Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Eneko Zabalza
Virenque taldeko gitarra-jotzailea eta abeslaria

«Hiruron artean euskaraz funtzionatzeak familia kutsu handiagoa sentitzea ekarri digu»

Virenque taldeak ‘Austral’ izeneko diskoa atera zuen 2022ko azaroan, isil samarrean, eta ikusi genuen orduko pozarren jarri ginen, aspalditik talde iruindarraren lan berriaren esperoan geundelako. Iker Fernández, Eneko Leza eta Eneko Zabalza dira taldea osatzen dutenak eta hazken hau izan da gurean.

Audio_placeholder

«Hiruron artean euskaraz funtzionatzeak familia kutsu handiagoa sentitzea ekarri digu»

Loading player...
Virenque hiruko nafarrak hamar urte bete izana ospatu du ‘Austral’ diskoa kaleratuta.
Virenque hiruko nafarrak hamar urte bete izana ospatu du ‘Austral’ diskoa kaleratuta. (Letizia ANDIA)

Kaixo Eneko, zer moduz?

Ongi, lanaldiaren erdian, baina hemen, pozik.

Beno, gisa horretara egonda diskoan salatzen diren gauzak ere azaleratu daitezke. Letra zuzenak dira, deskarga baten modukoa izan da?

Hamaika urteren bueltan geneukan sentsazioari hitzak jartzea izan da hau. Diskoa ez dugu askorik publizitatu eta ez da modurik onenean kaleratu, baina gertatzen denaren islada da. Nekatu samar gaude, gure lana egiteko modua hau da eta nahikoa ezkorra da, baina gustura egiten dugu musika, hori argi gera dadila.

Rock belaunaldi batek bizi duen krisi bat irudikatzen du diskoak, baina beti aurrera egiten duzue. Pasiorik ez duzue galdu.

Musikan hasten zarenean bestelako motibazioak egon daitezke, ez dakit non jo nahi duzula, musikatik bizitzeko ametsa… eta gure kasuan, gutxienez, helburu hauek aldatu egin dira. Geratzen dira pasioa, entsegu lokalera joan eta jotzea, kantu bat egitea, lagunekin musikaz disfrutatzea… horretara moldatu gara eta hori da musikan jarraitzeko arrazoia. Musikatik bizitzeak dagoeneko ez du garrantziarik. Musika entzuteak, beste musikariekin harremana izateak eta halakoek dute gaur egun pisua gugan.

Virenque izena zer da, Indurainen uholdearen ondorioa?

Iruñekoak gara hirurok eta bazegoen hor Indurainen kutsua. Bere arerio baten irudia zuen eta rockaren izpiritua zuen txirrindulari batean pentsatu genuen. Makarra bat zen, doping kasuak eta izan zituen, V fonemaren soinua gogoko genuen… Bada hor dago erantzuna.

Pantani jartzea ebidenteegia zen?

Bada baloratu genuen Pantani jartzea ere. Gizarajoa hil zen, baina oso makarra zen bera ere.

Pasioa aipatu dugu, gauzak egiteko moduan apustua egin duzuelako, berriz ere Ultramarinos Costa Brava estudiora joan zarete.

Ultramarinos estudioan egiten den musikaren oso maitalea naiz, Viva Belgrado, Toundra, 90etako rock kataluniar hori… Niretzako helburu nabaria zen bertan grabatzea. Aurreko diskoa ere bertan grabatu genuen eta honetarako ere itxaron zerrendan sartu ginen, 2021ean grabatzera joan arte. Apustua ez da ekonomikoa soilik, gauzak oso argi eduki behar dituzu, lagunekin eta familiarekin pasatzeko dituzun egunei uko egin behar diezu astebetez hara zoazelako. Eta, gainera, zuretzako garrantzitsua den arren, zure disko horrek ez du zabalkunde gehiegi izango. Bertako soinua nahi genuen eta xarma berezia duelakoan nago.

Kantu batzuk energia gehiago dute, besteak geldoagoak dira, baina melodiak du pisua, nahiz eta abesten nahikoa oihukatzekoa zaren.

Abestiak egiteko modua klasikoa da, talde askok erabiltzen duen bera. Riff bat eraman salara, hiruron artean landu eta gero abestu. Disko honetan inoiz baino gehiago oihukatu dut, amorruz abestu dut eta horrek badu zerikusirik letrekin. Horrela abestea asko entzuten nabilen musikaren erruz ere bada, Viva Belgrado edo Catorce bezalako taldeen eraginagatik izan da.

‘Un problema más’ kantuan soinu lodiagoa entzun daiteke, introan badirudi Nafarroan historikoa den Koma bezalako talde baten abestia etor daitekeela.

