Rodeo eta Ezpalak taldeen bira, Virenqueren diskoa eta Kokeinen leherketa
Urte amaiera dagoeneko gainean dugu eta urteko disko onenen zerrenda osatzeko bidean, bere buruarekin borrokan dabil Izkander Fernandez. Zoratzen ari da eta gaur gauerako dena prest izatea espero du. Guztira 30 hautatuko ditu eta datorren astean ekarriko ditu lau lehenak NAIZ Irratira.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Virenque - La década plana
Durangon saltzeko egon ez zen disko baten inguruan hasi dugu aste honetako tartea. «Fisikoki kaleratu gabe dagoen diskoa da eta karanbolaz entzun dudana. Sei abesti ditu ‘Austral’ lanak, laburra da beraz, baina behin eta berriz ibili naiz azken egunetan disko hau entzuten. Emoa, post-rocka, rocka eta Foo Fighters, Berri Txarrak edota Catorce bezalako taldeak etortzen zaizkit burura Virenque entzuetan. Disko gitarreroa da, indartsua eta melodia asko eta kalitatezkoak dituena», esan digu Fernandezek.
Kokein - Unea ft. Juanjo Berasain
«Talde historiko bat ekarri dut bigarren tokian, eibartarra, gure eszenean agertu zenetik 22 urte pasa direnean disko berria kaleratu dute. Beraz, mende honetako talde bat da, heldutasuna duena, oso indartsua, oso gitarreroa eta oso melodikoa dena, ez dena ohikoa eta Kokeinek lortu du hori. Urteko zerrenda osatzeko Durangoko Azokak buruhauste asko ematen ditu eta Kokeinen diskoa tesitura horretarako ez dugu nahi beste entzungo, baina, esan dudan moduan, heldutasunean bikain dabil eta zaleak pozik egoteko moduan daude», azpimarratu du lemoaztarrak.
Ezpalak - Zerotik
Asteburu honetan hiru emanaldi izango ditu Ezpalak taldeak eta horregatik hautatu du talde zestoarra Izkander Fernandezek: «Ezpalak taldea behin baino gehiagotan ekarri dugu hona eta Ezpalak eta Rodeo berriz ere biran izango dira, elkarrekin oraingoan: ostegunean, Gasteizko Jimmy Jazzen; ostiralean, Bilboko Muellen; eta, larunbatean, Donostiako DabaDaban. Baina emanaldi gehiago ere etorriko dira. Maila altuko bira eskainiko dute bi taldeek, gainera biek ere lan bikainak atera dituzte aurten. Badute publiko bat komunean, baina, baita desberdina ere eta batuketa hori oso interesgarria izango da».
Rodeo - Sisifo
Egun hauetan kontzertu asko dagoela aipatzean, «abendua da» esan digu Izkanderrek: «Diru gehixeago izaten da abenduan, eskaintza ere zabaldu egiten da, Durangoko Azoka ere zerbaitengatik da abenduan… Rodeoren kasuan interesgarria da egin dutena, jolasak, dirdira… Zaila da urte berean horrelako bi lan kaleratzea. Stonerra ez dut askorik jarraitu, Kyuss nire soinu bandaren parte den arren, baina gero nekatu egin nintzen. Rodeo bazterrean neukan, baina aurten beren diskoak entzun ditut eta ergel samar sentitu naizela esan dezaket. Gaur Jimmy Jazzen izango naiz eta areto aproposa dela uste dut bi talde zestoarrak ikusteko», bukatu du Izkander Fernandezek.