Zuzenean
Jon Martija irrati gizona izandakoa zela jakina zen, ez ordea 'The Window, Ventana' taldearen frontmana. Tolosan, 90. hamarkadan sortua, 8 urtez aritu ziren kontzertuak, han eta hemen, eskaintzen. Garaian bogan zegoen rockaren olatura baina ez ziren igo, bestelakoa zen egiten zuten musika.
Nazioarteko bira bat egitera iritsi zen taldea eta Suitzan hainbat kontzertu eman zituzten. Hogeita hamar urte beranduago, tour horretako irudi zaharrak berreskuratu eta omenaldi kutsua duen film laburra egin du Jon Martijak.
Dock Of the Bay jaialdian hautatua izan da filma, laburren sail ofizialean. Datorren maiatzaren 2an ikusteko aukera izango da. Arratsalde berean, beste euskal lan batzuk ikusteko aukera izanen da ere, besteak beste, Peru Galbeteren ‘Bide bazterrean hi eta ni kantari’ eta Arrigurik zuzendutako 'Esna Kanta'; izen bera duen Eñaut Elorrietaren kantuaren sortze prozesua kontatzen da.