Zuzenean

Elkarrizketa
Haritz Lete eta Zaloa Urain
Kokein taldeko bateria-jotzailea eta ahots nagusia

«Beti egin dugu elkarrekiko zaintza eta zortez inguruko taldeekin ere horrela izan da»

1999an sortu zen Eibarren Kokein taldea eta bide honetan guztian taldekide berak mantendu dituzte, gainera. Molekula egonkorra osatzen duten bost atomo dira, beraz, Jatsu Argarate, Haritz Lete, Iker Saenz-Zaitegi, Ruben Txitxes eta Zaloa Urain. Disko berria, ‘Atomika’, aurkeztu digute MusikHarian.

Audio_placeholder

«Beti egin dugu elkarrekiko zaintza eta zortez inguruko taldeekin ere horrela izan da»

Loading player...
Kokein taldeak ia mende laurden bete badu ere, sekulako energia dutela erakutsi dute ‘Atomika’ aurkezteko kontzertuetan.
Kokein taldeak ia mende laurden bete badu ere, sekulako energia dutela erakutsi dute ‘Atomika’ aurkezteko kontzertuetan. (Eva FRANCO)

Egun on, zer moduz?

Haritz Lete: Egun on, bizirik pandemia ostean ere.

Zaplasteko moduko bat etorri zen pandemiarekin, ezta?

H.L.: ‘Lera’ EP txiki bat atera genuen gure 20. urteurrenaren aitzakiarekin, pixka bat atzera begira jartzeko. Bagenituen kontzertu batzuk eta bertan behera geratu zen guztia, itxarotea soilik geratu zitzaigun.

Zaloa Urain: Aurretik Zaldibarkoa ere etorri zen eta kontzertu bat bertan behera utzi behar izan genuen, egoera oso gogorra zelako, ezin genuen horrelako drama baten aurrean kontzerturik eskaini. Gero etorri zen bestea, baina ez gara geldirik egon, kontzertu batzuk emateko aukera izan genuelako sasoi hartan ere.

Jo eta lo geratu nintzen Plateruenan egin zenuten disko aurkezpenean. Energia dosi handia du diskoak.

H.L.: Pozten naiz Durangon hori jaso bazenuen, Durangon gauzak prestatzeko oso denbora gutxi izan genuelako eta egun bertan ere gorabeherak izaten direlako emanaldi horretan. Berritasun gehiegi hain denbora gutxirako. Baina sentsazio oso onarekin bukatu genuen eta jendearen erantzuna ere halakoa izan zen. Behar hori genuen, askatzekoa, diskoaren esentzia hori baita eta uste dut lortu genuela.

Z.U.: Gustura geratu ginen eta behar genuen. Prestaketan gogotsu ginen zuzenekoetarako eta sentsazio oso onak genituen lokalean. Durangon eta ondorengo kontzertuetan barruko hori ateratzen zela eta diskoa bazihoala sentitzen genuen eta disfrutatzen ari gara.

Zenbat dantza egiten ari zaren oholtzan, Zaloa.

H.L.: 20 urte behar izan ditu horretarako!

Z.U.: Dagoeneko ia 25 dira. Beti izan naiz oso dantzaria baina oholtzan nire burutik gauza asko kendu beahar izan ditut eta orain ikusten naiz solte, disfrutatzen nabil. Hasi ginenetik ona, 23-24 urte hauetan, bizitzan ere aldaketa asko izan ditugu eta orain dantzarako behar hori ere badudala sentitzen dut. Momentuz iraun egiten dut oholtza gainean dantzan, nekatu ere egiten naizelako, adin bat badugula!

Disko honen funtsetako bat gitarretan dagoela esango dugu. Dena dela, iluntasuna, deabrua eta halakoek ere toki dezente izan dute zuen abestietan.

Z.U.: Iluntasuna bada gure parte. Erabiltzen ditugun metaforetan, ibilbide pertsonalean eta pandemiak ekarri digun guztian, iluntasuna beti egon delako presente. Momentu horietan, bai nik eta uste dut jendeak ere baietz, iluntasun dezente topatzen ditugulakoan nago. ‘Itzala’-n ere bazegoen hori, eta nahi gabe edo nahita, ez dakit, ildo horretatik jarraitu dugu. Pertsona bat ezagutzen duzunean, iluntasun horiek agertzen dira eta horiek onartzea garrantzitsua da. Eta deabrua nirekin nahikoa kidea da.

H.L.: Taldeko seigarren kidea da.

Bidegurutzean harekin hizketan ikusi zintugun.

Z.U.: Bai, normalean ondo konpontzen naiz harekin. Norbera ezagutu eta kontu horiek guztiak onartzea garrantzitsua da, norbera maitatuz eta norbere buruarekin gustura aurkituz.

