Zuzenean

Aimar Sorazu
Elkarrizketa
Iker Vicente
Aizkolaria

«Galtzeko ezer ez izate hori ederra izaten da baina une honetan, oraingo eskarmentua hobea»

Larunbat honetan, Iker Vicente eta Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’ aurrez aurre izango dira Tolosako zezen plazan, 18.00etatik aurrera. Ez da txapelik jokoan egongo, baizik eta 14.000 euroko apostua. Bi aizkolariek 14 kanaerdiko eta 60 ontzako zortzi enbor moztu beharko dituzte.

Audio_placeholder

«Galtzeko ezer ez izate hori ederra izaten da baina une honetan, oraingo eskarmentua hobea»

Loading player...
Iker Vicente, aizkorako Euskal Herriko txapelketan, Iruñean.
Iker Vicente, aizkorako Euskal Herriko txapelketan, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Urtarrilean itxi zuten apostua Iker Vicente eta Julen Alberdi aizkolariek: 14.000 euro jokoan, 14 kanaerdiko eta 60 ontzako zortzi enbor mozten azkarrena nor izango. Bihar, larunbata, da hitzordu handia, 18.00etatik aurrera Tolosako zezen plazan. Otsagabiako aizkolariarentzat hirugarren apostua izango da eta eskarmentu apur batekin egingo dio aurre; azkoitiarrarentzat estreinakoa izango da. Vicente NAIZ Irratiko mikrofonoetatik pasa da, bere sentsazioak azaleratzeko. Hasiberriaren inozentzia atzean utzita, presio apur bat sentitzen du baina uste du eskarmentua alde izango duela. Lau hilabetez «obsesio modukoa» izan dena plazaratzeko aukera izango du.

Larunbat honetan izango da egun handia, zein gorputzaldirekin iristen zara hitzordura?

Nahiko gustora, eguna iristeko gogoarekin nago, entrenamenduetan oso gustora ibili naiz. Entrenamendu eta prestakuntza guztian zehar dena planifikatu bezala atera zait. Inongo minik gabe nago, inongo aitzakiarik gabe eta gogo handirik.

Aurkezpen ekitaldia izan zenuten asteazken goizean. Nola igaroko dituzu larunbaterako egun hauek?

Uste nuen nerbiosoago jarriko nintzela, presio handia izaten delako. Nerbio handiak izaten ditut nik eta azken egun hauetan beti egoten dira. Aurkezpenean plaza ikusita, aurkaria ikusita, nahiko lasai sentitu naiz. Lasai nago momentuz. Azken egun hauetan saiatuko naiz ahal den gehiena deskonektatzen eta ea gustora iristen naizen.

Urtarrilean itxi zenuten tratua. Luzea egin al zaizu denbora tarte hau?

Luze egiten da, bai. Mentalizatu nintzen oso luzea zela prestakuntza baina eguneko 24 ordu horretara bideratuta egoten gara apostuak dauzkagunean, eta lau hilabetez gauza berdinean pentsatzen egotea denbora asko da. Egon dira obsesio momentuak. Azkenaldian lasaiago nago eta ea eguna iristen den.

Emozio gorabehera horiek kudeatzen lanak, ezta?

Bai, beti. Hau ez da txapelketa bat bezala. Hau gauza ezberdina da, hemen irabazi edo galdu dago, besterik ez da existitzen. Lan on bat eginda ere, galduz gero galdu egiten duzu eta txapelketa batean ba hirugarren postua lortuta, jendeak txalo egiten dizu. Baina presio hau kudeatzen jakin egin behar da; ez da erraza.

Zure hirugarren apostu handia da. Alberdirena, berriz, lehendabizikoa. Nola oroitzen duzu zure lehendabiziko apostu hura?

Lehendabiziko apostuan nerbio gehiago pasa nituen. Alde batetik, ezjakintasun hori neukalako, apostuen mundua nolakoa zen. Zalantzak sortzen zaizkizu, une askotan ez dakizu nola aterako zaizun, baina beste alde batetik, aizkolari bezala galtzeko gutxiago neukan edo behintzat, inozenteago nintzen, hainbesteko presioa ez nuen sentitzen.

