Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Hasiberriak ez, baina talde berria bai: Loak taldea

Estreinako diskoa kaleratu dute Loak taldekoek. Legazpiarrak dira eta musika kontuetan ez dira hasiberriak. ‘Bi ertz’ da haien lehen diskoa eta MusikHaria saioan aurkeztu dute.

Audio_placeholder

Hasiberriak ez, baina talde berria bai: Loak taldea

Loading player...
Loak taldeko kideak NAIZ Irratiko estudiotik pasa ziren ‘Bi ertz’ diskoa aurkeztera.
Loak taldeko kideak NAIZ Irratiko estudiotik pasa ziren ‘Bi ertz’ diskoa aurkeztera. (NAIZ IRRATIA)

Edu Gil, Txutxi Calvo, Jose Llamazarez, Asier Diez eta Joxe Arizkorreta dira Loak taldea osatzen dutenak. Zortzi abestiz osatutako ‘Bi ertz’ diskoa kaleratu dute aurten eta rockaren unibertsoan estilo aniztasuna erakutsi dute lehendabiziko disko honetan.

Hard rockaren indarra eta post rockaren atmosfera eman diote diskoari izena ematen dion abestiari. Gitarra indartsuak, saxofoiaren presentzia eta koro ederrez lagundutako kantua. Musikaren unibertsoan koka dezakegu abestia bera ere, taberna, desira, maitasuna… bai baitira hard rockean maiz agertzen diren elementuak.

‘Ez dago paradisurik’ kantu sentikorrerako piano klasikoaren soinua aukeratu dute, gitarra elektriko baten soinu garbiarekin lagunduta eta haren akorde minorrekin, sintetizadoreen erabilerarekin eta oihartzunarekin, drama efektu esanguratsua emanaz. Rock & rolleroagoa da askoz ere ‘Gezur bat’ abestia, nahiz eta duen argitasunak eta kantuaren izenburuak kontrajarrita dauden, polita da kontrastea.

‘Zulo beltza / Ez esan’ abestiarekin berriz ere hard rockaren mundura garamatza diskoak, bateriaren eta gitarraren indarrak eta gero duen aldaketak eta tambourinearen agertzeak ukitu berezia ematen dizkie abestiari. Estilo hauetan ezinbestekoa izaten da diskoan baladaren bat txertatzea eta hala gertatzen da Loak taldearen kasuan ere. ‘Oroimenaren azken fereka’ kantuan alzheimerrarena bezalako gai bati heldu diote eta pianoarekin eta sokekin lagunduta kantu sentibera osatu.

‘Zapata beltzak’ kantuarekin berriz ere gau girora goaz, axolagabeagoa den musikara eta gitarren jolasa agerian geratzen da nahasketan. Axular Arizmendirekin aritu dira horretan, AME estudioan, Mutrikun. ‘Irudimen amestia’ tempo lasaiagoko kantuarekin eta pop-rock munduko ‘Gauerdiko isilean’ kantuarekin ixten dute lana. Azken hau, gerra egoeran bizi direnen ikuspegia landuz.

Zuzenekoak martxan, apirilaren 30ean izango da datorrena, Legazpiko festen baitan. Atzetik, Zumarragan, Berrizen edota Abadiñon ere ariko dira ‘Bi ertz’ diskoa aurkezten Loak taldekoak. Ea zer nolako emaitza erakusten duten.

Jaurlaritza Logoa