Eibartarren arteko batasuna izan da ‘Eztanda’ kantuan. Nola hartu zuen Miren Narbaizak deia?

Z.U.: Miren lagun mina da, gainera 10 urteko tartea dugu elkarren artean. Zortez, Kokeinek daramagun denbora berean ezagutzen joan gara eta gauza asko egin ditugu bide horretan elkarrekin. Sekulako momentuan dago eta handia da M I C E proiektuan egiten ari dena. Eta ez, ez zen telefono deirik egon, aurrez-aurre izan zen, Azkena Rock jaialdian. Elkartu ginen kontzertuak ikusteko eta abar eta proposamena egin nion eta biok hunkitu egin ginen baiezkoa eman zidanean. Ezagutzen dugunetik elkarrekiko miresemena egon da, bera Kokeinen zalea da eta guk Napoka Iriaren garaitik jarraitu dugu bera. Etxean egotea bezalakoa izan da berarekin abestea. Asmatu egin dugu kantuarekin nik uste, konfort egoeratik pixka bat atera dugun arren.

H.L.: Orain dagoen toki horretatik pixka bat atera dugu eta bera ere tokiz kanpo bezala topatzen zela esango nuke, baina aldi berean gozatzen. Disko honetan planteatu genituen kolaborazioetan bagenuen buruan gure oso gertuko batekin oso gurea den zerbait partekatzea eta oso pozik gaude lortu dugunarekin. Gustuko dugun norbaitekin abestiak egitearena ere egon da, eta hor sartzen da Juanjo Berasain, adibidez.

«Berriz munduaren bukaera» aipatzen da, baina «egin dantza» eta «elkarrekiko zaintza» ere bai. Rock taldeen artean ezinbestekoa da elkarrekiko zaintza?

Z.U.: Bai, baina bizitzan orokorrean ere bai. Guk beti egin dugu elkarrekiko zaintza eta zortez inguruko taldeekin ere horrela izan da. Ez da arrotza guretzat hori, etxekoa eta gertukoa da. Eta Mirenekin halako zerbait abesteak, bereziki hunkitzen nau. Dugun egoerari mezua da eta besterik ez zaigula geratzen erakutsi nahi genuen, elkar zaintzea dela daukaguna. Eta rock taldeekin berdin, ez badugu hori egiten Euskal Herrian, zer egingo dugu?

H.L.: Denok ditugu komunean hainbat gauza. Lokaleko orduak, diskoa ateratzen sekulako lana, hori defendatzeko esfortzu handia egiten dugu… Denona den zerbait da, eszena denon artean egin eta landu behar dugu. Elkarren artean zaintzen ez bagara eta gauzak partekatzen ez baditugu, jai daukagu. Sua taldearekin ari gara zuzenekoak egiten eta oso polita izan da lehen unetik, elkar ezagutu ere egin gabe, nolako konexioa izan dugun. Elkar lagunduz, bakoitzak berearengatik borrokatzen ari garela uste dut, eta ederra da.

Zu, Zaloa, 90etako bukaera horretako frontwoman garrantzitsua izan zinen Euskal Herrian eta urteak pasa dira halako beste bat agertu arte, eta hori Ane Barrenetxea dela esango nuke. Bera ikustean garai hura etorri zaizu burura?

Z.U.: Ez, ez. Baina ez da lehenengo aldia halako zerbait esaten didatena, Birkitek ere esan zidan erreferente nintzela. Eta nik ez dut horrela bizi, ez kontzienteki, nire bidea egin nuen eta kitto. Baina konturatzen zara garai hartan lau emakume ginela oholtzaren bueltan eta, duela urte batzutik ona, Emarock bezalako ekimenei esker, geroz eta emakume gehiago ezagutu ditudala, zorionez. Aneren kasuan gustura entzuten dudan norbait dela esan dezaket, ez dut halako gauzekin lotu, baina etxean entzuten nabil eta asko gozatzen dut. Kontatu izan dugu, umorez, gure artean elkarren familiako kide izan gaitezkeela, ama-seme edo aita-alabak, beste belaunaldi batekoak direlako. Energia eta konexio horrek batzen gaituela ikusten dut eta hori pozgarria da.

H.L.: Inkontziente izatearena normala da, guretzat sekula ez zelako emakume bat izan, baizik eta taldekide bat gehiago. Ez genion garrantziarik ematen erreferente izan zitekeen edo ez pentsatzeko. Eta oso polita da eta estimatzekoa erreferente bezala ikustearena.

Z.U.: Niri bertigo pixka bat ematen dit hitz potolo horrek, baina polita da. Eta, zortez, adinaren kontua normal-normal daramat, hortaz sustoa ez da hainbestekoa, kar-kar.