Bai, bai. Gainera badu grabatzeko prozesuan istorio bitxi bat. Santik ez ditu elementu tekniko gehiegi, baina dituenak oso ongi aprobetxatzen daki. Boss markako Heavy Metal pedala ekarri zuen eta esan zigun In Flames bezalako taldeek asko erabiltzen zutela, eta potentziometro denak topera jarri eta horrela lortu zuen soinua.

Gaur egun pedaletan 70etara joatzen dela dirudi.

Bai, hala da. Analogikoagoak diren gauzak maite ditu jendeak. Baina gurekin Santik horrekin egin zuen proba eta horrela geratu zen.

Letrari begira, bada areto eta tabernei gorazarre egiteko modu bat.

Konfinamenduan sortutako zerbait da. Eta esaten dut reggaetoiaz kexatzea gogoko dudala, baina orain aitortu behar dut adiskidetzen hasi naizela musika mota horrekin ere. Letra oso kexatia da, baina hori irten zitzaidan 2020an.

Atentzio pixka baten eske ere bazabiltzate abestian. Diskoa 10 urte bete izanaren ospakizun bezala atera bazenuten ere, rockaren erresistentziaren parte zaretelako izango da kexa hori.

Nik musikari bezala sentitzen dudana da, 2018 edo 2019 arte ez nuela nabaritzen belaunaldi berri bat zetorrenik, musika estilo berri batekin gainera. Chill Mafia bezalakoak agertu dira eta behar dira eta zentzua du horrek, beti ezin du rockak egon gorenean. Hortaz, gertatzen da geroz eta gutxiago entzuten dela rock musika, eta horren adibide izan zen Willis Drummonden kontzertuan, Zentralen, nire adin bueltatik gorakoak zirela guztiak, eta ni 40 urtetik gertu nabil. Berri Txarrak esan daiteke izan dela azkenekoz guztiengana iritsi den rock taldea, fenomeno sozial bat izan zelako.

Kontua da gazte asko dagoela rocka sortzen.

Duela gutxi Etxekalte entzun nituen zuzenean eta oso fan bihurtu nintzen, Lamiak taldeak egiten duena ere sekulakoa da. Akaso ez da estilo kontua, baizik eta talde batzuk edo besteak gogoko dituzula.

Atera zenuten lehen kantua ‘Erantzunen atzetik’ izan zen, honekin iragarri zenuten ‘Austral’ diskoa. Lehen unetik harrapatu ninduen abestia da, hit kutsua duena, eta pena da ez duelako merezitako zabalkunderik izan nahiz eta horretarako osagai denak dituen.

Bada, zabalkundea oso txikia izan da. Gure autokritika ere egin behar dugu. Duela bost urte asko arduratzen ginen gure musika leku gehiagotara iristeaz eta diskoak kaskarragoak ziren. Orain diskoak helduagoak dira, landuagoak, baina gure bizimoduagatik ez dugu lan askorik egin medioetara iristen edota musika zabaltzen. Egun ez da erraza toki askotara iristea. Spotify eskura dugu eta musika berri asko eskura, baina zailagoa da jendea zure musikara kateatzea. Baina hit hau bertan dago eta ez da galduko, betirako hor geratuko da.

Euskaraz gainera, zuen intentzionalitate dena erakusten du honek.

Virenquek hiru hizkuntzetara abestu du. Ingelesez lehen, gero gazteleraz eta orain euskaraz. Gu euskarazko taldeetan ibili gara: Izaki Gardenak, Arimak Sutan, Khous… Hiruron artean euskaraz funtzionatzeak familia kutsu handiagoa sentitzea ekarri digu, hortaz, hemendik aurrera dena euskaraz egiteko hautua egin dugu. Euskararekin ere sentitzen nuen bagenuela zor moduko bat. Kanturik onenak euskaraz egin ditugula uste dut eta horregatik aukeratu genuen hau single moduan.

Diskoaren portadak ere atentzioa ematen du, ume garaiko metalezko auto txikien kolekzioko auto bat iruditu zait ikustea.

Bai bai, hala da, Lamborghini Miura bat da ikusten dena. Craneo Valentziako diseinatzailearekin egin dugu berriz ere lan, argazkiak modifikatzen lan polita egiten duela uste dugulako. Ikusten den errepidea Txileko Austral errepidea da, bertan izana naizelako. Amerika latinoan asko ibili naiz, ingeniari izateko ikasketen amaierako proiektua Bolivian egin nuen eta handik ere ibilia naiz, lagun asko ditut bertan.

‘La década plana’ kantuak autokritikatik badu, baina azken hamarkadako belaunaldia horrela dabilela sentitu duzu?

