Zuzenean

‘Habana industrial’, gazte kubatarren «erretratu bat»

Kuban zine dokumentala ikasten ari zela ezagutu zuen Ainhoa Ordoñezek Habanako tekno giroko gau undergrounda. Bertan ezagututako gazteen ahotsak bildu ditu Zinebik Euskal labur onenaren saria jasotako ‘Habana industrial’ filmean. Ziurtasunik gabe, noraezean dabilen belaunaldiaren erretratoa da.

Audio_placeholder

‘Habana industrial’, gazte kubatarren «erretratu bat»

Loading player...
Ordoñezek euskal film labur onenaren saria jaso du 67. Zinebin 'Habana industrial'-i esker
Ordoñezek euskal film labur onenaren saria jaso du 67. Zinebin 'Habana industrial'-i esker (Zinebi)

Kolpeak eta dardara lurrean. Iluna. Gau bat Habanan. Tekno erritmora doan gaua. Baina baita ere zalantzak, kontraesanak eta itxaropen falta. Belaunaldi baten erretratua da ‘Habana industrial’. Ainhoa Ordoñezek sinatu du laburmetraia. Marieta Colomo, Susel Legón eta Martí Albertekin batera Kuba, Bartzelona eta Euskal Herria artean sortutako filma da. Zinebi jaialdiko 67. edizioan euskal film labur onenari saria jaso du. Espero gabeko saria izan da: «lan hau lau pertsonen artean egin dugu, lagunen arteko jolas bat izan da kasik. Zinebiko laburrek kalitatea ikusita, guretzat ikaragarria izan da saria jasotzea».

 Zinebi aurretik Suitzako Kurzfilmtage Winterthur jaialdian aurkeztu zuten laburmetraia. Bakarrik joan behar izan zuen Ordoñezek, soilik pertsona batentzako gastuak ordaintzen baitzitzaizkien. Oso erantzun polita jaso zuen zinemagileak, «galdera asko egin zizkiguten publikotik. Proiekzioa amaitu eta ondoko tabernan ere jarraitu genuen. Oso dibertigarria eta polita izan zen horrela partekatzea publikoarekin». Kubako testuinguruaz ezagutza falta handia dagoela somatu du bertan, hala esan zioten bertaratutakoek. «Nik badakit zer gertatzen ari den Kuban. Irakurtzen dut, lagunek kontatzen didate. Berriki hurakan bat egon da, argindarrarekin arazo handia dute… Niretzat ez da harrigarria, baina hemen jendeak ez daki ezer Kuban gertatzen ari denaz. Horren berri hemen izatea gustatuko litzaidake, oso gogorra baita bertan bizi dutena».

Zinemaldian ere proiektatu zuten, eta Elias Querejeta zine eskolako bost ikasle kubatar gonbidatu zituen haien iritzia jasotzeko asmoz. Uste zuenaren kontrara, haiek ere ezezaguna zen zerbait topatu zuten. «Askok ez zuten tekno eszena ezagutzen. Harrituak zeuden, oso undergrounda zela zioten eta ez zutela sekula halakorik ikusi».

Teknoa Habanan

San Antonio de los Bañosen dagoen Nazioarteko Zinema eta Telebista Eskolan zine dokumentala ikasten egon zen bi urtez Ordoñez. Eskolan igarotzen zituzten aste arteko egun guztiak. Asteburuan, bidaiatzeko ohitura zuten eta askotan joaten ziren Habanara.

Musika elektroniko zalea da Ordoñez eta zaila izan zen Kuban musika hori zuzenean entzuteko tokirik. Asteburu batean Habanara eginkizun zehatz batekin egin zuten ihesaldia: festa elektronikoren bat topatzea. Fábrica de Arte Cubano-n aurkitu zuten bat, baina «oso artifiziala zen, porrota izan zen guretzat». Etxera joan aurreko garagardoa hartzera joan ziren. Bidean lurra dardarka sumatu zuten «ezinezkoa zen, lurreko kolpeak pilo bat nabaritzen ziren, garito txiki bat zegoen ondoan baina eiznezkoa zen. Ia hutsik zegoen». Tabernatxo hartara sartu eta barran zegoen emakumeak beheko solairuan zela azaldu zien. «Eskailerak jaitsi eta atea ireki genuenean bost persona ikusi genituen dantzan argi estroboskopiko batekin. Gau osoa geratu ginen bertan, primeran pasa genuen». Taberna txiki hura ikusten da laburmetraiaren hasieran. Beheko solairura jaisteko esan zien emakumea dago barraren beste aldean. Hasieran porrot zaporea izan zuen gau hura izan zen laburmetraiaren hazia.