‘Esan’ kantuan entzuten den kaxaren lehen kolpetik antzeman daiteke norekin izan zareten grabatzen. Baina aurre-ekoizpenaz hitz egin dezagun: gitarren arteko galdera erantzunak, erritmikaren jolasak, baxuaren pisua… Prestaketa lanetan noiz hasi zineten?

H.L.: Teknologiak lagundu digu eta esperientziak ere bai. Garai bateko lau edota zortzi pistako grabagailu haiek ahanzturan geratu dira eta grabatzeko sistema dotorea dugu. Lokalean bueltak eman eta abestiak noiz bukatzen diren badakigu orain. Aurrekotik hona dagoen alderik nabarmenena etxean lan asko egin dugula da. Lokala da gure eremu naturalena eta erromantizismo horri eusten diogu, baina oraingoan etxekolanak ere egin ditugu. Abestien lehen ideiak eta norabideak etxetik joan dira lokalera eta horrek denbora aurreztu digu. Hortaz, lokalera iristean lana errazagoa izan da. Eta Eñaut Gaztañagaren faktorea ere hor dago, asko lagundu digu eta ekarpen handia egiten du estudioan. Azpitik dauden sintetizadore eta geruza asko berak emanak izan dira. Gero zuzenekoan ahalik eta ondoen defendatzen saiatu gara.

Z.U.: Zuzenean asko disfrutatzen dugu eta disko bat lantzerakoan ezinbestekoa hori. Desberdina izan behar du zuzenekoak eta diskoak, baina zerbait falta izatearen sentsazio hori ez zaigu gustatzen eta uste dut gure ibilbidean beti zaindu izan dugun zerbait dela.

Soinuan, esan dudan bezala, kaxako kolpetik nabaritzen da Eñatu Gaztañagaren eskua. Eta ekoizpenean, orokorrean, ere bai, ‘Unea’ kantua ere bada horren adibide.

H.L.: Egia esango dizut, bere grabaketa batzuekin alderatuz ibili naiz kaxaren kontuarekin eta desberdintasun pixka bat nabaritzen dut. Baina izan daiteke norberak ere horrela entzun nahi duelako nik hori hala sumatzea. Bateria bi aldiz grabatu nuen, lehen hartualdian kutxa modu desberdin batean probatu nuelako. Eñautek zalantzak zituen, nik ere bai, eta, ondorioz, berriz grabatu genuen eta uste dut asmatu genuela.

Pedalen erabileran, Ruben Txitxes eta Iker Saenz-Zaitegik pentsatzen dut ondo pasako zutela, ezta?

Z.U.: Pozik ibili ziren elkarren artean bakoitzaren pedal eta soinuak elkarbanatuz. Eñautekin konfiantza osoa dugu eta hori oso garrantzitsua da gitarren kasuan. Oso erraz egiten dugu lan berarekin.

H.L.: Eñautek eta Txitxesek badute lehiaketa moduko bat ea nork duen pedalera handiagoa, kar-kar. Bien pedalerarekin denda bat irekitzeko beste eman dezake. Txitxesek badu sintetizadore efektu bat pedaletan eta hor sekulako festa sortzen da Eñautek sartutako sinteen eta pedalen soinuen artean.

Juanjo Berasainen indarra sekulakoa da kantuan entzuten denez, ez dakit noiztik ezagutzen duzuen.

Z.U.: Aurreko diskoa grabatzen ezagutu genuen eta Ezpalakekin grabatu zuen lehen diskoarekin harrituta geratu ginen. Oso musikazaleak gara eta horrekin gozatu egiten dugu. Bere ahotsa gustatzen zitzaigun eta oso argi genuekan bera gure diskoan izatea nahi genuela.

Deskolokatu gintuena, Kiliki Frexkoren kolaborazioa izan zen. Nola izan da hori?

H.L.: Juanjori deitu genionean esan zigun grabaketara Chill Mafiako Beñat, bere laguna, etorriko zela. Guk ez genekien zehazki nor zen, asko direlako. Ezagutu genuen eta konexioa segituan egin genuen. Juanjoren zatian melodia eta letra egin behar ziren, Kilikik lagundu zion bide horretan eta gu ondotik begira ginen, harriduraz. Bada, han zegoenez, eta berarentzat aproposa izan zitekeen zati bat ikusten genuenez, proposatu egin genion. Sekulako jarioa eta gaitasuna ditu eta harrituta geratu ginen. Eskatu zigun gauza bakarra izan zen autotunea jartzeko bere ahotsari, duen estiloa mantentzeko.