Txikia IV.aren lehendabiziko apostua dela jakinda, zuk uste duzu baldintza dezakeela egunean izan ditzakeen sentsazioetan?

Nik bizi izan dut hori bi aldiz, horrek bere abantaila puntua badauka. Badakit gutxi gorabehera nola izaten den aurreko momentua, beroketa momentuak tentsio uneak izaten dira. Ni, alde horretatik, une horiek bizita nago. Hala ere, egia esan, bera nahiko lasai ikusi dut eta berak adierazpenetan ere hori esan izan du.

Lehen aldian inozenteago zinela esan duzu, orain eskarmentu gehiago daukazu. Bi aldeak ezagutu dituzu. Zer da hobeto?

Askotan galtzeko ezer ez izate hori ederra izaten da. Nire lehendabiziko finaletan, nik gainera oso gazte egin nuen goraka, ez nuen momentuan apreziatzen zenbateko garrantzia zeukaten final horiek edo zenbateko gorakada egin nuen. Ni aizkoran ibiltzen nintzen eta goraka egin nuen, finaletara joaten nintzen deus galtzeko gabe. Askotan pasatzen zitzaidan plazan ateratzen zitzaidala etxean baino gehiago era orain, plazan etxean egiten dena ateratzea kosta egiten da. Presioak bere eragina dauka eta beste alde batetik, esperientzia puntu hori daukat, oso lagungarria izaten da. Egindako akatsak normalean ez ditudalako egingo, ikasi dudalako horietatik. Balantzan, orain momentuan, lasai egotea lortuz gero, oraingo eskarmentua hobea.

Lanari begiratuta, 14 kanaerdiko eta 60 ontzako 8 enbor moztu beharko dituzue. Lehenik ere Arria V.enaren aurka antzeko apostua irabazi zenuen, ezta?

Bai, antzekoa izan zen Arriaren aurkakoa. Orduan 14 kanaerdiko beharrean 12 izan ziren. Lanari neurria nahiko hartua diodala esango nuke. Lan oso serioa da, ongi prestatu beharrekoa. Buruz moztu beharreko lana da, ezin da ero moduan hasi.

Lanaren bi zati hauetan, zure ustez non egon daiteke gakoa? Non atera daiteke indar gehien edo non egon daitezke ahulguneak?

Ba nik uste dut kasu honetan daukadan aurkariarekin ez dela erraza asmatzen. Aizkolari oso konpletoa da, fisikoki kriston kolpea dauka. Erresistentzia aldetik duela urte batzuk ikusten zen lan luzeetan gehiago kostatzen zitzaizkiola baina orain oso erresistentea da. Teknikoki ere oso ona da. Apostuan bertan aterako dira gako txikiak, detaile txikiak izango dira apostua markatuko dutenak. Momentuan egon beharko da erne eta aukerak aprobetxatzen jakin.

Probaren iraupenari begira, etxean entrenatzen ere aritu zara eta zenbat denborako lana aurreikusten duzu?

Gure kirolean egurrak asko baldintzatzen du, plazara eramaten den egur klasearen arabera sekulakoa aldea dago. Bi aldeetatik egur klase ona eramanez gero, 50 minutu inguruko proba izango litzateke. Bi aldeetatik egur gogorrak egokituz gero, ba proba ikaragarri luzatu daiteke. Klase guztietako egurrekin aritu naiz eta ea ze egur mota plazaratzen diren eta horren arabera jakingo da.

Txapelketetan ez bezala, marka egiteak ez du hainbesterako garrantzirik, ezta? Apostua irabazi eta kitto.

Bai, niretzat behintzat markak igual dit. Oraintxe sinatuko nuke marka txar bat egin eta apostua irabazi. Irabaztea da denen helburua. Egurrak onak baldin badira eta marka ona egin badaiteke, ba hori ere betiko geratzen da eta hori ere polita izaten da.

Jaurlaritza Logoa