Zuzenean
Ez da zerbait berria bideojokoak pantaila handira zein txikira eramatearena. 90. hamarkadara egin behar dugu atzera ’Mortal Kombat’ edota ‘Street Fighter’ filmak gogoratzeko. Teknologia hobekuntza nabarmenekin iritsi ziren urte batzuk beranduago 'Lara Croft: Tomb Raider’ (2001) edo ‘Resident Evil’ (2002), eta orain, panorama izugarri aberatsa da.
Telesailen industriak gora egin baitu izugarri eta bideojokoen industriak ez du aukera galdu. Azken hamar urtetan bideojoko asko eraman dira pantaila txikira, (baita aldrebes ere, jakin ‘Peaky Blenders’ eta ‘Narco’ telesailek badutela bideojokoa). Azken arrakasta HBO plataformako 'The Last Of Us' telesaila izanda da. NAIZ irratiko Bideokluba saioan olatura igo gara, eta pantaila txikira egokitutako bideojokoak hartu ditugu hizpide ‘Game Erauntsia¸-ko Lander Unzueta, Damian Madinabeitia eta Haritz Odriozolarekin.
The Last of Us
Noski ez dela kasualitatea. Ikusle errekor denak hautsi dituen ‘The Last of Us’ telesailaren bideojoko homonimoak jokoaren azken garapena kaleratu du martxoa hondarrean. Beraz, bai, merkatua izugarri zabaldu du Play Stationek HBOko telesailarekin.
Bikaina da bideo-jokotik telesailera egindako adaptazioa. Fidela izan da eta aldi berean gauza berriak gehitu dituzte. Craig Mazinek eta Neil Druckmannek HBOrentzat sortutako telesailak giro apokaliptiko batetara eramaten gaitu. 2003. urtean mikosi infekzio masibo batek pandemia globala eragin zuen munduan, eta horri aurre egiteko salbazioa Elliek du (bella Ramsey). Nerabea eskoltatzeaz arduratzen den kontrabandista da Joel (Pedro Pascal). «Bideojokoan maiz dauden akziozko eszenak, tiroketak, alde batera utzi dira telesailean, edo beste modu batean garatu dira, baina emaitza bikaina da» aitortu du Lander Unzuetak. Errito oso ona duen telesaila dela diote, eta Pascal eta Ramseyen lanak nabarmendu dituzte. Bideojokoan akaso garrantzia gehiago dute zonbiek, baina telesailean Ellie eta Joelen arteko harremana da garrantzitsuena.
Bideojokoa edo telesaila intentsogoa zein den galdetuta ez dute dudari egin: bideojokoa. Zergatik? Ba bideojokoan «zuk zeuk hartzen dituzulako erabakiak», eta jakin, badagoela jendea «goizetan aritzen dena bideojokoetan eta ez gauetan, beldurrezkoa bada». Bideojokoen garapenaren hastapenetan telesail eta zinemagintzan zegoen gidogile ugarik salto aldatu egin zuten sektorez. «Argi eta garbi gidoi on bat duen bideojokoa da ‘The Last Of Us’» diote, gainera, denbora iruapen aldetik ere antzekoak dira, bideojokoak 15-20 orduko bizitza du, ia ia telesailak bezala.
Arcane-League of Legends
Munduan jokalari gehien dituen bideojokoa da. Multiplayerrean 5 pertsonako bi talde aritu daitezke momentu berean. 130 pertsonaia ditu bideojokoak, bakoitzak bere ibilbidea du eta haien artean harremanduak daude. Pertsonaia horietatik bi aukeratu dituzte telesailerako. Hamar ataleko denboraldia Netflix plataforman dago ikusgai, baina amaiera irekia utzi dutenez laster etorriko da hurrengo denboraldia.
«Artistikoki itzelak dira marrazkiak, oso kalitate handia dute, Studio Ghibliren parekoak». Riot Games garatzailea dago atzetik, eta diru asko dauka eta hori nabaritu egiten da emaitzan. Baina kasu, telesailean garatutako istorioa ez duzue bideojokoan topatuko. Telesaila zerbait independentea da, bideojokoko bi pertsonaien spinoffa.
