Zuzenean

Amaia Zurutuza / Sara Iriarte

«Kapitala vs. Bizitza dikotomia agerian jartzea inoiz baino beharrezkoagoa da»

Pasa den astean Krisiaren aurkako Adinduen plataformak manifestazioa egin zuen Iruñean bankuko oinarrizko zerbitzuen sarbidea erraztu zezatela aldarrikatzeko. Honen inguruan hitz egiten aritu da Puri Etxeberria, plataformako kidea NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Kapitala vs. Bizitza dikotomia agerian jartzea inoiz baino beharrezkoagoa da»

Loading player...
Adinekoak Bankuen Aurrean plataformak manifestazioa egin zuen pasa den ostiralean bankuen zerbitzu murrizketak salatzeko.
Adinekoak Bankuen Aurrean plataformak manifestazioa egin zuen pasa den ostiralean bankuen zerbitzu murrizketak salatzeko. (Iñigo URIZ | FOKU)

Problema txiki handiei egin diegu tartea NAIZ Irratian, ikusi arte edo egoera horretan izan arte askotan ez baitugu jakiten zer-nolako arazoa suposa dezakeen makinen maneiuaren ezagutza gutxi izan, baina halabeharrez, horiek erabiltzeko betebeharrean izateak.

Krisiaren aurkako Adinduen plataformak pasa den astean Iruñean egin zuen manifestazioak 'Adinekoak bankuen aurrez aurre' izan zuen leloa, ez baitaude prest euren esfortzu guztiarekin lortutako dirua kudeatu ezinik geratzea baliabideen ezagutza ezagatik. Plataformako kideak kexu azaldu dira beraz, bankuko gestioak egiterakoan ez direlako behar bezala moldatzen, eta gero eta urrunago sentitzen dute mundu finantzarioa. Puri Etxeberriak adierazi duenez, «oinarrizko zerbitzuen ordainketa ez dute beren bulegoetan eskudirutan onartzen; langilerik gabeko banketxeek kutxazain automatikoetara bideratzen gaituzte, txartelen bidez kobrantzak eta ordainketak egitera, eta hori ere ez dago denen eskura».

Puri Etxeberriak azaldu duenez, indarrean geratu diren sukurtsaletan fisikoki sartzea zaildu egin da erabat, baina hori ez da sortzen ari den arazo bakarra. «Nafarroako herri askotan Internet estalduran defizita dute, eta esango nuke, hirigune batzuetan ere pairatzen dutela arazo hori».

Adinekoak bazterketa finantzarioa ari dira jasaten plataformako kideen aburuz, eta horrek herritar ahulenen prekarietatea handitu eta larriagotzen du. Plataformako kideak adierazi duenez, «zuk ez badituzu tresna batzuk eskura, digitalizazioa esan dezagun, kostu horiei aurre egiteko baliabiderik ez eta finantza tresna berrietarako trebetasun digital nahikorik ezean, bazterketa sumatzen da; sumatzen zara sistematik kanpo. Bestalde, hiritar, hau da, familia, enpresa, enpresaburu txiki edota autonomoak, guztien bizitza pertsonalerako edo enpresa mundurako beharrezkoak diren banku eta finantza zerbitzuetatik kolektibo hauek kanporatzea ekarri du». Plataformako kideek bankuek irabazietan soilik oinarritutako jokabide zurruna hartu dutela ikusten dute, eta horrek zuzen eragiten dietela herritarrei, adinduei nagusiki.

Egoera zein den argi ikusi eta zer behar den zehaztu behar dela dio Etxeberriak.  Azpimarratu duenez, «dirua, edota kapitala vs. Bizitza dikotomia agerian jartzea inoiz baino beharrezkoagoa da». 

Gobernutik eta Bankuetatik soluzioak emango dituztela esan dute, baina ekintzak oraindik ez dituzte sumatu beraien aldetik. Arduradunak hitzetatik ekintzetara pasatzea nahi dute.

Bestalde, plataformak Gobernuari eta bankuei egiten dizkion eskaera argiak aipatu ditu, adineko pertsonen alde ez ezik, gizartearen alde ere egiten dutelako. «Alde batetik, Espainiako eta Nafarroako Gobernuek legedi egoki baten bidez, erakunde pribatu eta publiko guztiak behartu behar dituztela adinekoen sarbidea laguntzera; eta eragotzi bankuaren eta administrazioaren digitalizazio prozesuak inor atzean uztea. Bigarren, legedi horrek herritar antolatuak, sektore sozial, etiko, alternatibo eta demokratikoa eraikitzea sustatu eta babestu beharko lukeela. Esaten diegu baita ere, ekimen publikoa ezinbestekoa dela, pertsona, familia, profesional, enpresaburu txiki eta autonomoentzako zerbitzuetarako bankuak berreskuratzea. Estatuan eta Nafarroan banku publiko bat berreraikitzeko plan integratua berehala sortzea, lurralde osora iritsiko diren egoitzekin, eta formula herritarren zerbitzura egongo direnak. Azkenik, guzti hori gauzatzeko, fiskalitate justu bat ezar dezatela, pobreziari aurre egiteko, hau da, gehien dutenek gehiago ordaintzeko neurri zorrotz eta egokia».

Jaurlaritza Logoa