Z.U.: Guk Chill Mafia ezagutzen genuen eta fan fenomeno moduan argazkiren bat ere aterata bagenuen. Lokalean askotan komentatzen genuen egiten zutena, oso desberdina zelako. Hortaz, hain besterik gabe ez zen izan hori, nik deseatzen nuen zati hori egin zezala. Nik egina nuen ordurako eta gogoko nuen nola egin nuen, baina berak beste toki batetara eraman zuen. Poderio handia erakutsi zuen, flipatu egin genuen eta nahi zuena egin zezala esan genion.

H.L.: Indar handia du eta momentuan sortzeko sekulako gaitasuna.

«Naizen zabor eta silo denak», gezurrez elikatzen garela, ispiluaren aurrean jarri eta maitatzea, ilaunduta egotea… Badu neketik, autosuntsitzetik, aurrera egitera bultzatzen duten hitzak ere badira… Une ilun batean zineten?

Z.U.: Guztiz kontrakoa, une goxo eta positibo batean idatzi nuen.

H.L.: Onarpenaren mezua dago toki askotan eta horregatik eroso ginen uneoro.

Z.U.: ‘Ispiliuari begiratzean’ kantuaren bideoklipa alabarekin ikusi nuen, 15 urte ditu berak, eta esan zidan asko gustatzen zitzaiola kontatzen nuen hori. Horrek hunkitu egin ninduen eta mezuak handitasun bat hartzen zuela sentitu nuen, inkontzienteki halakoak egiten dira eta ederra da. Onarpenaren unetik daude idatzita hitzak eta ez sufrimendurik, hori ere garrantzitsua da.

Zuek ere nahi zenutena egiten hasi zineten eta bide hori erakustea garrantzitsua da.

Z.U.: Edozein adinetan da garrantzitsua mezu hori behin eta berriz entzutea.

H.L.: Ziklo baten bukaera bat erakusten duelako eta hori bizitzako edozein unetan etortzen delako, eta halako mezuek lagundu dezakete.

‘Ferpektua’ bada Azkena Rock bezalako jaialdi baterako kantu perfektua. Gitarra pisutsuak, bateria oldarkorra, ahots indartsua… eta mezu potentea.

Z.U.: Batzuek usteko dute klub horretatik kanpora daudela eta denok egon beharko genuke bertan. Bestela, onarpenean lan handia dago. Gainera, inperfekzio zoragarria onartzean, gozatu egiten da.

H.L.: Hemen ere beste onarpen bat, beti perfektuaren bila gabiltzalako, baina giro ederra dago inperfektuen klub horretan.

‘Kamelien dama’ abestia Dumasen liburutik, Traviata operatik… nondik dator?

Z.U.: Dantzaren inguruko letra bat da. Lucia Lakarraren elkarrizketa bat entzun zuen Ikerrek eta harrituta geratu zen bere bizipen eta bizitzarekin. Sortzearen inguruan bizitzen ditugun une horietan enpatia bat badela diogu, bide horretan ez baita dena erreza. Berari eskainitako kantua da eta diskoa eskura emateko aukera ere izan genuen.

H.L.: Flipatu egin zuen eta diskoa onartu zuela badakigu. Letra hau hortik doa, nahiz eta zuk aipatu diguzun Dumasen liburuaren berri gerora ere jakin dugun.

Z.U.: Dantzaren inguruan ari ginen, horren askatasunaren inguruan eta aukera hori sortzea, Luciaren bizitzaren inguruan idazteko aukera izatea, bada diskoa borobiltzeko modua. Diskoko bidegurutzea dantza izan da eta bide guztiak handik abiatu direla esan daiteke nolabait ere.

Bost txiki bat badarama ‘Atomika’ hitzak diskoaren azalean.

H.L.: Faktore asko daude hori horrela izan zedin. Diskoa lantzerakoan bakoitzak bere atomoa aportatu duenez eta bost garenez, hori ere bada atomika. Eztanda horren formula kimikoaren itxura ere ematen dio bestetik, eta, bukatzeko, gure bosgarren lan luzea ere bada. Hortaz, diseinatzailearentzat perfektua zen hori.

Zuzenekoekin hasita zaudete, noiz dira hurrengoak?

H.L.: Otsailaren 2an Gasteizko Jimmy Jazzen izango gara M I C E-rekin, 3an Orioko Etxeluze Gaztetxean Suarekin, 10ean Legorretan eta 11n Erandioko Gure! jaialdian eta martxoan Amurrioko Burubion izango gara. Gehienetan Sua taldearekin arituko gara.

Atomika, Sua, eztanda… dena batera izango da eta leherketa handia ere bai ziur zuzenekoetan.

Z.U.: Zuei!

H.L.: Mila esker aurkezteko aukera emateagatik eta ea zuzenekoetan ikusten garen!

Jaurlaritza Logoa