Cyberpunk: Edgerunners
Netflix plataforman topatuko duzuen ‘Cyberpunk: Edgerunners’ anime telesaila, Cyberpunk 2077 bideojokoan dago oinarritua. Modu berean, bideojoko hori Mike Pondsmithek sortutako Cyberpunk 2020 rol joko ospetsuaren egokitzapena da.
Distopia futurista batera eramango gaitu telesailak eta kritika soziala oso presente egongo da. Hori guztia 80. hamarkadako kutsuarekin. (Akira filmarekin antzekotasun asko ditu). 2078 urtean gertatzen da bideojokoa, eta seria apur bat lehenago dago kokatuta. Teknologia oso garatuta dagoen garai batean murgilduko gara, megakorporazioek Gobernuak baino botere gehiago izango du, pobreak oso pobreak izango dira, krimena eta azpimundua oso garatua dago, biolentzia handia dago...
Oso transmedia izan den adibide baten aurrean gaude. Bideojokoan, telesailean sortutako pertsonaiak agertu baitira gerora. Gainera, ‘The Last Of Us’ telesailarekin gertatu moduan, Cyberpunk telesaila marketing estrategia baten praktika onaren adibide da. Bideojokoa berpiztea lortu baitzuen telesailak. «Bideojokoa hilda zegoen. Aktualizazio nabarmen bat egin nahi zioten jokoari eta hura promozionatzeko telesaila kaleratu zuten. Asko gustatu zen telesaila, eta gainera aktualizazioarekin asko mejoratu zuen jokoak. Heriotzatik salbatu zuten».
Resident Evil
1996an kaleratu zen ‘Residen Evil’ zonbi bideokojoa eta geroztik hainbat adaptazio izan ditu, 2002an hasi eta 2021era arte 7 film egin dira. Baita izen bereko telesail bat ere, Netflix plataforman dago ikusgai. Milla Jovovich protagonista zuen lehen filmarekin geratuko gara, sagan aurrera joan ahala okerrera egiten baitute filmek Game Erauntsiako kideen ustez. Besteetan ez bezala, lehendabiziko filmean bideojokoko ildo nagusia mantendu egiten da: etxe batean laborategi bat dago martxan, ikerketa sekretuak egiten dituzte eta birus batekin ari dira lanean. Umbrela korporazioa dago ikerketaren atzetik.
Filmean hainbat lizentzia hartu ziren, gehiegi akaso. Besteak beste, super botereak dituzten pertsonaiak daude, eta hurrengo filmetan are, alde handiagoa dago bideojokoaren eta filmaren artean. Gainera, genero aldaketa bat ere ematen da bideo-jokotik filmera. Jatorrizkoa beldurrezkoa da, filmean aldiz, akzioa da nagusi. Filmaren ondorioz edo, akzio gehiago gehitu zen hurrengo Resident Evil bideojokoetara, baina zaleari ez zitzaion aldaketa hori gehiegi gustatu.
Zer dator 2023an?
Urte oparoa izango da 2023koa. Estreinatu da hain desiratua zen 'The Last of Us', baina urteak emango du gehiagorako. Berriki iritsi da zine karteldegira ‘Super Mario Bross’ eta Apple TVra ‘Tetris’; Game Boyek merkaturatu zuen jokoa. Bitxia da baina filmean, gerra hotzaren AEB eta garaiko Sobiertar Errepublika Sozialisten Batasunaren arteko harremanak hartzen du protagonismoa.
Merezi du aipamen bat Amazon Primek ikusgai jarriko duen ‘Fallout’ telesail distopikoa. Izen bereko Xbox Game Studioseko bideojokoan oinarritua dago eta Lisa Joy eta Jonathan Nolan (Christopher Nola zine zuzendariaren anaia) dira proiektuaren buruak.
2023rako ez, beranduago iritsiko da, baina jakin Amazon Prime lanean dabilera ‘God Of War’ bideojokoa pantaila txikira egokitzeko. PlayStation Productionsek, Amazonen enkarguz, Sonyren kontsoletako gudu-zaldietako bat telebista formatura egokituko du, eta ezin da ukatu horretarako arrazoi asko dituela. Zehatzagoak izanik, 5 milioi kopia baino gehiago saldu ‘God of War’ Ragnarök PS4 eta PS5 astebetean.