Zuzenean

Aurrekoan beste legazpiar batzuen inguruan hitz egin genizuen, Loak taldearen inguruan. Bada, hurrengo belaunaldiko kideak biltzen ditu hein batean John Dealer & The Coconuts taldeak, izan ere Noel Calvo da horietako bat. Iñigo Caballero, Andoni Dominguez eta Iñaki Ormazabalekin batera, hirugarren lan luzea kaleratu dute eta aurkezpen biraren erdira iritsi dira dagoeneko.
Zazpi abesti kaleratu dituzte lan honetan eta lehenengo abestitik nabaritzen da soinuz askoz ere indartsuago datozela. Garate estudioan aritu dira eta Ola Ersfjord, besteak beste The Hellacopters taldearekin ibilia, izan dute soinu teknikari lanetan. Rock klasikotik asko edaten duen taldea da John Dealer & The Coconuts, 70etako Estatu Batuetako soinuetara eramaten gaituzte, eta lan honetan horri guztiari zikintasun eta indar dosi bat gehitu diote. Baina uneren batean Californiako punk rocka ere besarkatu dutela esan dezakegu, hala iruditu baitzaigu ‘No one says goodbye’ entzutean.
Musikarien egunerokotasuneko kezkak jasotzen dituzte hainbat abestitan, langile klasearen inguruan dabiltzan edota unibertsalagoa den maitasunaren inguruko letrak tartekatuz.
Ghost Highway Records zigiluarekin kaleratu dute lana eta dagoeneko Euskal Herrian zein kanpoan eskaini dituzte kontzertuak. Legazpian bertan, Madrilen, Zaragozan, Bilbon, Bermeon edota Logroñon aritu ostean, datorren kontzertua, maiatzaren 9an, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean emango dute. Atzetik, Leonen, Benaventen eta Ermuan ere ariko dira. Diskoa fisikoan ere kaleratu dute, oso estetika retroarekin, Branca estudiokoen lana izan da hori. Xehetasun gehiago, berriz, goiko audioan duzue, MusikHaria saioan Noel Calvok eta Iñaki Ormazabalek abestiz abesti kontatu baitziguten diskoak gordetzen duena.