Zuzenean 04:00h - 08:00h

Haria 1

Peli Lekuona eta Zaloa Badiola

08:00h - 10:00h

naiz:musika Gazteon Eskutik

Iker Gurrutxaga

10:00h - 10:15h

Haria 2 aurrerapena

Oinatz Aizpuru

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Hamargarren urteurrena ospatuz ‘X’ diskoa kaleratu du Rodeo taldeak eta biran da dagoeneko

Zestoako taldeak disko kontzeptualen unibertsoa utzi eta soinu berrietan esploratu du ‘X’ disko berria sortzerakoan. Hamar urte dira eta bidean bost disko luze eta EP bat kaleratu ditu talde zestoarrak. MusikHaria saioan izan dira berriena aurkezten.

Audio_placeholder

Hamargarren urteurrena ospatuz ‘X’ diskoa kaleratu du Rodeo taldeak eta biran da dagoeneko

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
2014an hasi zuen bere musika ibilbidea Rodeo talde zestoarrak.
2014an hasi zuen bere musika ibilbidea Rodeo talde zestoarrak. (HOLYFIRE STUDIO)

Ortzi Alberdi, Mikel Illarramendi, Beñat Subiñas eta Oroitz Urbieta dira Rodeo taldea osatzen dutenak. Azken urteotan Euskal Herriko stonerraren erreferentzia garbietako bat izan dira. Hamar urte dira taldea elkartu zenetik, eta ordutik hona lan asko eta maila ederrekoak kaleratu dituzte. Azkenak ‘Hybris’ eta ‘Moira’ izan ziren, 2022ko disko kontzeptualak. Oraingoan, ordea, kontzeptuala izatetik urrundu dira eta, zergatik ez, stonerretik aldentzen saiatu direla ere esan dezakegu.

Zazpi kantuz osatutako diskoa ondu du laukote gipuzkoarrak. ‘Malkoak’ kantuarekin irekitzen da diskoa eta nahasketatik jolasean ibili direla nabaria da. Eñaut Gaztañagarekin grabatu dute beste behin, etxean, eta soinuan aldaketa nabari zaio lehen unetik diskoari. Bi erditan banatutako kantua da, pausa moduko batetik hasi eta abiadurak eta erritmoak gora egiten du nabarmen bigarren zatian. Ekialdeko musikaren zera hori etortzen zaigu burura, armonizazioan kutsu orientala nabarmena dela esan daiteke. 

Gotorlekuez edota babeslekuez hitz egiten digute ‘Santagrazi’ abestian, Aizarnako baselizari gorazarre eginaz. Baxuaren loditasuna eta bi ahotsen arteko jolasari, Pello Madariaga gitarra-jotzaileak ematen dion ukitu flamenkoa gehitu behar zaio, sorpresa bat gehiago Rodeoren bosgarren disko honetan.

Single moduan aurkeztu zuten ‘Zauriak’ abestia, stonerra eta nu metala uztartzen dituen kantua, garai bat egon baitzen 2000etako hasiera haietan bi unibertsoek elkarrekin bizitzen ikasi zutena. Gitarra soloan epika asko nabaritzen da, sentikorra dela esan daiteke eta hor Illarramendiren kantatzeko moduak ere asko laguntzen du, emozioekin jolas egiteraino. Holyfire estudioak ondutako bideoklip eta guzti etorri da, Arozena hotelean grabatu dutena, Zestoan bertan, eta propio egin ez badute ere, azken afariaren irudi hori ere etortzen zaigu burura (are gehiago ‘Sion mendia’ izeneko kantu bat diskoan badela ikusi ostean).

‘Distantzia’ eta ‘Banator’ kantuak elkarrekin lotuta egon daitezke gaiari dagokionez akaso, baina musikalki bi unibertso dira. Batean armoniak dira protagonista eta, bestean, dinamikak, garbitasuna eta zikintasuna nahi beste. ‘Sion mendia’ kantuan Ortzi Alberdik txistua gehitu dio musikari eta sortzen duen giroak bikain kokatzen du abestia Palestinako genozidioaren gaian. 

‘Dialektikak’ kantuarekin ixten da, Alejo Orbegozoren kolaborazioarekin. Ke Lepo proiektua ontzen du Orbegozok eta elektronika mundu hori gehitu dio Rodeok bere abestiari. Horrez gainera, spoken word giroan ibili dira eta Jon Agirrek pianoarekin ukitu are bereziagoa eman dio abestiari. Indibiduo gisa borroka dezakegu mundu honetan, baina garaipenik etorriko bada kolektiboan izango dela esaten digute abestian.

Zuzenekoak ere martxan dituzte eta Tolosan, Hondarribian eta Leitzan aritu ostean, Azpeitiko Sanagustin aretoan izango dira ostiral honetan, apirilak 11, Ezpalak taldekoekin batera. Gerora etorriko dira Zumaiako, Sarako, Gasteizko eta Zestoako kontzertuak. Bitartean, MusikHaria saioan izan genuen elkarrizketa entzun dezakezue.

Jaurlaritza Logoa