Zuzenean

Peru Atxa
Zestoa

Rodeo taldekoek beren patuaren ikuspegia erakutsi digute ‘Moira’ diskoarekin

Pandemia aurretik ‘Ezherrian’ EPa kaleratu zuten arren, ezohiko garai honetan ez da geldirik egon talde zestoarra eta urte oparoa izango da 2022a. ‘Moira’ izeneko diskoa argitaratu du taldeak, Aitzinako Greziako istorioetatik abiatuta gaur egungo gizarteari kritika eginaz.

Audio_placeholder

Rodeo taldekoek beren patuaren ikuspegia erakutsi digute ‘Moira’ diskoarekin

Loading player...
Udazkenean emango diote segida kaleratu berri duten ‘Moira’ diskoari Rodeo talde zestoarreko kideek.
Udazkenean emango diote segida kaleratu berri duten ‘Moira’ diskoari Rodeo talde zestoarreko kideek. (RODEO)

Konfinamenduan ‘Prometheo’ izeneko bi single kaleratu zituen Rodeo taldeak, nahiz eta disko honetan ez dituzten sartu. Horren arrazoia kontatu digute ordea taldekideek: «Azkenean, konfinamendu garaian asko konposatu genuen. Konturatu orduko kanta ugari sortuta geneuzkan eta disko bat kaleratzearen inguruan hitz egiten hasi ginenean, zerbait luzeagoa egitea pentsatu genuen. Baina bat-batean kontzertuak bueltan etorri ziren eta, abesti batzuk sortuta geneuzkanez, zuzenean aurkezteko zerbait berria kaleratu nahi izan genuen. Gauzak horrela, ‘Prometheo’ kaleratzea pentsatu genuen, guretzako abesti bat zena bitan zatituz».

Atzetik ‘Moira’ etorri da, eta azaroan disko berriarekin etorriko direla aurreratu dute dagoeneko Rodeokoek, «‘Prometheo’-ren prekuela eta sekuela izango diren lanak». Abestiek aniztasuna dute, estilo desberdinen ukituak dituzte, nahiz eta stonerra den guztiaren gainetik nagusitzen dena. Aniztasun honen zergatia nondik datorren galdetu diegu: «Alde batetik, denbora tarte handi batean sortutako lana izateagatik gertatu dela esango genuke, abestietan ideia desberdinak sartuz. Horrez gainera, lehen entzuten ez genituen post punk taldeen influentziak izan ditzake disko berri honek. Hala ere, askotan gertatzen zaigu betiko estilora jotzen dugula, barrutik ateratzen zaigun estilora eta horregatik estilo desberdinak jorratzen ditugu lokalean. Esan beharra dago, esaterako, Pelax taldea azkenaldian asko entzun dugula eta horrek ere garrantzia izan du lan luze berri honetako sortze prozesuan».

Aitzinako Greziako kulturan murgildu

Disko honetan, Aitzinako Greziara eraman nahi gaitu taldeak. Lanaren beraren eta abestien izenak greziar jainko eta titanenak dira eta haien istorioak gaur eguneko gizartean islatzen saiatu dira hitzetan: «Disko bakoitza kontzeptu orokor baten inguruan sortzen dugu, ‘Dilmun’ lana adibidez sumerreraren inguruan sortu genuen, metaforak sartzeko intentzioarekin. Oraingoan, ‘Prometheo’-rkin etorri zitzaigun greziar munduaren kontzeptuarekin jolasteko ideia. ‘Dilmun’ lanean egin genuen bidea hartuz, Prometheoren istorioa kontatu nahi genuen bertako elementuak eta metaforak erabiltzeko».

Lan luze berri honen abestietan murgilduz, ‘Krinein’ kanta, krisiarekin eta kritikarekin lotuta dagoela aipatu digute: «Azken finean, ‘Krinein’, kritika eta krisia hitzetan islatzen da. Krisiak abesti honetan aldaketa zakar eta drastikoaren zentzua hartzen du, baina krisia disko osoan presente dagoen elementu bat dela esan dezakegu, lehenengo abestitik bukaera arte. Abesti hau disko osoan zehar garatzen doan istorioaren bukaera dela esan dezakegu, subjektibitate aldaketa bat ematen da eta orain arte ‘Moira’-n objektu izan den pertsonaia subjektu aktibo izatera pasatuz».

