Zuzenean
Azaroaren 6an, asteazkenarekin aurkeztu zuen Virenque talde nafarrak MusikHaria saioan ‘Falsollano’, estudioko beren hirugarren lan luzea. Goiko aldean entzun daiteke elkarrizketa. Ultramarinos Costa Bravan izan dira, hirugarrenez, eta oraingoan Eneko Leza eta Eneko Zabalzarekin batera Aritz Gonzalez bateria-jotzailea aritu da.
Bidean beste hiru EP ere pilatu dituzte 11 urte hauetan Virenque taldekoek eta soinu propioa garatu dutela esan dezakegu. Emozioetan bilatzen dute kantuen muina eta, hitzetan, denetariko gaiak jorratzen badituzte ere, musikaren inguruko bizipenak eta industria honek sortzen dituan gorabeherak aipatzen dituzte. Baita bizipen pertsonalak ere, diskoa ixten duen ‘Aurrenengoa’ kantuan entzun daitekeen moduan. Horiek guztiek sortzen duten nekea izan daiteke ‘Falsollano’ hori.
Oraingoan zazpi kantuak oso zuzenak dira, zazpiak euskaraz eta guztia zuzenean aurkeztuko dute larunbat honetan, azaroak 9, Lizoaingo elizan. Kontzerturako propio egokituko dute eliza, zerbait «potentea, berezia eta ikusgarria izan dadin. Toki txikian bada ere, kontzertu handi bat», esan digute Virenque taldekoek. Ondoan, gainera, Piedra taldekoak izango dituzte, haiek ere bere azken diskoa aurkeztuz.
‘Bizkarroiak’ kantua izan da diskoa kaleratu aurretik ateratako azkena, eta bertan bideoklip dotorea ere osatu dute. Diskoa, berriz, momentuz digitalki soilik entzun ahal izango da; nahiz eta Malmö estudiokoek azal dotorea egin dieten, momentuz ez da edizio fisikorik egongo.