Zuzenean

Elkarrizketa
Ortzi Alberdi
Rodeo taldeko gitarra-jotzailea

«Errealitatearen analisi sakon baten falta egon da eta beti formula berak errepikatu dira»

Trilogia bat osatu du Rodeo taldeak Prometheoren istorioa abiapuntu bezala hartuz. ‘Moira’ kaleratu zuten udaberrian, ‘Prometheo’ bi kantuko EPa ere egin zuten, eta, orain ‘Hybris’ atera dute zikloa ixteko. Greziar mitologia eta langile borroka uztartu nahi izan ditu talde zestoarrak.

Audio_placeholder

«Errealitatearen analisi sakon baten falta egon da eta beti formula berak errepikatu dira»

Loading player...
Rodeo laukote zestoarrak ziklo bat itxi du ‘Hybris’ diskoaren kaleratzearekin.
Rodeo laukote zestoarrak ziklo bat itxi du ‘Hybris’ diskoaren kaleratzearekin. (RODEO)

Soinu aldetik desberdina da diskoa. Abestiei buelta bat eman diezuela nabaritzen da.

Nahiz eta batera konposatu genituen abestiak izan, banaketa egiterakoan disko bakoitza bide batetik joan zen. Bata Txapekin grabatu genuen, bestea Eñautekin. ‘Moira’ gordinagoa, klasikoagoa edota punkiagoa bazen, hau disko argiagoa eta soinu zabalagoa duena da, geruza asko dituena eta nolabait ere beteagoa.

Hybris izatez harrokeriarekin lotzen da. Grezia klasikora goaz, baina aldaketa da aldarrikatzen dena.

Hybris Moiraren kontzeptuarekin lotu nahi izan dugu. Moira kosmosean bakoitzak bere tokia duenaren aldarrikapena bada, Hybris horren transgresioa da, bakoitzak bere toki hori gainditzea. Harrokeriaren zentzua hor erabili dugu eta Moirarekin kontrajartzea zen asmoa. Prometheok hori egiten du eta guztiak lotura izatea nahi genuen.

‘Odola’ kantuak jarraitzen du. Flangerraren erabilera, tonuan aurreko kantuarekin duen lotura, tempo igoera, dauden geldiuneak, kutxaren soinua… Jolas asko eta soinu bereziak kantu honetan topatu ditzakegunak.

Kutxaren soinua bada Eñauten zigiluetako bat. Bere estudiora joatea plazera da eta flangerrarena horrekin lotuta dago, pedalen erabilera eroa egiten delako Eñaut Gaztañagaren estudioan eta zati hori oso dibertigarria da.

Pedalen erabilera ere artea da.

Zestoan eskola daukagu, taldea hasi genuenerako ingurukoengana gerturatu eta pila bat ikasi dugu bidean kontu horren inguruan.

Juanjo Berasainek abesten du abesti honetan.

Bai, elkarrekin askotan partekatu dugu oholtza, igo izan da eta nahi genuen berak gurekin zerbait grabatzea. Azkenean, iritsi da.

Mezenasgoari kritika bat egiten diozuen arren, lan-sistemari kritika bat du guztiaren atzean.

Bai, ondo ekarria, mezenasarena metafora bat da. Langile klasearen artea, zentzu zabalenean, kapitalak bereganatzen duela diogu. Ez da guk artista bezala dioguna, baizik eta langile klaseak berezkoa duen sorkuntza horrekin gertatzen denari kritika modukoa da.

‘Sisifo’ kantuan sekulako egurra sartu duzue. Berriz ere soinuekin eta atalekin jolas asko egin dituzue. Ez dakit ekoizpen aldetik hainbeste xehetasun disko batean sartu ote dituzuen aurretik.

Ezetz esango nuke. Disko honetan geruza eta xehetasun pila bat daude eta Eñaut horretan mimoz aritzen den pertsona da, eta disko honetan bereziki. Estudioko denboran, lehen zatia oinarria grabatzeko erabili genuen, gero, hilabete beranduago, xehetasunetan sartu ginen eta ‘frikeatzeko’ aukera eman zigun, presarik gabe ibili ginelako.