‘Therion’ abestian berriz, «mozorroa jausi» zaiola norbaiti aipatzen dute eta mozorro hori zeini jausi zaion galdetu diegu: «Honek lotura handia du ‘Dilmun’ lanarekin, demokrazia burgesaren askatasun eta berdintasun faltsua ordezkatzen zuelako ‘Dilmun’-ek eta ‘Therion’-ekin, berriz, krisi berri honen inguruan murgildu gara. Azkenean, entzuleek kontuan izan behar dute zein momentutan dagoen konposatua diskoa, lan hau entzuterakoan pandemian sortuta dagoela kontuan izan beharra dago, horren inguruan hitz egin eta kritikak egiten ditugulako. Gu 2020ko urtarrila bukaeran binilo formatuan ‘Ezherrian’ lana kaleratu berritan ginen, lan handia egin eta bira bat lotzetik, etxera sartzera behartuak izan ginen. Azkenean, errealitate horretan jasandako atsekabetik sortutako lana da ‘Moira’».

‘Chronos’ kantan, berriz, «bizitza saldu behar dut, bizitzen jarraitu nahi badut» aipatzen dute, denboraren inguruan hitz egiten duen abestia dela azaldu digute: «Errealitate purua da, azkenean, diruaren truke lanera joan behar baldin bagara, zure denbora da ematen duzuna eta denbora hori saldu egin behar duzu. Zortea duen jendea benetan gustatzen zaion eta motibatzen duen lanetan aritzen da, baina derrigortuta, askatasun faltsu honekin derrigortuta, boluntarioki egiten dugun arren, gosez hiltzea baita dagoen beste aukera bakarra».

Patua norberak idatzi dezake

‘Moira’ hitzak, patua esan nahi du, eta, eguneko gizarte honetan patua ezarria den edo bakoitzak nahi duguna egiteko aukera dugun galdetu diegu: «Kontzeptualki determinismo horren barruan mantentzen garela kontatu nahi izan dugu eta ‘Prometheo’ lanarekin, disko honekin eta datorrenarekin apurtzea da gure intentzioa. Kontzeptualki horrela banatu dugu osotasun bat duen lana, disko hau ‘Moira’ da eta lan honen bukaera arte determinismo horren barruan mantentzen gara. Guk sinisten dugu aukera bat badagoela, txikia izan arren, determinismo hori apurtu ahal izateko, baina gai hori azaroan etorriko den diskorako gorde dugu».

‘Metamorfosis 1’ eta ‘Metamorfosis 2’ kantek ‘Atlas’ abestiarekin duten loturaren inguruan hitz egiten ere egon gara: «Bi zatitan egiteko arrazoi bakarra bien artean loturarik ez dutela da, hau da, guretzako ‘Metamorfosis 1’ eta ‘Atlas’ abesti bat dira eta ‘Metamorfosis 2’ eta ‘Geras’ beste kanta bat. Zuzenean batera jotzen ditugun arren, single bezala kaleratzeko kanta bakoitzak zazpi minutuko luzapena izatea gehiegizkoa iruditzen zitzaigun, komertzialki oso egokia ez dela esan dezakegu. Horren ondorioz, introak dira nolabait ere ‘Metamorfosis’ abestiak, nahiz eta zuzenean izugarrizko indarra hartzen duen eta guri indar hori lantzea asko gustatzen zaigun. Hala, diskoan banatuta aurkeztea erabaki dugu».

Europara salto

Bonberenea Ekintzak zigiluarekin kaleratzen duten arren, Sixteen Times Music zigiluaren laguntza ere izan dutela adierazi digute: «Azkenean, guk jorratzen dugun musikak Europa mailan zabaltzeko bidea duela uste dugu. Haiek jarri ziren gurekin kontaktuan, Alemanian jotzeko aukera izan genuen pandemia aurretik eta bertako antolatzaileetako batek proposamena luzatu zigun. Haiekin zerbait argitaratzeko nahia zuten eta ‘Prometheo’ lanarekin probatu genuen eta, egia esan, oso ondo joan zen dena eta pozik geratu ginen haiek emandako tratuarekin. Orain beren eskutik etorriko da Europarako zabalkundea».

Kontzertuekin martxan jarri dira eta lehenengoa Orozkon izan zuten, Orozkorock jaialdiaren aurrerapen festan. «Ondoren ia astero ditugu kontzertuak, Lizarran, Azkoitian, Elorrion, Ondarroan, eta abar. Gainera, zorte pixka batekin, Aste Santuan Suitzara joateko aukera ere izango dugu, Sixteen Times Musicekoek lotu baitizkigute kontzertuak bertan».

Bakoitzak idazten omen du bere patua, eta gisa honetara idatzi du Rodeo taldeak berea.

Jaurlaritza Logoa