Zuzenean

NAIZ irratia

«Balenciagaren sortze-kontrola asko interesatu zaigu, identifikatuak sentitu gara»

Telesailak baino, Jose Mari Goenagak nahiago ditu filmak. Baina, hori ez zen nahikoa arrazoi izan Lourdes Iriondok botatako «ordagoari» ezetz esateko. Goenagarekin batera, Garañok eta Arregik zuzendu dute 'Cristobal Balenciaga' biopica, Moriartiarren lehendabiziko telesaila.

Audio_placeholder

«Balenciagaren sortze-kontrola asko interesatu zaigu, identifikatuak sentitu gara»

Loading player...
Jose Mari Goenaga zine zuzendaria eta 'Cristobal Balenciaga' telesailaren zuzendaria
Jose Mari Goenaga zine zuzendaria eta 'Cristobal Balenciaga' telesailaren zuzendaria (NAIZ irratia)

Pasa den urtarrilaren 19an estreinatu zen Disney + plataforman 'Cristóbal Balenciaga' telesaila. Getariar jostunaren biopic-ak 6 kapitulu ditu eta Parisen dago kokatua. Moriartiarrak, Jon Garaño, Joxemari Goenaga eta Aitor Arregi, daude proiektuaren atzean. ‘Loreak’ eta ‘La Trinchera Infinita'-ko zuzendarien lehen telesaila da 'Cristobal Balenciaga'. Jose Mari Goenaga NAIZ irratiko Bideokluba saioan izan da.

Film bat estreinatzen denean berebiziko garrantzia du lehen asteburuan izandako arrakastak. Horrek marka dezake filmaren ibilbidea, eta, egunero egunero, jaso ohi du ekoiztetxeak ikusle kopuruaren berri. Paradigma erabat desberdina da telesailekin. Hasteko, aldi berean eta mundu mailan estreinatu da telesaila, (AEBetan oraindik ez, ULU plataforman estreinatuko da laister). «Plataformek ez dituzte beraien datuak partekatzen, baina Disney + eko arduradunak esan digu oso pozik daudela estreinaldiarekin».

Telesaila estreinatu dela pasa dira ia bi aste, eta egun lasaiagoak dira orain Joxe Mari Goenagarentzat. Irratian, telebistan eta egunkariak agertu dira, zine eta modan bereizitutako hedabideetan: «batzuetan zaila da jakiten ez zerk lagundu duen gehiago zabalpenean,  Disney+  ote den, eta Cristobal Balenciaga bera». Promozioa egitea ea gustuko duen galdetuta, Goenagak dio baietz. Gustura egiten duela, hori bai, proiektua behin bukatuta. Aldiz, aitortu du zaila egiten zaizkiola proiektu bukatu aurretik finantzazioa lortzeko egin beharreko elkarrizketa horiek.

Telesailak baino, Goenagak nahiago ditu filmak ikusi, eta ahal bada, zine aretoan. Horregatik, akaso, ez zuen oso garbi telesail bat egitearena. Lurdes Iglesias donostiar gidoigileak proposatu zien Cristobal Balenciaga jostunaren inguruko telesail bat egitea. Pandemia bukatu ondorengo garaiak ziren, eta zazpi proiektu zituzten mahai gainean. «Batzuetan erabakiak hartzen dituzu pentsatzen duzulako, ziurrenik, ez dela aterako, edo denborak asko luzatuko dela uste duzulako». Baina kontrakoa gertatu zen, nazioarteko konpainiak Cristobal Balenciaga eta Moriarti izenak batera ikusi zituenean 'match' egin zuen berehala.

Dokumentazio  prozesua abiatu zuten berehala.  «Asko interesatzen zitzaigun modak duen plastizidadea, eta hori kamerarekin erakusteko erronka gustatzen zitzaigun» azaldu du Ordizin sortutako zuzendariak.   «Guri interesgarria egin zitzaigun Balenciagaren inguruan bazegoen misterioa, eta horren inguruan hausnartzea. Guk egiten ditugun istorioetan islatuta sentitu behar gara, eta hasi aurretik,  hainbat galdera egiten dizkiogu gure buruari: Zer du berezi pertsonaia honek? Zer kontatu dezakegu bere inguruan sekula kontatu ez dena? Zer kontatzen du pertsona honek guri buruz?».

Galdera horiei erantzuna emanez, eta bildutako dokumentazio andanarekin, Moriartiarrek eta Lurdes Iglesiasek ondorioztatu zuten Cristóbal Balenciagak bazuela kontrolarekiko obsesio moduko bat. «Guk ondorio hori atera genuen, baina, noski,  badago fabulazio puntu bat. Guri  sortze-kontrol hori asko interesatzen zitzaigun. Guk ere sortu egiten dugulako, eta identifikatuak sentitu ginen».

Lan egiterako orduan, zine  itsasgarri izan da  ‘Phantom Thread’ (Paul Thomas Anderson, 2017), eta getariarraren ondarea ezagutzeko oinarrizkoak izan dira 'Master of Us All: Balenciaga,' eta 'Balenciaga mi jefe' liburuak: «Esaten da Balenciagari sabelandiak emakumeak janztea gustatzen zitzaiola. Arroparen bidez, egiten zuen kirurgia estetikoa Cristobalek. Bolumenekin jolasten zuen, gerria modu batera edo bestera jarri...lortzen zuen pertsona bakoitzaren inperfekzioak desagertzea».  Horretarako  Javi Martin Galánen laguntza izan dute, Balenciagaren patroigintzan  aditua. Baina, 'Cristóbal Balenciaga' biopicaren emaitzan berebiziko garrantzia dute Pepo Ruiz Dorado eta Bina Daigelerrek: «Beraiekin erabakitzen genuen bilduma bakoitzeko zein jantzi atera zitekeen telesailean. Pentsa, bilduma bakoitzean 200 jantzi zeuden», eta noski, telesailean ezin zituzten denak erakutsi.

 

Jaurlaritza Logoa