Sisifori zigor bat ezarri zioten zekenkeriaz jokatu eta gezurretan aritzeagatik. Zigorra bera hartu duzue oinarri, baina zergatik zigortu dute abestian aipatzen dena?

Metafora moduan hartu dugu, egunerokotasunean ematen den errepika horren bueltan ari gara. Ezkerrari eta mugimendu sozialari zentzu orokor batean egindako kritika bat da, gu ere hortik mugitu garelako eta hortik gatozelako. Errealitatearen analisi sakon baten falta egon da eta beti formula berak errepikatu dira, nahiz eta hutsegiteak egon diren. Grezian eta Katalunian gertatu diren mugimenduetako porrotek asko eragin didate nire pentsamendu politikoetan. Bide horretatik joan nahi izan dugu eta ez da ongi joan. Horren aurrean ez da analisi sakonik egin eta buelta emateko bidean ez da ezer aldatu, horri egindako kritika bat da. Analisi teorikoa falta izan da.

Kontrapuntua jartzen dio ‘Keres’ kantuak. Moirarekin lotzen da, izan ere, heriotza bortitzaren emakume izpirituak dira Keres delakoak.

Prometheoren bidaia ari gara kontatzen eta orain arte ari ginen kontatzen langile klase baten heriotza bortitza eman dela, historikoki hiltzat eman delako langile klasea. Klase borrokaz edota langile iraultzaz hitz egitea bazirudien ezinezkoa zela, eta hori irudikatu nahi izan dugu Keres kantuarekin. Nahiz eta horri buelta emango diogun hurrengo abestiarekin.

Dentsitatearen eta iluntasunaren baitan, argitasun parteak ere baditu.

Beti gustatu izan zaigu egurra eta zati lasaiagoak elkarren artean nahastea, oreka mantentzea, zati indartsuenek indar gehiago har dezaten. Dinamismoa maite dugu.

Instrumental potentea du, gainera, abesti honek. Hitz gutxiago erabilita, mezu zuzenagoa bota eta zuen artean blokean, egurrean, irudikatzen zaituztet.

Bai, bada elkarrekin oholtzan indar hori transmititzeko balio duen abestia.

Zuzenekoetan ez dakit ‘Ez da hil’ abestiarekin jarraitzen duzuen diskoan egin bezala, baina eskatu egiten du. Kantuak duen erritmoa, efektu sorta, tambourinea… Kantuak alaitasun puntu bat badu.

Ez zuen inork espero pandero hori bapatean. Gure kantu poperoena izan daitekeela esango dugu, Queens Of The Stone Agen alde poperoena duena. Pianotxo bat ere badu panderoaz gainera. Eñautek bere kasara egin zuen proba eta akaso ez zitzaigula gustatuko esan zigun, baina oso ondo geratzen zela ikusi genuenean, mantendu egin genuen. Hitzak Paul Beitiarenak dira abesti honetan eta baita ‘Thanatos’ abestian ere, nahi genuena bikain azaldu du zarauztarrak.

Stonerrean gauzei kolorea ematean dago artea, ezta?

Stonerra soinu oso konkretuei lotzen diegu eta gu horri buelta ematen saiatzen gara, soinu eta testura desberdinekin. Eñaut maisua da horretan eta asko ikasten dugu berarekin. Pentsa, abesti honetan gure anplifikagailuak erabili ordez, estudioan zuen trantsistoreetako zahar bat erabili genuen.

‘Ares’ abestiarekin jainkoen mundura goaz. Bortizkeriaren jainkoa da izatez, gorrotatua ere izan zena Troiako guduan bi aldeetan ibili izanagatik. Horri erreferentzia egiten diozue «Bi suren artean orekarik ez da, elkar betirako suntsitu arte» esaldian?

Prometheoren bidaia horretan, koartelik gabe gerra horretara joan gara abesti honekin. Prometheo bere buruarekin konforme denean, jainkoen aurkako gerrara doa. Guk langile boterea eta botere kapitalista jarri nahi izan ditugu aurrez aurre, orekarik ez dagoen unean suntsiketarako bide ematen duelako.