Ni ez naiz sartuko beste belaunaldietako musikariekin ez eta beste belaunaldiekin ere, zakilzahar baten pare geratuko nintzatekeelako eta belaunaldi bakoitzak gauzak egiteko bere modua duelako. Gutaz ari naiz, azken hamar urteen errepasoa egitean aldaketarik ez dudalako ikusi nire bizitzan. Taberna berean jotzen dugu, jende bera dago haietan eta gauzak ez dira askorik aldatu, laua izan da hamarkada hau.

Madrilen izan zarete, ordea.

Bai, urtarrilean bertan izan ginen eta 90 sarreratik 45 saldu ziren iristerako. Oso pozik jarri ginen horrekin,  joaterako bagenekielako areto erdia beteta izango dela, ez genuen espero.

Ez da zenbaki txarra, jakinda Madrilen askotan zenbaki eskasagoak ere izaten direla.

Guri ilusioa egin zigun aurresalmentan 45 sarrera saldu direlako, hala ere jakitun ginen dirua galduko genuela hara joanda, baina lagunen artean asteburu polita pasa genuen.

Hortaz ez da hain hamarkada laua izango abiatu duzuena.

Letran dioguna egia da. «Bolos para dos y encima pago yo» benetako istorioa da. Cabezón de la Salen geneukan kontzertu bat ostiralarekin eta larunbatean Galizian geneukan bigarrena. Kantabriako kontzertua leku txikian zen eta goraino bete zen dena. Hurrengo egunean pozarren joan ginen Galiziara, baina aretoan promotorea eta haren lagun bat soilik agertu ziren. Hala ere jo genuen eta asteburua ez zigun mikaztu horrek, oroitzapen ona dugu asteburu hartaz.

Letrak ingelesez egitea, sinteak sartzea… Hori tendentzia berrien zati garrantzitsua bada, akaso lokatzetan sartzearena ez hainbeste.

Lekzio hoberena musika zer den ikasteko azken hori da, hartu kontuan hori.

Euskarazko bi kantuek badute lotura bitxi bat, biak abestuz asten direla. Bigarrenean, ‘Normaltasunean’, akustikoa ere erabili duzue.

Bai, Santik esan zigun abestiak gorputz pixka bat hartzeko ondo etorriko zela eta horregatik sartu genuen.

Hiru ahots ere badira bertan.

Errepiketan asko gustatzen zait halako koralak egitea eta maketak grabatzerakoan beste biei a capella bidaltzen dizkiet. Gustuko dut horrela abestea.

Zuzenean gero laguntzen dizute?

Ikerrek bai, Enekok denborarekin egingo du, momentuz ez du nahi.

Indibidualismoaz hitz egiten du. Hori da normaltasun berria?

Nik uste dut pandemiak kutsu hori utzi duela. Nire inguruko lagun eta ezagunei uste baino gehiago eragin die kontu honek. Lagunen artean gehiago elkartzen ginen gehiago, orain urrunago daude asko, mugarri horretatik hona gauza asko aldatu dira erlazioetan. Uste nuen ez genuela hainbeste nabarituko, baina kantuaren hitzetan hori azaltzen dut.

Beste bat saioak egiten ere ibili zarete. Zer moduzko esperientzia izan da?

Super ondo pasa dugu. Hasieran zailagoa zela uste genuen, gidoiarekin eta aritu ginen eta kosta zitzaigulako. Bigarrenean, ordea, informalago, garagardoak eskuan eta musikaz lasai hizketan aritu ginen, mozketarik egin gabe, eta disfrutatu egin dugu.

Musika ezagutzeko eta partekatzeko modu bat ere bada.

Guztiaren gainetik musika egitea gustuko dugu eta irratsaio hauei esker taldekideen musika zaletasunak ere entzuteko aukera izan dugu.

Izena ematen dion kantuak ixten du ‘Austral’ diskoa. Rocka egitea bada musikaren antipodan sentitzea?

Baliteke. Horrek ere badu ikuspegi erromantiko bat, ulertzen ez denaren mundu horretara itzultzea, eta egun dauden tendentziak ikusita izan daiteke. Nire anaiak, esaterako, ez du rockik entzuten, lehengusu-lehengusinek ere ez eta ikusi besterik ez dago Instagrameko storietan gazte gehienek elkarbanatzen duten musika nolakoa den. Baina normala da eta horrela behar du.

Anaiaren kontzertuetara joango da behintzat.

Kar-kar, ez dut deus esango.

Kontzerturik bada Madrilekoarean ostean?

Udaberrirako ari gara gauzak mugitzen eta zerbait etorriko da, baina oraindik aurreratzeko moduan ez dugu ezer ere.

Ea bada noiz jakiten ditugun! Mila esker.

Mila esker zuei, eman diguzuen aukeragatik.

Jaurlaritza Logoa