Zuzenean

Lander Unzueta

Plataformen gerra: non eta nola jokatzen dugu bideojokoetara?


Udako aurkezpenetan ikusitako titulurik interesgarrienak errepasatu ditugu
denboraldiko azken saioan; gainera, euskarazko bost joko berri gehitu dira
gure zerrendara.

Audio_placeholder

Plataformen gerra: non eta nola jokatzen dugu bideojokoetara?

Loading player...

Kontsolak, ordenagailuak zein gailu mugikorrak, formatu fisikoa, digitala ala hodeia… zeintzuk dira bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak? Edozein bideojokozalek lagun artean nahiz interneteko foroetan eta taldeetan inoiz izan duen eztabaida da plataformen gerrarena. ‘Game Erauntsian’ ere hainbatetan hitz egin dugu honi buruz, baina irratsaioaren denboraldia ixteko gai hau serio hartu nahi izan dugu.

Esatariok gehienbat PC-ko arraza nagusikoak garenez —txantxetan diogu!—, kontsolen alderdi onei buruz hitz egiteko norbait behar genuen. Horretara etorri da gure komunitatean ada oso ezaguna den Txus Ordorika software ingeniaria. Guztion artean plataforma bakoitzaren abantailak eta desabantailak errepasatu, industriak zein gailuak azken hamarkadetan nola aldatu diren hausnartu, irudien kalitateari eta jokoen errendimenduari buruz elkarri adarra jo, eta, laburbilduz, non jokatzen dugun azaltzeaz gain, zergatik egiten dugun eztabaidatzen ibili gara.

Mahai inguruarekin bukatu badugu ere, azken saio honetan bestelako gai interesgarriak ere izan ditugu hizpide. Aurreko ataletan esan bezala, udako aurkezpen handien garaia izan da ekaina: Xbox, Bethesda, PlayStation, Capcom, Devolver Digital, Square Enix eta beste hainbatek euren bideojokoak ezagutzera emateari ekin diote.

Nola ez, bertan ikusitakoak errepasatzeari ekin diogu, titulu benetan interesgarriak aurkeztu baitituzte. The Last of Us, Starfield, Hollow Knight, Resident Evil, Dragon’s Dogma, Final Fantasy, Forza, Diablo… frankizia ezagunak eta garrantzitsuak bildu ditugu Game Erauntsian.

Bukatzeko, gehien gustatzen zaigunari buruz hitz egiten ere ibili gara: euskarazko bideojokoei buruz! Pozik esan dezakegu denboraldia amaitzeko gure hizkuntzan argitaratutako zein lokalizatutako zenbait obra ekarri ditugula. Ez bat, ez bi, ez hiru, ez lau… euskarazko bost joko iritsi zaizkigu.

Aragami 2 —hau guk itzulitakoa da!—, Amaiera Tragikoen Antzokia, Arruyo, Han’yo eta Adur - Azken Erronka dira hauek. Genero zein plataforma guztietako tituluak, beraz. A zer nolako urtea!

Jaurlaritza Logoa