Zuzenean
Hiru dira aste honetako gomendioak. Pozik gaude bueltan delako Sofia Coppola zine zuzendaria, eta noski, emakume bat izago da protagonista. 'Priscila'. Bestetik, plataformara iritsi dira bi film eder. Victor Iriarte Nafarraren 'Sobre todo de noche', eta iaz Feroz eta Goya sariak jaso zituen Labordeta gizon polifazetikoaren dokumentala.
Priscila, Sofia Coppola
Bueltan da Sofia Coppola, eta hari esker Rockaren Erregea beste ikuspuntu batetik ezagutuko dugu. Priscila izeneko emakumea da filmeko protagonista. 14 urte zituela izan zuen Priscilak lehendabiziko zita Elvis Presleyekin, azken honek 24 urte zituen. Horrela, filmean ardatza jartzen da neska gaztean, eta ezagutuko ditugu gelakideekin ituen harremanak, gurasokoekin izandako tirabirak, eta noski, Elvis Presleyekin duen harremanean sakonduko du.
'Priscila' Veneziako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zen. Filma ez zen esku hutsik itzuli, Priscilla Presley haragitzen duen Cailee Spaeny aktoreak antzezpen onenaren Volpi Copa Saria lortu baitzuen. Gerora, mundu mailako akademia ezberdinetan izendapen ugari izan ditu aktore honek. Elvisen papera euskal jatorria duen Jacob Elordik egiten du, eta egia esan ez da bere antzezpen onena.
Beti erakutsi du abilezia handia Sofia Coppolak emakumeak erretratatzen. Lan ederra egin du Priscillarekin ere. Emakume honen geruza ezberdinak erakutsiko dizkigu Coppolak, eta ahalduntze prozesu baten testigu izanen da ikuslea. Eta orain, aitorpen bat: gehiago gustatzen zait film honen planteamendua, bukaerako emaitza baino.
Streaming plataformetan zer ikusi?
Sobre todo de noche, Filmin
Ez da erraza film honen inguruko sinopsi bat egitea. Filmaren oinarrian Trantsizio garaian lapurtutako haurren kasua daukagu, eta horren ondorioz bi emakumeren bizitzek topo egingo dute. Alde batetik, bere haurraz kargu egin ezin eta adopzioan eman zuen emakumea daukagu. Bestetik, haur hau hezi zuen ama. Orain, urteak pasata, eta haurra nerabe bihurtu den garaian, benetako ama bere semearekin kontaktuan jarriko da.
Hau izango litzateke pelikularen oinarria, baina Iriarteren filma ez da horretara mugatzen. Kritika sozial hau neonoir eta banku lapurreta azpigeneroan kokatu baitu zinemagile nafarrak. Era berean, zinema independentearen narrazio modu berrietatik asko edaten duen pelikula bat da.
Filma Veneziako Zinemaldiko Días de Autor Sailean estreinatu eta Valladolideko Zinemaldiko Sail Ofizialean izan genuen. Pelikulak kritikaren FIPRESCI saria irabazi zuen. Era berean, Feroz Sariek Arrebato de Ficción saria eman zioten Iriarteri zuzendariari. Goya sarietan, ordea, ez zuen izan merezi zuen izendapenik.
Filma, Filmin plataforman dago ikusgai.
LABORDETA, Movistar +
José Antonio Labordetaren inguruko dokumentala ikusgai jarri dute Movistar+ plataforman. 2010ean zendu zen Labordeta, eta dokumental honek bere bizipenak eta memoria kontatzeko helburua dauka.
Itzal handiko gizona izan zen José Antonio Labordeta. 10 poesia liburu idatzi zituen, 8 eleberritan lan egin zuen eta ia 20 musika disko konposatu zituen. Bere abestietako bat Aragoiko erreserki moduan proposatua izan da bi alditan. Horretaz gain, 2000tik 2008ra, Chunta Aragonesista izeneko alderdi politikoko diputatua izan zen Madrileko kongresuan.
Dokumentalak Labordeta figura honen inguruko erretratu bat egiten du ikus-entzunezko pieza, testu eta musikaren bitartez. José Antonioren alaba Paula Labordeta eta Gaizka Urresti zinemagile bilbotarrak zuzendu dute filmak, eta pasa den urtean dokumental onenaren Goya eta Feroz sariak irabazi zituen.