mireiak (gazteena) 10 urterekin egin zuen  Pau Freixas zuzendaritzapean Herois filma. Urte batzuk beranduago filmaketak ezagutu zituena bere ahizpa handia izan zen, Joana. Mundu mailan arrakastatsua izan zen 'Pulseras Rojas' telesaileko neska protagonista izan zen. Datu bezala, Steaven Spielberg-en telesailaren eskubideak erosi zituen eta remake bat egin zuen. Famatuak bilakatu ziren egun batetik bestela, kalera ateratzea ere arazo bihurtu zen.

Zertzelada autobiografikoak ditu 6 kapituluko telesail honek, non bi ahizpen umetako irudiak tartekatzen diren. Etxean grabatutako irudiak, fama lortu aurretik, non zoriontsuak diren. Bàrbara Farrék zuzendutako telesaila da hau, Filmax-ek ekoiztuta eta Filminen argitaratua.

Bi ahizpen arteko erlazioa kontatzen da, harremantzeko dituzten arazoak, eta tartean daude aktore munduaren miseriak, famaren ahaztura eta gehiegikeria sexualak.





Jaurlaritza Logoa