Bekarik gabe ikasten ari zen ordea Ordoñez, egoera ez zitzaion jasangarria egiten eta Gasteizera egin behar izan zuen buelta. Apur bat aurreztu eta bere kabuz itzuli zen Habanara. Hiru hilabetez izan zen bertan. Hasieran ikerketa egiten izan zen, bertako jendearekin eta festetan murgiltzen. Marieta Colomo laguna joan zitzaion soinu grabazioarekin laguntzera ostean. Egonaldiaren azken bi asteetan editorearekin materiala ikusi zuten Kuban, bertakoa baita Susel Legón editorea. Faltan zuten edukia grabatu eta etxera itzuli ziren. Martí Albertek soinu postprodukzioa egin zuen Bartzelonatik.

Belaunaldi berrien Kuba

Gazte talde batek ematen dio ahotsa Kubako belaunaldi berri bati laburmetraian. Tekno hau horietan ezagututako gazteak grabatu zituen Ordoñezek. «Festa horietan ez zen jende gehiegirik egoten, beti pertsona berdinak». Hasieran ez zuen besterik egiten, haiekin egoten zen, parranda elkarrekin egiten zuten eta asko hitz egiten zuten. Ostera hasi zen kamera eramaten, «baina jakinda grabatzen ari nintzena ez zela baliozkoa. Ateratzen nuen haiek jakiteko ni kamerarekin egongo nintzela eta gutxika harreman hori eraikitzeko nire posiziotik. Ez zitzaidan interesatzen haiek zuzenean hitz egitea kamerara. Orduan behar nuena zen haiek ohitzea ni bertan egotea, baina kamerarekin nengoenean ikusezin bihurtzea haien begietara». 

Gasteiztarrarentzat erraza izan zen konplizitatea lortzea eta haiek eroso sentitzea. «Kamera eraman arren, denbora gehiena haiekin pasatzen nuen, dantzatzen edo zeozer hartzen. Kamera soilik ateratzen nuen interesatzen zitzaidan zerbait ikusten nuenean. Orduan ulertzen zuten momentu horietan ez nintzela existitzen, bertan nengoen, baina ez nuen parte hartzen. Besterik gabe. Uste dut oreka on bat aurkitu genuela».

‘Habana industrial’ laburrean hainbat gazteren ahots eta hausnarketak entzun ditzakegu, festa elektronikoen hotsak eta dantzan diren gorputzen irudiak nahasten diren bitartean. Postalean agertzen ez den Habana gautiarra erakusten digu filmak. Elkarrizketa horietan zalantzak eta kontraesanak nabarmentzen dira, gai askoren ingurukoak: komunismoaz, herriaz, Kubako ereduaren porrotaz, kapitalismoaren aukeraz eta arriskuez, pobreziaz, anarkismoaz, bizi grinaz, grin faltaz… Espektatiben gainbeheraz. «Bakoitzak gauza ezberdinak pentsatzen ditu, kontraesan pilo bat daude, haien artean eta propioak. Eta uste dut hor badagoela ondo eraiki gabeko diskurtso bat. Haien zalantzei, beldurrei, kezkei buruz hitz egiten dute. Apur bat galduta sentitzen dira, ez dakite zer sinistu, haien sinesmenak zeintzuk diren edo non eta nola kokatu. Asko hitz egiten da adibidez erlijioaz, estatuari buruz, baita teoria konspiranoikoen inguruan eta historiaz. Denbora osoan zehar ari dira dena zalantzan jartzen». Gazte kubatarren esanak dira, baina munduko edozein gazteren kezkak hitz antzekoz janzten dira. Hasierako asmoa Kubako tekno musikari buruzko dokumentala izan arren, laburmetraia «belaunaldi honen erretratua» dela deritzo zuzendariak.

Jaurlaritza Logoa