Gero gerra dator, instrumental pausatu batean, ‘Atenea’. Estrategiaren, bidezko gerraren jainkoa da. Badu kondaira bat Palas titanaren alaba dela diona eta Palasek bortxatu nahi izanagatik Ateneak Palas hiltzen duena kontatzen duena. Ez dakit zerikusirik baduen.

Ez, gehiago du kontatu duzunaren lehen zatiarekin. Langile botereak botere kapitalistaren aurka duen gerra nahi genuen irudikatu eta legitimitatea eman nahi genion borroka horri.

Zergatik da instrumentala?

Gerraren momentu hori transmititzeko egokia iruditzen zitzaigulako eta musikalki hurrengo abestiarekin lotzeko balio zigulako. Normalean, instrumentalak izan dira gure kantu lasaienak, dinamika gehien zutenak, baina oraingoan egurrean aritzeko nahia izan dugu, gerraren kontzeptuarekin lotuta.

Honekin ez dakit ados egongo zaren. Gitarren arteko elkarrizketak, duetoak… disko honetan lehen planoan nabarmenago jarrita daudela iruditu zait.

Disko gitarreroena izango da akaso, gitarraren zentralitatea beti bilatu izan dugu, baina disko honetan akaso beste modu batera egin dugu. Konposatzerakoan ere joko gehien hemen daude; elkar harmonizatzearena, adibidez. Soinu horren bilaketan-eta beti izan dugu tendentzia hori, baina oraingoan akaso badu pisu gehiago.

Greziako mitologiatik ospa egiten duzue ‘Lunacharsky’ kantuan. Kontaiguzu nor den Lunacharsky.

Sobietar Batasuneko hasieratako kultura ministroa zen eta egin zuen gauza batek inpaktu handia sortu zuen nigan. SESBen hasiera zoro harietan egin ziren eta gertatu ziren gauza askok harridura sortzen du gugan eta Lunacharskyk jainkoari epaiketa formala egin zion. Biblia bat akusatuaren aulkian jarri zuen, abokatu eta guzti egindako epaiketa batean, eta jainkoa kondenatu egin zuten epaiketa hartan gizateriaren aurkako krimenak egotzita. Heriotza zigorrera kondenatu zuten. Moskuko Plaza Gorrira pelotoi bat joan zen eta zerura egindako tiro batzuekin irudikatu zuten zigorraren exekuzioa. Bada, kondena hau ez dago greziar mitologian, baina gure istorioarekin bat egiten zuen eta diskoa ixteko bidean sartu egin dugu.

Azala ere sintonian doa, binilo bikoitza kaleratuko duzue?

‘Hybris’ diskoaren biniloak oraindik ere ez dira iritsi oraindik, baina Bonberenea Ekintzakekoekin ari gara hizketan diskoa iristen denerako funda berezi batzuetan binilo bikoitz bezala saltzeko.

Bira ere abian, pixka bat ‘Zestoa power’.

Ezpalak taldeak ere laster aterako du diskoa eta toki onak bilatu ditugu elkarrekin diskoak aurkezteko.

Nik badut bat begiz jota, abenduaren 30ean Bonberenean gertatuko denak badu epiko itxura.

Tolosa aldean Zestoako inbasioa izango da, Lin Ton Taun, Ezpalak eta Rodeoren artean. Ilusio berezia dago Zestoan kontzertu honen bueltan.

Dena bukatzeko ‘Tanathos’ dator, heriotza naturalaren kontzeptua irudikatzen duena. Baina Thanatos hil den arren, ez da betirako joan.

Obrerismoari kritika bat da eta langile klasea identitate moduan hartzeari, aldarrikatu behar den identite bezala hartzeari, egindako kritika. Norberak erabakitako heriotza lasai horretan, Prometheok berak egindakoarekin gustura badoala irudikatzen du eta hor langile klasea bere burua gainditu nahi duen subjektu politiko bezala aldarrikatu nahi izan dugu. Hau da, Prometheok bukatu du mundu kapitalistarekin, langile klasea badoa berarekin eta askatasuna iritsi da gizartera.

Jaurlaritza Logoa